astekaria 2016/11/25
arrowItzuli

politika

Langileen politika

Gotzon Hermosilla

Langileen politika

Sindikatuen eta zenbait alderdi politiko eta erakunderen arteko harremanak ez daude garairik onenean. Azken bolada honetan ohikoak izaten dira bi esparru horietan elkarri egindako kritika eta interpelazioak. Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak joan den azaroaren 7an Cebek Bizkaiko enpresaburuen elkarteak antolatutako ekitaldian egindako adierazpenak giro horren ondorio dira, baina ELAren jarduera kritikatzeko erabilitako argudioetako batek polemika piztu du.

Sindikatu abertzalea aipatu ez bazuen ere, «gobernu liberalez, gizarte babesaz, fiskalitateaz, autodeterminazioaz eta AHT abiadura handiko trenaz» jarduten duen sindikatua hartu zuen ahotan, eta honako gogoeta hau egin zuen Bizkaiko enpresaburuen aurrean: «Horrelakoak entzuten ditudanean, neure buruari galdetzen diot ez ote luketen alderdi politiko bat sortu eta hauteskundeetara aurkeztu beharko».

Unean uneko kritikatik harago, adierazpen horiekin eztabaida zaharra jarri du Rementeriak mahai gainean: zein den sindikatuen zeregina demokrazia batean, eragile sindikalek zilegitasunik ba ote duten esparru sindikaletik kanpoko iritzi, kritika eta proposamenak egiteko, eta zein izan beharko lukeen esparru sindikalaren eta esparru politikoaren arteko harremanak.

Xabier Anza (Donostia, 1966) ELAko Batzorde Eragileko kidea da, eta trebakuntzaren ardura du sindikatuan. Pentsatzekoa denez, Rementeriaren adierazpenak ez zaizkio batere gustatu: «Gizartean dagoen elkarte bakoitza subiranoa da erabakiak hartzeko eta iritziak emateko; demokraziaren oinarria iruditzen zait hori. Baina bitxiena da beraiek bezala pentsatzen dutenei ez dietela horrelakorik esaten. Adierazpen horiek egin eta segituan, Rementeriak ugazabei esan zien presio talde lana egin behar dutela sozietate zerga jaistea lortzeko. Hau da: ugazabei onartzen die politikan eragiteko modu bat, sindikatuei onartzen ez diena».

Anzak uste du arazoa dela zer esaten den, nork esaten duen baino gehiago: «Seguru nago guk bihar esango bagenu AHTaren alde gaudela, orduan, Rementeriak eta hark ordezkatzen duen alderdi politikoak biziki txalotuko luketela hori. Arazoak euren proiektu neoliberalarekin du zerikusia; sindikatuek hitz egiten dutenean kexatzen dira, ez beste eragile batzuek presio lana egiten dutenean».

ELAko kideak gogora ekarri du Joseba Egibarrek, Iñigo Urkulluk eta EAJko beste buruzagi batzuek antzeko adierazpenak egin dituztela: «Urkulluk, esaterako, Kataluniako egoeraren harira esan zuen oso kezkatuta zegoela zenbait gizarte mugimenduren jokabidea zela eta. Adierazpen horien azpian sekulako aberrazio politiko eta demokratikoa dago. Azken finean, esaten ari dira herriari eliteek erabakitzen dutena berrestea baino ez dagokiola, eta ez gizarteak eztabaidatu, proposatu eta mobilizatzeko aukera edukitzea. Demokraziaren ikuspegitik, hori ikaragarri eskasa da».

Zilegitasunaren auzia

Zilegi al da sindikatuek esparru politikoan eragin nahi izatea? LABeko Gizarte Politikako arduradun Bea Martxuetak (Iruñea, 1976) ez du horretaz dudarik: «Gure sindikatuak, sortu zenetik, bere izaera soziopolitikoa aldarrikatu du. Gure praktika sindikala injustizia eta esplotazio ororen kontra borrokatzean datza. Gure borroka, langileen —bere zentzu zabalenean ulertuta noski; lan produktiboan eta erreproduktiboan aritzen den pertsona oro— lan eta bizi baldintzak eraldatzeko helburuarekin egiten dugu. Naturaren kontrakoa da guretzat sindikalismoa beste era batean ulertzea».

Horretan bat dator CCOOko komunikazio idazkari Oscar Arenas (Barakaldo, Bizkaia, 1978): «Munduko zilegitasun guztia dugu, beste gauza batzuen artean [Espainiako] konstituzioak eragile sozial gisa ditugun zereginak aitortzen dizkigulako. Gainera, gure kasuan, CCOOk erakunde soziopolitikotzat definitzen du bere burua. Klase sindikatua gara, klase interesak defendatzen ditugu, eta interes horiek gizarte aldakuntzarako asmo argi batekin defendatzen ditugu. Hortaz, jakina politikan eragiten saiatzen garena, langileen aldeko neurriak lortu nahi ditugu eta».

ELAk ere klase sindikatu gisa definitzen du bere burua, Xabier Anzak gogora ekarri duenez, eta, hortaz, antzekoa da haien ikuspegia: «Langile klasearen interesak jokoan dauden eremu guztietan eragin nahi dugu. Langileen interesak lan esparruan jokatzen dira oso modu nabarmenean, baina eremu politikoan ere bai. Lan legeria, gizarte segurantza, zergak eta zerga horiekin zer ordaindu, hori guztia eremu politikoan erabakitzen da. Guk hor eragiteko modua bilatzen dugu, baina ez guk bakarrik: munduan dauden klase sindikatu guztiek berdin egiten dute».

Martxuetari bitxia begitantzen zaio sindikatuei esparru sindikaletik haragoko iritziak eta proposamenak egiteko ahalmena ukatu nahi izatea eta beste eragile batzuei —esaterako, enpresaburuei—, aldiz, ahalmen hori aitortzea: «Rementeriaren nahia da egiten dituen politika neoliberalak sindikalismoak babestea, eta hori ezinezkoa zaio LABek egiten duen sindikalismo borrokalariarekin. Sindikalismo mota hau da kritikatzen duena, enpresaburuz inguratuta. Eta, politika neoliberal hauen kontra jarduten dugunez, bide erditik kendu nahi gaituzte; hor dugu patronalak iaz ELA eta LAB sindikatuak legez kanporatzeko egindako saiakera, edo Eusko Jaurlaritzak negoziazio kolektiboko akordiotik gehiengo sindikala kanpoan uzten duenean».

Sindikalismoaren irudia

Arenasek dioen moduan, sindikatuak izan dira historikoki «langileen antolakunde indartsuena». Baina egia ere bada sindikalismoaren irudiak, edo zenbait sindikaturenak behintzat, higadura handia jasan duela azken urteotan, eta egun ez direla garai batean bezain indartsu. Arenasek uste du hori ez dela kasualitatea: «Krisia hasi zenetik, eta lehenagotik ere, klase sindikalismoaren kontrako kanpaina bat egon da haren ospe ona zikintzeko, ideologia neoliberalaren ustez sindikatuak garelako politika jakin batzuk ezarri ahal izateko oztopo nagusia. Sindikatuei ospea kentzeko kanpaina bat dago, azken urteotan abian jarri nahi izan dituzten neurrien kontra egin dugulako. Zergatik bat egin duten hedabide batzuek kanpaina horrekin? Ez dakit, baina suposatzen dut hor ere interesak egongo direla».

Bestalde, ELA eta LAB sindikatu abertzaleak dira, eta horrek esan nahi du nazio proiektu jakin bat bultzatzen dutela, sindikalismotik ulertua baina sindikalismoaren esparru soila gainditzen duena. Anza eta Martxuetaren ustez, hor ez dago inolako kontraesanik: «105 urteko historian, gauza asko aldatu da ELAn», esan du Anzak, «baina hiru gauza ez dira aldatu, ezta aldatuko ere: sindikatua gara, klase sindikatua gara, eta abertzaleak gara».

LABi dagokionez, praktika abertzalea eta sindikala «lotuta» daude, Bea Martxuetak azaldu duenez: «Ez dugu bata bestea barik ulertzen. Oinarri berriak dituen jendarte eredua eta herri askea sortu nahi dugu, nazio, klase, genero zapalkuntza orori aurre eginez», esan du LABeko ordezkariak.

BERRIAn argitaratua (2016/11/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA