astekaria 2016/11/25
arrowItzuli

kirola

JOKIN ALTUNA

«Dena oso azkar doa; espero baino azkarrago»

Imanol Magro Eizmendi

«Dena oso azkar doa; espero baino azkarrago»

Hedabideen deiak etengabe jasotzen ibili, eta mundu guztiak lau t'erdiko finala gogoratzen dion arren, Jokin Altunak (Amezketa, Gipuzkoa, 1996) ez du aldarte ona galdu. Amezketan ez dago beste gairik, Jokin Altuna eta finala, finala eta Jokin Altuna.

Amezketan ikusmin harrigarria dago igandeko finalarekin.

Urte dezente ez dela finalistarik egon herrian, Joxean Tolosaren garaietatik. Ekaitz Saralegi aritu zen bitan finalerdietan, eta, behin, Olaizola II.a asko estutu zuen, baina pena hori gelditu zen, ez zela finalerako sailkatu. Olaizola II.aren aurka jokatu aurretik nabaritu nuen herrian ilusio handia zegoela, eta orain handiagoa.

Ia 200 bat pertsona joatekoak dira Gasteizera, eta Amezketak 968 biztanle ditu. Populazioaren %20 da hori!

Bai, dezente dira, bai. Lagun bati 125 sarrera eman zizkion Aspek, eta, gero, Internetez aritu da jendea. 150tik gora joango dira.

Lapurretan etortzeko egun ona.

Egun perfektua.

Kalean lasai ibil zaitezke?

Bai. Hain gutxi gara herrian, denak dira gertuko jendea. Egia da azken egunetan beti kontu bera irteten dela hitz egitean, eta pozgarria da. Batzuetan, pixka bat deskonektatzea ondo legoke, baina ulergarria da, eta jakin behar da eramaten.

Sailkatu osteko astelehenean, herriko eskolako —han dabil praktiketan— umeak zu noiz iritsiko irrikan zeuden.

09:30ean sartzen naiz, baina entrenamendua nuenez 11:30ean iritsi nintzen... Eta, bai, eromen pixka bat bazegoen. Polita da.

Hedabideak, sarrerak... Harritu al zaitu final batek dakarrenak?

Bai. Finalerdia irabaztean finala nuen buruan, dutxatzean-eta. Bi aste barru, finala. Baina astelehena iritsi, enpresako komunikazio arduraduna etortzen da, eta «hau, hau eta hau» esaten dizu. Elkarrizketak, mugikorrari adi... Onena ahalik eta goizena ohitzea da, eta askotan errepika dadila.

Altuna da txapelketako ezustea. Baita Altunarentzat ere?

Bai, baita niretzat ere. Nire faboritoak Urrutikoetxea, Bengoetxea eta Olaizola II.a ziren. Ezkurdia arriskutsua iruditzen zitzaidan. Lehen partidetan ez nuen ondo ikusi neure burua. Fisikoki, pixka bat nekatuta nengoen, eta mentalki ere bai, tantoak bukatzean ideiak garbi izan gabe. Hainbeste partida jokatu ondoren, pixka bat erreta iritsi nintzen. Partida txar bat egiten duzunean, finala ez zaizu burura etortzen, baina ligaxkak ematen dizu aukera gaizki hasitako hori zuzentzeko.

Urrutikoetxearen aurka galdu ondoren esan balizute...

Ezin sinetsi. Urruti kanpoan eta ni finalean. 22-7, eta sekulako egurra eman zidan. Kirola horrelakoa da, eta txapelketa bukatu arte ez dakizu zer pasatuko den.

Olaizola II.aren aurkako finalerdietako partida ikusi al duzu?

Zati dezente bai, bideoan. Partida ona egin nuela uste dut. Ia tanto guztietan agindu nuen, baina, hala ere, izan nuen estualdia. Tanto bat txapara, 15-11... Olaizola ez dabil hain ondo, baina, hala ere, gainean duzu. Ezin diozu oparirik egin, horrelako pilotarien aurka hutsek kezka berezia sortzen dute.

Bengoetxea, orain, sasoi bikainean dago.

Hala da bai. Txapelketa guztian, hasieratik. Erregularrena izan da, beti eman du %80a gutxienez. Urrutiren aurka ere partida handia egin zuen. Erritmo ikaragarria jartzen du. Pasa izan da aurkariak erritmo horri hobeto eutsiko diola pentsatu, eta Oinatzek haiek erretzea.

Zure idoloa Irujo da, baina agian antz handiagoa duzu Bengoetxearekin: teknikoak, biziak, ez bereziki garaiak...

Baliteke. Nik argi dut Oinatzek txapel asko ez izatearen arrazoi bakarrak Irujo eta Olaizola II.a direla. Bi horiengandik Oinatzera koska bat egon da, baina Oinatzengandik hurrengora koska are handiagoa dago. Meritu ikaragarria du, horrelako bi pilotariren aurka urtero-urtero borrokatzeagatik. Pilotari totala da.

Zu eta Bengoetxea, zaleentzat, herriko plazako pilotaren eredua zarete; trebeziarena, alegia.

Oinatzek eta biok beste arma batzuk dauzkagu. Gaur egun kanpoko pertsona batzuk pilotariak sailkatu egiten dituzte, teknikoki ona denak ez du ahal fisikorik, edo indartsua dena ez da trebea. Oinatzek urte asko egin ditu goian, eta, horretarako, teknikoki ona izateaz gain, ahal fisiko handia behar duzu.

Bengoetxearen indarra teknikatik dator, sotamanoa erabiltzen du erritmoa sartzeko.

Hori da! Pilota bizi dabil beti.

Ogetan topo egin duzue. Zeri buruz hitz egin duzue?

Pozten dela ni finalean sartu izanaz. Harreman ona dugu. Ni ere poztu naiz berarengatik. Udan ez du aukera askorik eduki; nire ustez, dagokion lekuan baino pixka bat beheraxeago kokatu dute enpresan. Banekien lau t'erdian labana hortz tartean hartuta irtengo zela, eta erakutsi du pilotari ikaragarria dela. Jendeak asko hitz egin du Oinatzi buruz, baina erakutsi du pilotari handia dela.

Asko pentsatzen duzu finalean?

Deskonektatzea posible da, baina zerbait handia etorri behar duelako sentsazioa dut.

Urte eta erdi debutatu zenuela. Uda ona, lehen finala... Ez al doa dena bizkorregi?

Bai, azkar doa. Niretzat, oso azkar joan da, espero baino azkarrago. Dena den, orain, 20 urterekin, goian egoteak ez du ziurtatzen urte batzuk barru hor egoterik. Hobetu egin behar dut oraindik.

Etxekoek zer diote? Orain, puzteko arriskua dago.

Aholkuak beti jasotzen dituzu, baina garrantzitsuena norberaren burua da. Orain ez dugu inolako arrazoirik beste inor baino gehiago sentitzeko. Ni gauza batean izango naiz ona, beste bat beste zerbaitetan izango da ona. Gainera, badakit hau noizbait bukatuko dela. Pilota bukatzen denean, zergatik izan behar duzu harroa? Arrazoirik ez duzu eta.

Nola bizi izan dituzu zure inguruko aurreikuspenak?

Gaztetan, nabarmentzen nintzen, zaharragoen aurka eta. Baina, gero, telebistako partidak ikusi, profesionalenak, eta zeure buruari galdetzen diozu ea horien mailara iritsiko al zaren. Urrutirekin komentatu nuen, lehen partida bat ikusten: «Guk horrela jokatzen al dugu? Abiadura horretan... Orain, irten, eta guk hobeto jokatuko al dugu?».

Zuregandik espero zen maila hori presioa izan al da?

Debutatuko nuela jakinarazi ondoren, bi hilabetez jarraitu nuen afizionatuetan, eta orduan sentitu nuen presio pixka bat. Jokatu nuen partidaren bat, Miguel Soroa torneoan edo, eta kontrarioak ondo ari zitzaizkigun irabazten. Arreba ari zen ikusten, eta hark esanda dakit «ea honek debutatu behar duen» eta antzekoak entzun zituela. Une horiek ez dira errazak izaten. Kantxara irten, eta kontrarioek zure aurka beren onena ematen dute, eta zuk demostratu egin behar duzu.

Irujo ez dago, eta Aspeko beste pilotariek merezi duten errespetuarekin, Irribarria eta zu zarete, nolabait, enpresari eusten ari zaretenak. Erantzukizuna al da?

Dezentetan entzun dut hori, eta nabaritu beharko nuke, baina lasai nago. Gauzak gertatu egiten dira, eta zuk zure bidea egin behar duzu. Irujo ez dago, eta Irujo ez dagoelako ezin diozu zeure buruari exijitu Irujo bat izatea.

BERRIAn argitaratua (2016/11/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA