astekaria 2016/11/18
arrowItzuli

bizigiro

IRENE GANTXEGI

«Kalte bidegabea pairatu duen pertsona oro da biktima»

Beñat Alberdi

«Kalte bidegabea pairatu duen pertsona oro da biktima»

Literaturaren eta biktimen arteko harremana aztertu du Irene Gantxegik (Oñati, 1988). Zehazki, euskal literaturaren irakurketak biktimak aitortzeko balio dezakeen. Filosofia ikasketak bukatuta, azterketari ekin zion doktore tesia garatzeko. Teorikoki lantzen zebilen gaia, ordea. Paperean idatzitako ideiak kontrastatzeko, praktikara jo du. Bilbon egin zuen lehen saioa. Orain, berriz, literatur tailerra egingo du Oñatiko kultur etxean (Gipuzkoa). Fikziotik abiatuz, azken 50 urteetan Euskal Herrian indarkeria politikoak eragindako biktimen inguruko gogoeta kritiko bat egingo dute parte hartzaileek.

Literatura eta biktimak tailerra hasiko duzu. Zer dela-eta erabiliko duzue literatura gai horri heltzeko?

Biolentzia politikoak sortutako eskubide urraketa guztien analisi objektibo bat egitea beharrezkoa da. Baina uste dut literatura osagarri baliotsua dela istorio konkretuetara hurbiltzeko eta horiek hobeto ulertzeko.

Zergatik da osagarri baliotsua?

Literaturak bizipen pertsonaletara hurbildu gaitzake; izen-abizenak dituzten gizaki konkretuei gertatutakoa xehetasunez kontatzen duelako. Horrek bidea eman dezake pertsonaiekin identifikatzeko.

Erraztu egiten du eztabaida?

Baietz uste dut. Irakurriko ditugun istorioak fikziozkoak izan arren, gure gizartean jazotako gertakari ankerren adibide dira. Liburu hauen irakurketak eta eztabaidak gure gizartean gertatutakoa kritikoki interpretatzen lagun dezakete.

Literaturako biktimengana hurbiltzeko aukera ematen duela diozu. Baina nor da biktima?

Nik lan hau perspektiba etiko batean oinarritzen dut: kalte bidegabea pairatu duen pertsona oro da biktima. Beraz, errugabea.

Nola egingo dituzue tailerrak?

Bi eleberri irakurriko ditugu euskaraz. Parte hartzaile bakoitzak eguneroko bat izango du. Bertan, irakurketak sortzen dizkion lehen erreakzio espontaneoak idatziko ditu: gogoetak, sentimenduak, pentsamenduak eta abar. Bestalde, taldeko saioetan, irakurritakoaren inguruan hainbat gogoeta egongo dira. Interesgarria da aztertzea zer kontraste sortzen diren bakarkako irakurketatik ateratakoak taldean banatutakoan.

Jatorri ezberdineko biktimen literatur testigantzak erabiliko dituzue. Zer ekarpen egiten du horrek?

Haiek jasandako indarkeria ikuspuntu kritiko batetik aztertzea da helburua; biktima desberdinak aitortzea, biktimak pairatutako sufrimendu bidegabera hurbilduz.

Euskal gizartea polarizatuta dagoela esan ohi da. Igartzen da tailerretan?

Ez nuke hainbeste esango. Aurretik egin nuen tailerrean sorpresak egon izan dira liburuak irakurtzean jendeak izan dituen erreakzioekin. Nork bere aurreiritzi eta esperientzietatik egiten du analisia. Baina gertatu ohi da espero ez zuten pertsonaiekin identifikatuta sentitzea, eta alderantziz.

Gai korapilatsua izaki, elkarrizketak erraz sortzen dira?

Jendeak gai honen inguruan hitz egiteko gogoa duela esango nuke. Horrela ikusi nuen aurreko esperientzian. Oñatin egingo dudan literatur tailerrak izan duen harrera ona ikusita, jendeak interesa duela ematen du.

Garrantzirik ba al dauka parte hartzaileen profilak?

Tailerra irekia da. Baina interesgarria izango litzateke adin eta genero aldetik denetik egotea. Oso modu ezberdinean bizi izan dute jende gazteak eta aurreko belaunaldikoek. Bizipenak desberdinak direnez, nobela irakurtzean izaten diren erreakzioak ez dira berdinak. Erreakzio horien arteko kontrastea aztertzea gustatuko litzaidake.

BERRIAn argitaratua (2016/11/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA