astekaria 2016/11/25
arrowItzuli

kultura

Mitotik pertsona berreskuratzea

Iñigo Astiz

Mitotik pertsona berreskuratzea Iñigo Astiz

Mikel Laboaren aurpegia lehen planoan, eta kamera atzerantz planoa apurka-apurka zabaltzen. Gitarrarekin dago. Mikrofonoan kanta aurkezten du: «Joseba Sarrionandiaren hitzak dira hauek: Lili bat». Publikoaren aurpegiak fokuratzen orain kamera: txaloak. Lehen notak entzuten dira, eta Laboarengana itzultzen da kamera. «Lili bat/ hartu/ eta hostoz hosto/ erantzi». Aretoko dekorazioa ikus daiteke planoa zabaltzen jarraitu ahala: ikurrinak, amnistiaren aldeko pankartak eta beste herrialde bateko banderak. Ez daude Euskal Herrian. «Eta harek zu ere/ amets/ eta harek zu ere/ erantzi». Kamera areto bukaerara heltzean, eskuinalderantz biratuz doa. Ate bat ikusten da, eta zirrikitu batetik begira, pertsona bat. «Eta hostoz hosto/ hartu/ lili bat». Bukatu da kanta. Txaloak. «Mila esker». Ate atzean dagoen pertsonarengana pasatu da kamera. Zirrikitutik begira jarraitzen du. Makurtuta. Joseba Sarrionandia da. Beste kanta baten akordeak hasten dira, eta pelikulako tituluak datoz. Fikzio tantak ditu kontakizunak, baina ez da fikzio hutsa. Hamarkadak eman ditu idazleak gisako egoerak bizitzen, eta balio dezake sekuentziak 1985ean Martuteneko espetxetik ihes egin zuenetik hona bizi izan duen prekaritatea irudikatzeko. Presente beti haren hitzak Euskal Herriko kulturgintzan; apartatuta bera. Zirrikitu batetik begira. Orain arte.

«Errealitate gabezia horretatik abiatu nintzen idazten, hizkuntza sekretu eta badaezpadako hau besterik ez nuela, eta neu ere ez nintzela ia ezer». Hitz horiekin deskribatzen du bere egoera Sarrionandiak Hnuy illa nyha majah yahoo liburuaren 2013ko berrediziorako idatzitako hitzaurrean. Eta prekaritate horretatik heldu dira haren testuak irakurleenganaino. Aldatzear da hori, ordea. Etxepare Euskal Institutuak Habanako Unibertsitatean zabaldutako irakurle postua lortu du orain, eta bere egoera erregulatzen hasteko lehen urratsa izan daiteke hori. Izan, 31 urtez irudi estatiko bat izan baita idazlea Euskal Herrian: mito bat. Denboraz eta espazioz kanpoko norbait: Sarri. Idazle militante erraria. ETAko izateagatik atxilotu, torturak jasan, eta kartzelan 5 urte eman ostean, espetxetik bozgorailu baten barruan ezkutatuta ihes egin, eta orduz geroztik zehaztu gabeko leku batetik bere testuak bidaltzen dituen poeta. Eta handia izan da mito horren pisua. Baina lehengai eskasa da gizakia mitogintzarako: nekatu egiten da, zama bilakatzen zaizkio urteak, ahula da, sufritzen du, haserretzen da... Errealitateak irabazten du beti. Eta hori da gaur BERRIAn kaleratutako argazkiak erakusten duena. Gaurko eta hemengo Sarrionandia: Sarrionandia erreala.

Han izanik hona da, ordea. Espainiako mapetan Kanaria uharteak maiz irudikatu ohi diren bezala irudikatu zuen bere burua orain inon topatzen ez dudan elkarrizketa batean: beste plano batean, beste ordutegi batekin, baina mapa berean. Ez-leku horretan, baina halere bertan. Zeren hiru hamarkadaz 1980ean ateratako argazki hori izan baita benetan estatiko mantendu den bakarra. Haren liburuetan, irakurleek orriz orri erreparatu ahal izan diote haren literaturaren eta pentsamenduaren garapenari. Hostoz hosto, nahi bada. Izuen gordelekuetan barrena (1981), Narrazioak (1983), Ni ez naiz hemengoa (1985), Hnuy illa nyha majah yahooo (1995), Lagun Izoztua (2001), Moroak gara behelaino artean? (2010), eta Lapur banden etika ala politika (2015). Hor dago haren ekarpen nagusia. Azaldua du Koldo Izagirrek ere XX. mendeko poesia kaieren bilduman hari eskainitako alean. «Gutxitan gertatzen da poeta honena bezain bizitza poetikorik, eta nekez topatuko dugu gure literaturan egilearen bizitza pertsonalari horren lotua dagokeen poesiarik».

Mitoari buruz egin zion galdera Xabier Izaga kazetariak idazleari Gara egunkarian 2013an kaleratutako elkarrizketan. Ea bere testuen harreran mitoak eraginik izan ote zuen. Hots: ea Sarrik bultzatzen ote zuen Sarrionandia. «Ba, ez dakit», erantzun zuen idazleak, «ni inoiz ez naiz Sarrirekin bizi izan. Ahal izan dudan eta bizitzarik normalena egin dut, zirkunstantziek utzi didaten heinean». Zauriak, orbanak, zimurrak... idatzita darama nork bere historia gorputzean, eta, horregatik, elkarrizketan aipatutako zirkunstantzia horiek denak ere irakurtzen ditu Sarrionandiaren aurpegi eguneratua irakurtzen duenak. Eta ozen mintzo da Euskal Herriaren azkenaldiko historia ere Sarrionandiaren bi argazkien arteko isiltasun horretan. Hutsune horretan daude herritarrak erabat markatu dituen espetxe, bonba-auto, erbeste, mehatxu, ilegalizazio, bazterketa, inbisibilizazio, beldur eta tortura guztiak. Baina badago argazki berri horretan etorkizun izpi bat ikusterik ere. Argazki horrek adierazten du aurrerantzean normalduz joango dela euskal idazle nagusietariko baten egoera. Irakasle izango da Habanan. Ofiziala da. Erreala. Irudi horrek mitotik berreskuratzen du pertsona. Eta, horregatik ere, argazki berri horrek irudika dezake herri baketuago batean, hizkuntza normalizatuagoan literatura aberasten segitzeko erronka.

BERRIAn argitaratua (2016/11/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA