astekaria 2016/11/25
arrowItzuli

politika

Elkargoaren etorkizuna

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Elkargoaren etorkizuna Maddi Ane Txoperena Iribarren

Azken bi urte hauetan solas eta buruko min ugaritarako aukera eman digu Ipar Euskal Herriko elkargo bakarrak. Hasieran, ezjakintasunagatik; egituraren txostenak ezkutuan alde batetik bertzera, eta kazetarion lanak horiek deszifratzen: organoak, hautetsiak, eskumenak... Eta egitura oraindik sobera argitu gabe genuela, berehala hasi ziren posizio eta iritziak: alde eta kontrakoen kanpainak, azpi jokoak, dimisioak... Guziarekin bukatzeko, nola ez, herriko etxeetako banan banakako bozketa amaigabeak bi itzuli, eta herrien zein biztanleen kopuruak konbinatu beharra. Eta, bixkotxa goxatzeko, helegite eta epaiketak, bozkaz erabakitakoaren kontra.

Horrenbertze buelta eman ondotik, badirudi azkenean sortu behintzat, sortu eginen dela instituzio berria, bada! Eta, okerrik ezean, urtarrilaren 1etik goiti hasiko dira hautetsiak martxan jartzen, pixkanaka.

Ez da erraza erraten zein ondorio izanen dituen halako egitura batek Ipar Euskal Herriarentzat, jada erranak izan direnetatik haratago. Epe motzera, behintzat, ez dirudi herritarrek sobera nabarituko dutenik: jendeak berdin segituko du SudOuest irakurtzen, errugbi partidak ikusten, frantsesez hitz egiten karriketan... Eta euskaldunok herriaren aldeko eguneroko lanean, ikastoletan, gau eskoletan, gaztetxeetan...

Izatekotan, denbora batera nabarituko ditugu egituraren lehendabiziko ondorioak. Agian, hasiko gara ikusten Ipar Euskal Herria modu bateratuan aipatzen frantses komunikabideetan; Ligiko eta Ziburuko hautetsiak elkarrekin ariko dira lanean elkargo kontseiluetan; eta uraren, hondakinen edota hizkuntz politikaren kudeaketak berdin eraginen digute Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan, orain arte ez bezala. Izanen du eragin bat subkontziente kolektiboan: Ipar Euskal Herriko frantsesak berdin sentituko dira frantses, baina hein batean ere «euskal herritar», orain arteko piper eta lauburuetatik haratago. Politikoki, alegia.

Pixkanaka, halaber, ikusiko ditugu agian Nafarroako eta EAEko ordezkariekin halako edo bertzelako hitzarmenak izenpetzen, maila apalekoak izanik ere. Eta 2020an, berriz, herriko etxeetako bozak: seguraski, inoizko politizatuenak. Ordura arte gauzak anitz aldatzen ez badira, herriko etxeetako hautetsiak izanen baitira elkargo berriko ordezkari. Eta sufragio unibertsala jartzen badute, berriz, zer erranik ez! Lehen aldikoz Ipar Euskal Herri mailako hauteskundeak?

Abertzaleek zein indar lortzen ahalko duten, ez da erraza asmatzen. 2014ko herriko etxeetako bozetan emaitza onak eskuratu zituzten, eta posible da horiek errepikatu eta hobetzea. Baina, zer egiteko? Erronka handia izanen da Ipar Euskal Herri mailako politikak pentsatu, eta elkargoaren mugak erakutsiz haratago joaten saiatzea.

Baina, tira, ez gaitezen joan urrunegi... Elkargoak ez ditu konponduko orain arte Ipar Euskal Herrian zeuden arazo guziak. Edo ez, bederen, bere kasa. Herritarren esku dago aukeraz ahalik eta hobekien baliatu eta iparrorratza argi mantentzea, instituzioan berean sobera korapilatu gabe.

BERRIAn argitaratua (2016/11/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA