astekaria 2016/11/25
arrowItzuli

bizigiro

Ingurunea heziketa gune

Nagore Etxeberria

Ingurunea heziketa gune

Eguraldiari kasu gutxi egiten diete Ozaetako (Araba) Plisti-plasta heziketa gunean, eguna eguzkitsua izan edo ez, basoan ematen baitute goiza. Eguneko txangorako nola jantzi behar duten erabakitzeko baino ez diote begiratzen zeruari. Kanpora irten behar duten edo ez, ez dago erabaki beharrik; beti ibiltzen dira kanpoan. Izan ere, Barrundia udalerriko (Araba) eta inguruko 22 haurrek basoa dute ikasgela eta jolasleku. Aurtengoa, hirugarren ikasturtea da.

Plisti-plasta heziketa gunea da Euskal Herrian martxan den baso eskola aitzindaria. 2014an jarri zuten abian, Kiribilore Permakultura elkartearen barruan. Asmoa da haurrei naturan bizitzeko eta ikasteko aukera ematea.

Proiektua diseinatu eta abian jartzeko, besteak beste, Europa iparraldeko herrialdeetan eta Alemanian errotuak dauden baso eskolen eredua hartu zuten abiapuntu. Han, oso ohikoak dira mota horretako eskolak. Alemanian, esaterako, 1.000tik gora baso eskola daude, eta ofizialki onartutako eskolak dira, gainera. «Danimarkan ere oso barneratua dute sistema hori. Badakite haurrek gelatik kanpo irten behar dutela sozialki garatzeko, ikasteko eta balioetan garatzeko. Gobernuak eskolei ematen dien diru laguntzaren zati handiena eskolaz kanpoko proiektuetarako bideratzen dute», zehaztu du Kakun Orbegozo Kutxa Ekoguneko baso eskolaren arduradunak.

Ikasi beharreko guztia basoan ikasten da eskola horietan. Andrea Lopez de Pariza Plisti-plasta heziketa guneko arduradun pedagogikoaren hitzetan, aukera ugari ematen ditu inguruneak edozeri buruz hitz egiteko: animaliak, bizitzaren zikloa, uraren zikloa... Baita zenbakiak, irakurketa edo idazketa ere.

«Basoa oso eremu aproposa da curriculumeko eduki guztiak lantzeko. Natura hain da aberatsa, gela barruak ez dituen baliabide guztiak dituela basoak. Dena landu daiteke; zenbakiak eta letrak ere», Orbegozoren iritziz.

Orbegozorekin ados da Lopez de Pariza: «Naturan denetarik dago, eta edozein eduki lantzeko aukera ematen du. Kontua da helduok jakin behar dugula erabiltzen naturak eskaintzen dituen baliabide eta tresna horiek».

Azken batean, «natur zientzietako laborategi bizi bat dugu basoan. Basoa inoiz ez da berdina, etengabe aldatzen ari da, eta horrek ezustekorako eta gauzak deskubritzeko aukera ugari ematen ditu», gaineratu du Plisti-plastako kideak. Horrek haurrak buru-belarri parte hartzea dakar.

Haurrei beren kabuz ibiltzen eta esploratzen uzten diete Plisti-plastan, eta haien nahiak eta erritmoak errespetatzen dituzte. Hala, denen artean erabaki ostean goiza baso txikian eta handian pasatuko duten, jolas askerako tartea hasten da. Jolas librea da ikasteko tresna, eta bizipenean oinarritutako ikaskuntza lantzen da: «Bizi izandakotik edo bizipenetatik ikasten dute haurrek. Haurrak etengabeko harremanetan daude naturarekin, eta ikusten eta bizitzen duten guztia joaten dira ikasiz, kanpotik inork ezer esan edo erakutsi gabe. Betiere, bizi izandako hori errazago barneratzen dute».

Lopez de Parizak nabarmendu duenez, askoz ere indartsuagoak dira jolas askeak sortzen dituen lotura neuronalak: «Haur bakoitzak gauzak bere kasa egiten baditu, lotura neuronal sendoagoak sortzen dira, kanpotik norbaitek nola egin behar duen esaten dionean baino».

Egunero, goiza basoan pasatzen dute haurrek, baita euria ari duenean ere. Oso-oso eguraldi makurra egiten duenerako, aterpe txiki bat dute, baina apenas erabiltzen duten; «iazko neguan sei aldiz baino ez ginen egon han». Asmoa naturan egotea da.

Eta naturarekin zuzeneko eta etengabeko harremanean izateak «onura pila» ekartzen dizkio haurrari, Lopez de Parizaren hitzetan: «Gauza asko garatzen dituzte: enpatia, kontzentrazioa, partaide izatearen kontzeptua, harridura, jakin-mina, garapen motorra, sormena...».

Beste makina bat onura ere zerrendatu du Orbegozok: «Besteekin komunikatzen eta gauzak adosten ikasten dute, kooperatzen, laguntza eskatzen. Motibazio maila izugarri igotzen da, arreta lantzen dute, eta sistema immulogikoa indartzen».

Eguneroko harremana

Onurak agerikoak izango badira, naturarekiko harreman hori «egunerokoa» izatea ezinbestekoa dela uste du Orbegozok. Dena den, ulertzen du aldaketa horiek ezin direla bat-batean gertatu, eta, beraz, «pixkanaka» pausoak ematearen aldekoak dira Ekogunean. Aldatzeko, «jendeak kontzientzia hartzea, irakasleak formatzea eta probak egitea da gure lana», zehaztu du Ekoguneko baso eskolen arduradunak.

Kati Illarramendi, Larraitz Altuna eta Donostiako Bihotz Inguru baso jolasguneko sortzaileak ere sentsibilizazio jarduerak egiten hasi zuten beren ibilbidea, 2013an. Philip Bruchner Madrilgo Bosquescuelako bultzatzailea gonbidatu zuten antolatutako lehen formakuntza ikastaroa ematera.

Gerora, haien proiektuari gorputza ematen aritu dira. Aurten, argi izpiak ikusten hasi dira, haien proiektua gauzatzeko ametsean. Kristinaenea fundazioarekin eta Donostiako Udaleko Ingurumen sailarekin hitzarmen bat sinatu dute, Uliako Interpretazio Zentroaren beheko solairua baso jolasgunearen txoko izateko.

Iazko eta aurtengo udan udalekuak antolatu zituzten. Baina, irailetik, ostegunero eta ostiralero, hamar ume igotzen dira Uliara. Haien hurbileko asmoa, baina, «ahalik eta bizkorrena eguneroko planteamendu bat martxan jartzea» dela onartu du Altunak.

Horretarako, baina, «babesa» beharko dutela uste du Bihotz Inguru baso jolasguneko kideak. «Aniztasun pedagogikoa aldarrikatzen dugu, gureak bezalako ereduek ere tartea izan dezaten egungo hezkuntza sisteman».

Probako proiektua

Administrazioaren baiezkoaren zain daude Donostiako Kutxa Ekogunean ere. Oniritzia jaso bitartean, baso eskola izango denaren zimenduak botatzen ari dira: etxolak eraikitzen hasiak dira.

Hurrengo astean bilera dute Jaurlaritzan, eta orduan aurkeztuko dute baso eskola izango denaren proiektua. 2017rako eskola martxan jartzea da haien asmoa.

Bi urtetarako probako proiektua izango da, eta Donostiako Amara Berri eskolarekin eta Hernaniko (Gipuzkoa) Langile ikastolarekin jarriko dute abian. «Ikasgela bakoitzak astebete emango du Ekoguneko baso eskolan, eta nola lan egin dezaketen eta zein jarduera egin ditzaketen erakutsiko zaie. Beste asteetan, eskolan bertan geratuko dira ikasleak. Une honetan, eskola inguruko basoak aztertzen ari dira, haiek egokitzeko. Hala, eskolan dauden asteetan, praktikan jarri ahalko dute Ekogunean ikasitakoa», kontatu du Orbegozok.

Orbegozok argi du ez dela baso erraldoirik behar naturarekiko lotura sortzeko: «Lorategiak, baratze txiki bat edo ingurune berde zati bat aski dira. Eta basoak ematen dituen baliabide berdinak bila daitezke hondartzan ere».

Gizakiaren bizi zikloa guztiz errotua dago lurrari: han jaio da, bizi da eta hilko da. Berezkoa du, beraz, naturarekiko harremana. Ikasteko eta garatzeko naturak eskaintzen dituen baliabideez eta tresnez baliatzea, beraz, gauzarik naturalena da gizakiarentzat. Ingurunea bizitzeko ez ezik, ikasteko leku aproposa baita gizakiarentzat.

BERRIAn argitaratua (2016/11/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA