astekaria 2015/11/13
arrowItzuli

politika

Memoria osorako batasunik ez

Edurne Begiristain

Memoria osorako batasunik ez

Batzuk ez dira bateratuak izan eta beste batzuek ez dituzte biktima guztiak aintzat hartu. Memoriaren Egunaren ospakizunetan giza eskubide guztien urraketen biktimak oroitzeko alea jarri dute, baina oraindik ez dute lortu oroimen osoa egitea. Izan ere, gatazkak eragindako biktima guztien aitortza egin den bilkura gehienetan ez da egon PPko ordezkaririk, eta ETAren biktimak soilik omendu dituztenetan, EH Bildukoek huts egin dute.

Erabateko batasunik ez da egon Memoriaren Egunean, ezta Eusko Legebiltzarrean egin den ekitaldi nagusian ere. PPk eta UPDk ez dute parte hartu ekitaldi instituzionalean, egunaren xedea «desitxuratu» duela eta biktimak parekatzen dituela iritzita. Haatik, EAJko, EH Bilduko eta PSEko legebiltzarkide guztiak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak —Iñigo Urkullu lehendakaria buru dutela— omenaldian egon dira. Ekitaldia ateak zabalik egin da, eta biktimen aldeko oroitarriaren inguruan bildu dira ordezkari politikoak. Su ontzia piztuta, isilik eta lore zuriekin gogoratu dituzte biktima guztiak.

Legebiltzarreko presidenteak azpimarratu du Memoriaren Eguna biktima guztiak «salbuespenik gabe» oroitzeko dela, eta dei egin die alderdiei ados jar daitezen, memoria egon dadin: «Memoriaren edukiari buruz gutxieneko bat adosteko gai izan behar dugu. Ez da aski bakoitzak bere aldetik gogoratzea». Tejeriaren arabera, alderdi guztiek bat egin behar dute ez zutela gertatu behar «ETAk, beste terrorismo batzuek eta iraganean izandako beste indarkeria mota batzuek» eragindako giza eskubideen urraketak. Eta azpimarratu du ezin direla «kausa politikoak» jarri etikaren eta giza eskubideen errespetuaren gainetik.

Legebiltzarreko omenaldi instituzionala hasi aurretik, Etxerat elkarteak sakabanaketa politikak hildako hamasei senide eta lagunen «oroimen ofiziala» aldarrikatu du. Legebiltzarraren parean deitutako elkarretaratzean dozenaka lagun bildu dira «Noizko dispertsioak eraildako 16 senideen aitortza?» leloa duen pankartaren atzealdean. EH Bilduko legebiltzarkideek ere parte hartu dute bilkuran, eta lore zuriak banatu dizkiete presoen senideei.

Urtzi Errazkin Etxerat-eko bozeramaileak salatu du babes ofiziala duen ekitaldia «ankerra» dela eta «hutsune mingarriak» dituela. Haren ustez, legebiltzarrean egun osoz piztuta egon den su ontziak «iluntasunean» utzi nahi ditu betiko sakabanaketaren ondorioz errepideetan galdutako hamasei bizitza. «Zergatik memoria batzuentzat eta amnesia besteentzat?», galdetu du.

Adostasunik gabe

Memoriaren Eguneko ekitaldien batasunik eza legebiltzarreko omenaldian bertan irudikatu da. PPk iragarria zuen ez zuela parte hartuko ETArenak eta bestelako indarkeriaren biktimak «nahasten» zituen ekitaldietan, eta hala egin du. Alderdiak bere ondoeza irudikatu nahi izan du, eta beste ekitaldi bat antolatu du hiriaren beste aldean. Agustin Ibarrolak eraikitako «terrorismoaren» biktimen oroitarrian egin dute omenaldia EAEko PPkoek.

Alfonso Alonso EAEko PPren presidenteak legebiltzarreko ekitaldia kritikatu du «biktimak eta borreroak» omentzeagatik, eta «Euskadiren memoria desitxuratzea» leporatu dio ganberari. Legebiltzarrean ez ezik, PPk ez du parte hartu Gasteizko Udalak, Arabako Aldundiak eta Batzar Nagusiek antolatutako ekitaldi bateratuan ere. Halaber, ez du sinatu Gasteizko Udalak adostutako testua, «terrorismoaren indarkeriari» aipamen espliziturik egiten ez diolako.

PPk Gasteizen izandako jarrerak, ordea, ez du islarik izan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrietan egindako omenaldi guztietan. Ekitaldi batzuetara joan dira PPkoak, beste batzuetara, ordea, ez. Bilboko Udalak Casilda parkean biktima guztiak aitortzeko antolatu duen lore eskaintzan, esaterako, parte hartu dute, gainerako taldeekin batera.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek egindako omenaldian ez dira egon PPkoak, baina Donostiako Udalak Alderdi Ederren egindakoan, ordea, PPkoak izan dira, baina ez EH Bildukoak. Koalizioko sei zinegotziak ez dira joan ekitaldi instituzionalera, alkateak diskurtso bakarra«inposatzen» duela iritzita, eta bere omenaldi propioa egin diete biktimei.

Ia udalerri guztietan ospatu dute Memoriaren Eguna bilkura isilekin eta lore eskaintzekin, baina gehienetan ez da ekitaldi bateraturik egin. Getxoko udalaren omenaldian, esaterako, PPko, EH Bilduko eta Ciudadanoseko zinegotziek ez dute parte hartu; Galdakaoko ekitaldian ez dira egon PPkoak; Ermukoan ez dute parte hartu EH Bildukoek; Hondarribian PPk ez gainerako taldeak izan dira ekitaldian; Elgoibarren eta Irunen, ordea, udalbatza guztiak hartu du parte bilkuran...

Tentsio unea, Bilbon

Gogora Institutuan ere ospatu dute Memoriaren Eguna, eraikina jendaurrera zabaldu duten egun berean. Jaurlaritzak hara gonbidatu du euskal gizartearen ordezkaritza zabala, eta PP eta UPD ez gainerako legebiltzar taldeetako kideak ere izan dira. Iñigo Urkullu lehendakariak biktima guztien «memoria kolektiboa sustatzea» eta «egindako mina aitortzea» eskatu du han.

Kanpoaldean, bien bitartean, bilkura bana egin dute Etxerat-ek eta Iñigo Cabacasen senideek. Hain justu, tentsio uneak bizi izan dira Cabacasen gurasoek Idoia Mendia eta Jose Antonio Pastor PSEko buruzagiei aurpegira leporatu dietenean euren semearen heriotzaren erantzule izatea.

BERRIAn argitaratua (2015/11/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA