politika
Luzerako doa
Enekoitz Esnaola
Egokiera erosoan dago EAJ: EAEn, egundoko botere instituzionalarekin, eta PSErekin, lasai; Nafarroan ere, gobernuan dago; eta, Madrilen, PPrekin hitz egiteko prestasun osoarekin, Rajoyk bere beharrik ere izango duelakoan aurrekontuetarako edo gauza jakinetarako. «Katalanek ez dute garbantzu bat ere disparatu eta ehunka ordezkari politiko auzipetu dituzte», zioen igandeko elkarrizketan Joseba Sarrionandiak. EAJk garbantzuak disparatu ez, horiek negoziatu egiten ditu, eta bere erara, ondo; eta saltzen daki. Enplegua eta ekonomia ditu lehentasun berriro. Bere terrenoan da. Eta Madrilekin estatusaz traturik ezin badu egin, egon egingo da, esperoan.
Pultsu soziala ondoen hartzen duen alderdia da, eta gizartearen antzik handiena duena. Gainera, gobernatzeko babesak behar baditu, erraz jartzen ditu besteak bere bueltan: 1987tik, garaiak garai, Jaurlaritzan bazkide izan ditu EE, PSE, EA eta EB, eta Lizarra-Garazin EHrekin itun programatikoa sinatu zuen. EAEn PPrekin ez beste denekin moldatu da gobernatzeko, baina Madrilen harekin ere konpondu izan da.
Unai Urruzuno EH Bilduko kideak esan du Eusko Legebiltzarraren osaera kontuan hartuta «zentralitate politikoa» dagokiela, eta «akordioetarako jokoa» sortuko dela. Ikusteko dago. Duela hilabete pasa, BERRIAn Antton Etxebeste kexu zen ezker abertzaleak «zentralitatea galdu» duelako azkeneko urteetan; «[alor nazionalean eta sozialean] espazioak libre utzi ditu». Funtsean Gipuzkoako instituzioetan, Bilduri ez zioten utzi partida jokatzen hainbat eragilek ?politikoek, patronalek eta mediatikoek?, baina Helena Franco Ogasun diputatu ohiak azpimarra beste alde batean ere jarri berri du: «Gustatuko zitzaidakeen gehiago esperimentatzea, baina errealitatea da ez zegoela indar korrelaziorik horretarako». Oraindik ere ez dago, kasurako Elkarrekin Podemosen eta EH Bilduren artean bide bat urratzeko eta 2019an gehiengo berri batzuk sortzeko aukerak egon badaitezke ere.
EAEn EAJrena da zentroa, eta luzerako doa PSErekin duen aliantza. Gertakari handiak beharko lirateke taula astintzeko edo. Kataluniaren aldebakartasuna, muturreraino? ETArena?
Aurki hasiko da martxan Jaurlaritza berria, aurreko legealdiko programaren tankerako akordioa oinarri hartuta. 2012-2016an enplegua eta ekonomia, bakegintza eta autogobernua izan zituen ardatz Iñigo Urkulluk. Ez zuen askorik aurreratu, aintzat hartu behar den arren kanpoko faktoreak ere bazirela. Baina ardatz batzuetan aurrerabiderako estrategia ausart baten falta zen han nabarmenena. Gobernu itun hau aztertuta, badirudi bide berean abiatu dela EAJ. Eroso.
Gainera, nekez ikusiko da gobernukideen arteko pitzadurarik. Donostia 2016k presoen artelanei ezarritako zentsuran ikusi da: Markel Olano ahaldun nagusiak ere ez du erreparorik izan adierazteko ez dela zentsurarik egon. Izan ere, zergatik ireki arrakala?