astekaria 2016/11/25
arrowItzuli

gizartea

Eguneroko pozoi txikiak

Juanma Gallego

Eguneroko pozoi txikiak

Ezkutuko bidaiari gisa sartzen dira organismoetan, zarata asko sortu gabe. Eta gaur egun Mendebaldeko gizarteetan ohikoak diren produktu askotan jatorria dute, gainera: mota guztietako plastikoetan, zartaginetan, kosmetikoetan, detergenteetan, kafe kapsuletan edota alfonbretan, esaterako. Disruptore endokrinoak dira, eta horien inguruko eztabaida puri-purian dago. Izan ere, ikerketa askoren arabera, produktu horiek osasunerako kaltegarriak izan daitezke. Hala ere, aditu guztiak ez datoz bat ideia horrekin.

«Disruptore endokrinoak hormonen lana imitatzen ala inhibitzen duten sustantziak dira», azaldu du Asier Vallejo EHUko kimikariak. «Horregatik daukate eragina sistema endokrinoan. Konposatu kimiko artifizialak izan daitezke, baina baita naturalak ere, hau da, gure gorputzak sortutakoak». Vallejok disruptoreek arrainetan dituzten eraginak ikertu ditu bereziki azken urteotan, eta, hortaz, animalia horiengan sortzen diren eraginak ondo ezagutzen ditu. «Arrainen hazkuntzan eta haien sexualitatean eragiten dute. Horrez gain, malformazioak sor ditzakete». Ikusi dute, adibidez, hainbat kasutan arrain arrek emeen obozitoak izan ditzaketela. «Ez dugu esango horiek ohikoak direnik, baina topatu topatzen dira. Intersex deitzen zaie arrain horiei». Nondik datoz, ordea, arrainengan halako aldaketak eragin ditzaketen disruptoreak? Gehienetan, komunetik. «Kasu honetan, arazoa disruptore endokrino naturaletan dago. Adibidez, emakumeengan dagoen progesterona eta estradiola hormonak gernu bidez kanporatzen dira, eta oso kontzentrazio baxuetan bada ere, araztegietara ailegatzen dira». Saiatzen badira ere, gaur egun araztegietan erabiltzen den teknologia ez da gai komunetik bidalitako hormona horiek guztiak akabatzeko, eta, ondorioz, ibaietan kontzentratzen dira. Etengabeko jarioa denez, ingurumenean eragina dute, arrainetan bereziki. «Naturalak diren horiez gain, noski, artifizialak ere heltzen dira ibaietara», ohartarazi du adituak.

A bisfenola, jomugan

AEB Ameriketako Estatu Batuetako ikertzaileek Journal of Women's Health aldizkariko azaroko zenbakian argitaratu dute alorreko azken ikerketa. A bisfenola (BPA) duten plastikoetan ontziratutako janari, kosmetiko eta bestelako produktuak hiru astez kontsumitu ez dituzten emakumeengan bisfenolaren presentzia gutxitu egin dela ondorioztatu dute. Gernu analisiak erabili dituzte BPA kopuru mailak zehazteko. Emakume horiengan pisu galera bat izan dela ere ondorioztatu dute. Ikerketa xumea izan da —24 emakumek parte hartu dute—, eta horregatik, Kalifornia Estatuko Unibertsitate Politeknikoko ikertzaileen esanetan, azterketa handiagoak egin beharko dira emaitzak berresteko.

Pixkanaka bada ere, eremu horretan gero eta ikerketa gehiago ateratzen dira. Gertuena aipatzeko, maiatzean, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako hainbat ikertzailek Environ Health Perspectives aldizkarian argitaratutako lana. Bularreko minbizia duten 204 emakumeren xenoestrogeno mailak neurtu dituzte bost urtez; alegia, organismoan dituzten estrogeno artifizialak neurtu dizkiete. Konposatu bakoitzak, bere aldetik, eraginik ez duela ondorioztatu dute, baina ikusi dute xenoestrogeno mailaren eta bularreko minbiziaren arteko korrelazioa. Konposatu denek batera eragina izateari koktel efektua esaten diote. Kontuan izan behar da toxikologia ikertzen eta arautzen denean konposatu bakoitzaren araberako arriskua jorratzen dela, baina ez dela arautzen egon daitekeen efektu konbinatua.

Zientzia komunitatean dauden kezkak ikusita, EB Europako Batasuna disruptoreen inguruko araudia prestatzen ari da aspalditik. 2011n, biberoietan A bisfenola galarazi zuen, baina gainerako kasuetan onartuta dago. Frantziako Gobernuak, bestalde, elikagaiekin kontaktuan dauden plastikoetan A bisfenola egotea debekatu du iaztik, eta baita paper termikoetan ere. Azken kasu horretan, zioa ez da erabiltzaileak babestea —paper horrekiko kontaktua ez delako denboran asko luzatzen—, supermerkatuetako kutxetan lanean dabiltzan beharginek duten esposizioa gutxitzea baizik. Egunero zortzi orduz material horrekin lanean ari diren langile asko, gainera, ugaltzeko adinean dauden emakumeak dira, eta horregatik biderka liteke arriskua. Izan ere, jakina da amak bereganatutako konposatu gehienak umekiari igarotzen zaizkiola haurdunaldian.

«Produktu bat galarazi eta 35 urtera jaioberri guztietan konposatu horren arrastoa topatzen da. Hori benetan gogorra da», kexu da Miquel Porta doktorea. DDE izeneko konposatuaz —DDT pestizida ospetsuaren metabolito bat da— ari da. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko katedradun horrek konposatu kimikoek osasunean izan dezaketen eragina ikertzen dihardu. Esan duenez, DDT bera ere Herrialde Katalanetako populazioaren %88an dago.

Eztabaida 'Nature'-n

Sasizientzia. Hautsak harrotu ditu zientzialari talde batek uztailean Nature aldizkarian disruptore endokrinoen inguruko ikerketak definitzeko terminoak. Konstantzako Unibertsitateko (Alemania) Daniel R. Dietrich toxikologoak eta beste hainbat sinatzailek idatzitako gutun batean, astrologia, homeopatia edota akupunturaren pare jarri zuten disruptoreei buruzko ikerkuntza. Hona hemen gutuneko pasarte bat: «Europako Batasunak produktu kimikoen inguruko erregulazioa ezartzeko zenbait prozeduratan hedabideen zein alarmismo sasizientifikoaren eragina dagoela uste dugu. Sasizientziak ez du inolako lekurik izan behar horrelako erabakietan». Era berean, adituek argudiatu dute arlo horretan egiten diren ikerketak korrelazio metodologiak erabiltzen ari direla, eta ez metodologia kausalak. Produktu horiekiko esposizioa «hutsala» da, haien aburuz. Gutxi libratu ziren Dietrichek banatutako kritiketatik: haren aburuz, hedabideek izua zabaltzen dute, gobernuz kanpoko erakundeek dohaintzak eskuratzeko erabiltzen dute gaia eta hainbat zientzialarik ere ikerketarako funtsak eskuratzen dituzte horrela.

Nature aldizkariaren hurrengo zenbakian etorri zen erantzuna, New Yorkeko Unibertsitateko Leonardo Trasande pediatraren eta beste hainbat adituren sostenguarekin. Haien aburuz, oinarririk gabeko argudioak dira Dietrichek emandakoak, «peer review errebisio sistemaren bitartez egindako milaka ikerketa akademiko» alboratzen dituelako. «Gutako askok lan egin dugu zientzia adostasuna lortzeko», salatu zuten. «Baina Dietrichek eta sinatzaileek ezer gutxi egin dute osasunari lotutako arazo larri honen eztabaidan eta ezagutza zientifikoan aurrera egiteko». Erantzuna sinatu zutenen artean Miquel Porta dago. Saminduta dago gaiarekin: «Noski zientzian beti ziurgabetasunak badirela, baina talde honek esandakoak ez du ez hanka ez buru. Ez da jarrera zintzo bat. Berdin gertatu zen tabakoaren industriarekin eta, orain, klima aldaketarekin. Zalantzak zabaltzen dituzte nahita». Portaren iritziz, konposatu askok diabetesa, ugalkortasunik eza, minbizia, alzheimerra edota parkinsona garatzea ekar dezakete. «Dosi txikietan ondoriorik ez dagoela esatea faltsua da», argudiatu du. «Giza organismoan dauden hormonek, zein artifizialki sortuak direnek, eragina dute dosi txikietan ere. Hor eztabaidarik ez dago. Normalean hau diotenek asko dakite kimikaz, baina ezer gutxi giza fisiologiaz».

Vallejok zuhurtzia eskatu du, baina sen onak agindutako oreka bat mantenduta. «Ezagutzen diren konposatuen eragina aztertzen ari gara orain, baina pentsa badirela konposatu asko ezagutu ere ez direnak egiten». Arrainaren kontsumoari dagokionez, esaterako, animalien muskuluan konposatu horien metaketa oso eskasa dela argudiatu du. «Nire ustez, ez da erreza hortik gizakiei heltzea, konposatua bere horretan mantenduta, bederen. Beste kontu bat da konposatu hori transformatzea eta beste era batean igarotzea». Plastikoari dagokionez, beldurra ez zabaltzearen beharra aldarrikatu du adituak. «Plastikoa erabil daiteke, baina oreka batean. Adibidez, badaezpada hobe da plastikozko ur botila bat ehun aldiz ez berrerabiltzea, edota janariarekin kontaktuan dagoen plastikoa ez berotzea, horrek plastikoan dauden konposatuen erauzketa dakarrelako».

BERRIAn argitaratua (2016/11/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA