astekaria 2015/11/13
arrowItzuli

mundua

Beste urrats bat hausturarantz

Samara Velte

Beste urrats bat hausturarantz

Iazko azaroaren 9an Katalunia osoko herri eta auzoetan bildutako boto sinbolikoen oihartzuna parlamentura iritsi da urtebete geroago. Legealdia hasi berritan, Espainiako Estatutik «deskonektatzen» hasteko eta Kataluniako Errepublika sortzeko borondatea adierazi du ganberak. Alde handiarekin, gainera: 135 diputatutik 72k babestu dute proposamena. Gobernua osatzeko dagoen arren, ozen entzunarazi dute «azken legealdi autonomikoa» izan asmo duenaren irteera tiroa.

Ordezkari horiek Junts Pel Si eta CUP alderdi independentistetakoak dira; ebazpena bera adostu duten taldeetakoak, hain zuzen ere. Irailaren 27ko bozetan prozesu konstituziogile bati ekiteko agindua jaso zutela aintzat hartuta, Kataluniako instituzioek «deskonexio demokratiko, masibo eta baketsua» hasiko dutela jakinarazi diote Madrili eta nazioarte osoari. Zilegitasuna ukatzen diete, halaber, Espainiako erakundeei, bereziki Auzitegi Konstituzionalari, eta hemendik aurrera soilik Kataluniako Legebiltzarrari men egiteko eskatzen diote Generalitateko gobernu berriari. Gehienez 30 egunen buruan gizarte segurantza, ogasun publikoa eta Konstituzioa osatzeko prozesua bera abiatzeko legeak onartzeko konpromisoa ere hartu du parlamentuak.

Gobernua osatzeko negoziazioak oraindik ebatzi gabe dauden arren, ados jartzeko borondatea adierazten du independentisten adierazpenak. «Eredu etiko, juridiko eta politiko berri bat sortzen ari gara irailaren 28az geroztik, eta horren lehenbiziko emaitza adierazpen hau da», argitu du Anna Gabriel CUPeko bozeramaileak: «Ez da Aldebakarreko Independentzia Adierazpen bat ?oraingoz?, baina bada burujabetzazko eta hausturarako ekintza bat».

Banderak parlamentuan

Gainerako alderdiek adierazpenaren puntu guztien kontra egin dute. Kataluniako lurralde gatazka argitzen lagundu beharrean, hura okertzea egotzi die independentistei PSCko Miquel Icetak: «Herritarren gehiengotik deskonektatzen ari zarete. Parlamentuan badago gehiengo independentista bat gobernatzeko, baina batzuek izaera plebiszitarioa eman nahi izan zieten bozei; eta plebiszitua ez zenuten irabazi».

PPk eta Ciutadansek Berlingo harresia erori zeneko urteurrena baliatu dute Espainiaren batasuna defendatzeko. «Eskubideak herritarrenak dira, ez lurraldeenak», adierazi du Ines Arrimadas Ciutadanseko bozeramaileak, eta autodeterminazioa zaharkitutako aldarrikapena dela argudiatu du. «Errailetara salto egiten duzunean, ez da trenen arteko talka bat, suizidio bat baizik», erantsi du PPko Xavier Garcia Albiolek.

Carme Forcadell parlamentuko presidenteak bozketaren emaitza jakinarazi duen unean, Espainiako eta Kataluniako bandera handi batzuk atera dituzte PPko diputatuek. Independentziari buruzko eztabaida saioetan halako agerraldiak ohikoak izanagatik ?aurreko legealdian behin baino gehiagotan irten ziren parlamentutik protesta gisara?, subiranista askoren irria eragin du keinuak. «Begira nola aldatzen den mundua», idatzi du Vicent Partal Vilaweb atariko zuzendariak: «Orain, guk onartzen ditugu legeak eta beraiek ateratzen dituzte banderak eta pankartak».

«Inork ez dezala ahaztu nondik gatozen eta nor den erantzule: erreferendum bat egin izan bagenu, emaitza baiezkoa izango zen. Eta hura onartzeko hainbeste zailtasun dituztenek, beharbada, egin behar zutena egingo zuten», ihardetsi die Raul Romevak unionistei, JPSren talde parlamentarioaren izenean. «Urteetan aldarrikatu dugu erabakitzeko eskubidea, eta orain, azkenean, gauzatzea erabaki dugu. Zertarako? Gaur bertan hasita, orain ditugun premia larrienei erantzungo dien estatu bat eraikitzen hasteko».

Ebazpenaren bederatzi puntuak proposatu ostean, oinarrizko eskubide sozialekiko konpromisoen zerrenda luze bat erantsi diote bi alderdi independentistek adierazpenari, CUPek ezinbesteko baldintza gisa ezarritako emergentzia planarekin gutxi-asko bat datorrena. Besteak beste, etxebizitza, argindarra eta kalitatezko hezkuntza jasotzeko eskubidea aldarrikatzen ditu. «Estatu berri bat behar dugu, sinpleki, zuzenbide estatu bat behar dugulako», ondorioztatu du Romevak.

Krisia CSQPen

Catalunya Si Que Es Potek ezezkoa eman die ebazpenaren puntu guztiei, eta gobernua osatzeko negoziazioak estaltzeko «teatralizazioa» egotzi die independentistei. Podemosek eta ICV-EUiAk osatutako alderdiak bere proposamena egin du. Edukiz ez da hain bestelakoa, besteak beste, gizarteko premiei aurre egiteko neurriak eta erreferendumerako eskubidea aldarrikatzen dituelako, baina «Espainiaren eta Europaren babesa» bilatuta.

Bloke independentistatik kanpo geratu arren, unionista zurrunekin ez pilatzeko eskatu izan du CSQPek: baiezko eta ezezko botoen arteko linboan geratu den %9a berea da. Alderdiko hainbat kidek, dena den, ez dituzte gaizki ikusten sektore independentistatik heldutako aldarrikapen subiranistak, are gutxiago CUPek proposatutako neurri ezkertiarrak. Atzoko bozketak are nabarmenago utzi du alderdi barruko arrakala: Joan Giner diputatuak salatu du alderdiak eragotzi egin diola boto independentea ematea. «PPk eta Konstituzio Auzitegiak debekatu zuten galdeketaren urteurrenean», idatzi du bere blogean, «Junts Pel Sik eta CUPek aurkeztutako adierazpenaren aurka bozkatzea erabaki du nire talde parlamentarioak. Ez nago ados jarrera horrekin, eta uste dut bozketan abstenitu behar genukeela». Manuel Delgado militante komunista historikoak ere utzi egin du Comunistes de Catalunya ?gaur egun EUiAko eta, beraz, CSQPeko kide dena?, parlamentuko ordezkaritzak aurkako botoa eman duelako.

Diskurtso ofizialak, ordea, gogor egin du Junts Pel Si eta CUPen aurka. «Bunkerretako eta alderdikerietako politika» egitea egotzi die Joan Coscubiela eledunak, eta independentismoaren aitzakian eguneroko arazoak ahaztea: «I-27ko emaitzen interpretazio amarrutsu batetik abiatu dira. Ez diete zilegitasunik ematen Katalunia osoaren izenean hitz egiteko, are gutxiago deskonexioa iragartzeko. Horrek eskatzen duen ekintza demokratikoa erreferendum bat baino ezin da izan; hau insurjentzia deklarazio bat da».

Gabrielek kargu hartu die, ebazpenaren eduki soziala eta subiranista ukatzeagatik: «Matxinatuen aurka egin nahi izatea ez da ezkerrek bilatzen dutena. Baina suposatzen dugu oraintxe Espainiako hauteskundeek baldintzatzen dutela zuen agenda; ea gero berriz ikusten dugun zuen jendea eta gurea berdina dela».

BERRIAn argitaratua (2015/11/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA