astekaria 2016/11/18
arrowItzuli

bizigiro

ATZEKOZ AURRERA. ANGELES MAESTRO. MEDIKUA

«Ezkerra jokoz kanpo dago, beldurtuta»

Ainara Arratibel Gascon

«Ezkerra jokoz kanpo dago, beldurtuta»

Gobernuak zor publikoa ez ordaintzearen alde azaldu da Angeles Maestro medikua (Medina del Campo, Espainia, 1952). IUko diputatua izan zen Maestro Espainiako Kongresuan. Hitzaldia eman du Getarian (Gipuzkoa).

Krisia izaten ari al da osasun publikoa amaitzeko anestesia?

Hori da helburua. Baina politika neoliberal horiek askoz lehenagotik aplikatzen dira. 1970eko hamarkada amaieratik, esango nuke. Krisiak esan nahi du kapital handiaren irabaziak gutxituz doazela, eta zailtasunak daudela kapitalismoaren motorrak aurrera jarraitzeko. Hala, kapital pribatuak zerbitzu estrategikoak eskaintzen dituzten enpresa publikoetara bideratu dituzte. Ondoren, zerbitzu publikoak hustu dituzte, eta berriro arlo pribatua indartu. Osasun publikoaren kasuan, aurrekontu bat utzi dute erietxeak kudeatzen ari diren osasun arduradunen esku, eta, diru pizgarrien truke, presio egin diete murrizketa muturrera eramateko, negozioa eginez.

Gaixoak pribatura joatera behartzen ari dira?

Bai, eta horrek osasun publikoa galtzea ekar dezake. Baina osasun profesionalen esku dago hori ez gertatzea, goikoek aurrezteko egiten dizkieten presioak ez onartuz. Askotan zaila da, lanpostua dutelako jokoan. Batuta borrokatzen badira, ordea, posible da. Gainera, gaixoei ikusarazi behar diete osasun pribatua ez dela uste dutena. Erditze kasuetan ikusten da adibide argiena. Andre askok erabakitzen dute erietxe pribatu batean erditzea, zerbitzua hobea delakoan. Baina ez dira konturatzen, erditzean arazoren bat egonez gero, han ez dutela garaiz esku hartzeko baliabiderik. Baliabide horiek izatea ez da errentagarria haientzat. Zer egiten dute? Ama eta umea erietxe publikora eraman.

Nola borrokatu daitezke osasun profesionalak presio horien aurka?

Duintasun eta deontologia arazo handi bat dago horren atzean. Nik uste dut medikuen elkargoek ardura handia dutela horretan. Izan ere, haiei dagokie osasun profesionalak babestea. Baina isilik daude. Gertatzen ari denaren konplize dira.

Urteetan, erabiltzaileek osasun arloa gehiegi baliatu dutela argudiatuz egin dira murrizketetako asko. Jendeak sinesten al ditu halakoak?

Pentsiodunei eta etorkinei bota izan diete horren errua, baina ez dago hori baieztatzen duen froga bakar bat ere. Europako herritarrek dugun erronka da ozen esatea ez gaudela prest murrizketak onartzeko. Are gutxiago, krisia sortu duten gaizkileei laguntzen baldin badiete.

Eskuina hartzen ari den indarra kontuan hartuta, zaila ematen du horrek, ordea. Ezkerra gai ikusten duzu horri heltzeko?

Ezkerra jokoz kanpo dago, beldurtuta. Ezkerreko alderdi bakar bat ez da ausartu zor publikoa ez ordaintzea proposatzen.Tsipras saiatu zen, Grezian; baina, azkenean, men egin zion troikari. Hor dago eskuin muturra hartzen ari den indarraren arrazoia. Haiek ari dira esaten, adibidez, NATOtik eta Europako Batasunetik atera behar dela. Nik uste dut ezkerra berreskuratu behar dela eta, horretarako, herri eta langile mugimenduek hartu behar dutela indarra. Ez du zentzurik murrizketen aurka egoteak, eta gero zor publikoa ordaintzen jarraitzeak.

BERRIAn argitaratua (2016/11/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA