astekaria 2016/11/18
arrowItzuli

gizartea

MADDI ETXEBARRIA

«Enpresa pribatu asko datoz administrazioak ezarritako ildoetan»

Arantxa Iraola

«Enpresa pribatu asko datoz administrazioak ezarritako ildoetan»

«Pertsonei begira jarri nahi izan dugu». Maddi Etxebarriak (1971, Gernika, Bizkaia) hamazazpi urte daramatza Elhuyar Aholkularitzan beharrean, eta, beraz, gertutik ikusi du Elhuyarrek enpresetako euskara planak ehuntzen igaro bi hamarkadetan —1991. urtean hasi zen— egin duen ibilbidea. Bera da egun zerbitzu horretako koordinatzailea, eta berari egokitu zitzaion atzo jardunbide horren 25. urtemugaren harira Donostian antolatu zuten ekitaldiaren berri ematea. Bereziki omendu nahi izan zituzten irmo eta isilean —«inurri lanean sarri»— lantokietako jarduna euskalduntzeko lanean ari diren andre-gizonak.

25 urte hastapenetatik. Lehen urte haietatik asko aldatu da euskararen aldeko hautua egiten duten enpresen soslaia?

Orain dela 25 urte bakan batzuk ziren: gutxi. Ni 1999an etorri nintzen, eta ordurako hazkunde kuantitatibo nabarmena izan zen. Hasierako enpresa gehienak handiak ziren, euskaldun kopuru handia zutenak, eta asko, kooperatibak. Ondorengo urteetan, berriz, hain euskaldunak ez ziren enpresak ere hasi ziren agertzen, enpresa erdaldunagoak; horren ondorioz, horien euskara planak egiteko orduan ere planteamenduak aldatu egin behar izan ziren. Ordutik hona zerbitzu enpresak sartu dira gehiago, txikiagoak ere bai... Askotarikoagoak dira egun.

Datu bat eman duzue: 400 enpresak baino gehiagok eman dute zuekin euskara planak egiteko pausoa. Aniztasuna da egun horien ezaugarri nagusia?

Bai, badaude enpresak euskaldun kopuru handiak dituztenak, eta txikiak; badaude zerbitzu enpresak, eta industrialak; gizarte izaerakoak ere bai, beste era bateko enpresak. Planak enpresaren izaeraren eta euskaldun kopuruaren araberakoak izaten dira. Zerbitzu enpresa batek, adibidez, arreta handia jarriko du kanpora begirako horretan. Enpresa industrial batek, berriz, nazioartean egiten badu, barrura begira egingo du gehiago; baina kanpora begira ere egiten dituzte sarri gauzak. Elay da horren erakusgarri; kontatzen dute interprete txinatarrak euskara ikasi behar izan duela, euskaraz lan egiten dutelako. Inportantea da, era berean, erakunde bakoitzak argi izatea zer nahi duen, eta lortzen denean ez atzera egitea; horregatik da garrantzitsua enpresako lan egiteko moduetan txertatzea aldaketak. Eta garrantzitsua da langileek euskaraz ikasi ahala, erabiltzea; bestela, herdoildu egiten dira hizkuntzak. Hizkuntza bat ikastea ahalegin handia da, eta enpresak eman egin behar dio pertsona horri hizkuntza erabiltzeko egitura.

Zerk bultzatzen ditu egun enpresak euskara planetara? Nondik etorriko dira berriak?

Esango nuke administraziotik ezarri dituzten politiketatik etorriko direla gehienak. Hau da, Jaurlaritzak saltoki handien hizkuntza erabileraren inguruko dekretua egin zuen orain dela urte batzuk; handik etorri ziren enpresa batzuk. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere betekizun batzuk jarri izan ditu, eta lehiaketetan puntuazio batzuk ere jarri izan ditu... Egia da enpresa asko datozela administrazioak eskatuta: administrazioaren neurriak zein diren ikusita. Hor egon da azken urteotako indarra. Badaude nahi dutelako datozen enpresak; baina enpresa pribatu asko datoz administrazioak ezarritako ildoetan.

Egonkortuta dago etortzen zaizkizuen enpresen kopurua?

Hazten ari da. Hala ere, gero eta ikasle gehiagok amaitzen dituzte ikasketak euskaraz, baina horientzako guztientzako ez dago lan merkaturik euskaraz. Berebiziko ahalegina egiten du euskal gizarteak hezkuntza euskaraz izateko, eta gero non kokatu ikasle horiek guztiak euskaraz lanean? Nolanahi ere, egia da euskal industriaren ehunduraren zati handi bat enpresa txikiak eta ertainak direla, eta horiek beste lan egiteko era batzuk dituztela: 70-80 langiletik beherako enpresak erakartzea kosta egiten da sarri.

BERRIAn argitaratua (2016/11/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA