astekaria 2016/11/18
arrowItzuli

mundua

Jatorrizko 'delitugileak'

Samara Velte

Jatorrizko 'delitugileak'

Etxe Zuriko bulego obalera heldutakoan, «historia kriminala» daukaten legez kanpoko migratzaileak deportatuko dituela iragarri du Donald Trumpek. «Delitugileak, bandak, droga trafikatzaileak; jende mordoa dira, ziurrenik bi milioi, beharbada hiru ere bai; herrialdetik kanporatuko ditugu, legez kanpo daude hemen», esan du joan den asteburuan AEBetako presidente hautatu berriak. Protestak ere egonak dira: atzo, unibertsitateetako ikasleak atera ziren kalera, paperik gabeko ikaskideen babesean.

Nolanahi ere, ezin uka Trumpek nabarmen apaldu dituela bere iragarpenak: kanpainan, «legez kanpoko etorkin guztiak» egotzi behar zituela esan zuen. Hamaika milioi inguru lirateke denera, Barack Obamak agintaldi osoan deportatutakoen laukoitza ia; AEBetako mugako zaindari guztiak etxeak banan-banan miatzen jarrita ere, nekez irudika litekeen kopurua. Eta Obamak ez dauka errekor makala arlo horretan. Egiaz, itxura du hark utzitako bidetik jarraitu asmo duela Trumpek. Presidente demokratak immigrazio erreforma gizatiarren promesarekin egin zuen kanpaina, 2008an: paperik gabeko familiak elkartzeko neurriak sustatuko zituela hitzeman zuen, eta baimenik gabe AEBetako heldutako haurren deportazioak atzeratuko zituela. Ordainetan, Washingtonek kategoria zehatzetan banatu zituen legez kanpoko migratzaileak: delitu historiaren bat zeukatenak, eta gainerako guztiak.

Deportazio formalak

1996ra arte, AEBetako Poliziaren egozte politika askoz informalagoa zen: kanporatzekoa zen pertsonak, oro har, epaile baten aurretik igaro behar zuen lehenbizi, eta herrialdetik egozten zituzten migratzaile gehienei ez zitzaien geratzen bestelako kargurik. Urte hartako erreformaz geroztik, deportazio gehienak epaiketarik gabe egiten dituzte, eta ondorio larriagoak dakartzate kanporatzen duten pertsonentzat, haien kriminalizazioa handitzen dutenez gero: denboraldi luzeagoez ukatzen zaie AEBetarako sarbidea, eta, kasu batzuetan, zigorrak eta karguak ezar diezazkiekete debeku hori hausten badute. Harrezkero, hiru talde nagusi dauzka jomugan deportazio sistemak: delitu batengatik kondenatutako migratzaileak; immigrazio arauak hautsi edota kontrolei ihes egin dietenak; eta AEBetara duela gutxi legez kanpoko bideetatik sartutakoak. Erreforma hura egin zutenetik, 4,6 milioi pertsona deportatu dituzte formalki AEBetatik; horietatik 3,7 milioi, 2003an Barne Segurtasunerako Agentzia (DHS, Department of Homeland Security) sortu zutenetik.

George W. Bushen administrazio errepublikanoak (2001-2008) zein Obamaren demokratak (2008-2016) sistema horrekin egin zuten lan. Desberdintasun nagusia da Bushek gehiago indartu zituela herrialde barruan zeudenen deportazioak, eta Obamak mugetan jarri zuela arreta. Migrazio Politikarako Institutuaren (MPI) arabera, 2013an kanporaketen %70 gertatu ziren mugan bertan. Herrialde barrutik egotzitakoen artean, %80k delituren bat zeukaten, baina horietatik %15 baino ez ziren AEBetako Barne departamentuak delitu larritzat jotzen dituenen artean sartzen. Gainerakoen artean, gehienek immigrazio legeak hausteagatik zeukaten karguren bat (%18); %14k, indarkeriazko delitu arinak —esate baterako, kalte pertsonal handirik eragin ez duten lapurretak—; beste %14k, indarkeriarik gabekoak —iruzurra edo armak gainean izatea—. %12ren kasuan, drogen jabetza zen auzipetzeko arrazoia, eta %4k, zirkulazioko auziren bat.

Desproportzioak

2014an deportatu zituztenen erdiek baino gehiagok ez zeukaten inolako kargu kriminalik. Hamarretik bederatzi Mexiko eta Ertamerikako herrialdeetatik zetozen —El Salvador, Guatemala eta Honduras—. MPIren arabera, deportazio legeek gainerako migratzaileei baino gogorrago eragiten diete herrialdeotakoei, legez kanpoko etorkin guztien %73 baino ez baitute osatzen. Horren arrazoietako bat da mexikar eta ertamerikar gehienak AEBetako hegoaldeko mugan bertan egozten dituztela. Batez beste, lau egun baino ez dira igarotzen muga gurutzatu eta atxilotzen dituzten bitartean; ia beti epaiketarik gabe kanporatzen dituzte. «Baimenik gabeko etorkin gehienak ez dira inoiz sartzen migrazio legeen sisteman», dio MPIren ikerketak: «Beraz, ez dute aukerarik izaten euren eskubideak gauzatzeko prozesuak irauten duen bitartean. Legeotatik probetxu atera lezaketen pertsonen kopurua askoz handiagoa da, benetan balia ditzaketenena baino».

Herrialde barruko deportazioak prozesu luzeagoak izaten dira, eta erdietan baino gehiagotan epaiketa formal bat egoten da tartean. Halako kasu gehienetan, AEBetara sartu eta gutxienez hiru urte igarotakoan gertatzen da kanporaketa. Politika horrekiko kritiko direnek bereziki nabarmentzen dute herrialde barruko deportazioen larritasuna, jada AEBetan finkatuta dauden etorkin komunitateengan mesfidantza eta beldurra eragiten baitute.

Erdialdeko Amerikako migratzaileen atxiloketak hirukoiztu egin ziren 2010 eta 2014 artean; eta deportazioak, bikoiztu. MPIk argitaratutako datuen arabera, ostera etxera bidaltzen dituzten pertsona gehienak gizonezkoak dira, 29 urtetik beherakoak, eta oinarrizko ikasketadunak. Soilik %2k daukate unibertsitate mailako prestakuntza, eta gehienak langabezian edo trebakuntza eskakizunik gabeko lanetan arituak ziren euren sorterria utzi aurretik. MPIren arabera, «oso gutxi dira trebetasun ertaina edo goi mailakoa eskatzen duten lanetan [ordainsari hobeak dituztenetan] aritutakoak»; pentsatzekoa da, beraz, migratzeko arrazoiak nagusiki ekonomikoak izatea. Kasu horietan ere, deportatuen %11k soilik zeukaten karguren bat delitu larriengatik.

Behaketa zentroak gorakada sumatu du azken urteotan Erdialdeko Amerikatik AEBetara migratzen duten haur eta emakumezkoengan. 2014ra arte, deportatutako adingabe gehienak nerabeak ziren eta bakarrik zeuden. Harrezkero aldatu egin da joera, eta orain gehienak familiarekin datoz. MPIren arabera, geroz eta familia gehiago saiatzen dira AEBetarako muga lurretik igarotzen: «Alde batetik, jatorrizko herrietako segurtasun baldintzek okerrera egin dutelako; eta, bestetik, trafikatzaile sareek atez ateko lana egiten dutelako, familiak konbentzitzeko arrisku gutxiago izango dutela Mexiko gurutzatzerakoan».

Kategoriak aldatzea

MPIren ustez, AEBetako Gobernuak paperik gabeko migratzaileak sailkatzeko erabiltzen dituen irizpideetan dago arazo nagusia: delitu historiari esanahi zabalegia ematen diolako. Ikerketa zentroak proba egin du, irizpide horietako zenbait malgutuz gero zenbat herritar geratuko liratekeen deportazio arriskutik kanpo. Immigrazio legeak haustea delituen zerrendatik kenduz gero, %5 gutxituko litzateke kanporatze arriskua; zirkulazioko delitu larriak aintzat hartu gabe, %6; eta, oro har, indarkeriarik gabeko delitu guztiak alde batera utzita, %13. Nola edo hala, eragin eskasa litzateke, MPIren ustez: «Barne Segurtasunerako agentziaren lehentasunak banaka aldatzeak nahiko eragin txikia izango du emaitzetan. Izan ere, deportatzen dituzten pertsona gehienek delitu kategoria bat baino gehiago bete ohi dituzte, kategoriak elkarrekin lotuta egon ohi direlako». AEBetara duela gutxi sartzeagatiko delitua zeukaten migratzaile gehienek beste kargu bat ere izan ohi dute immigrazio legeak hausteagatik; lurretik, behintzat, nekez sartuko lirateke haiek hautsi gabe. Edozein erreformak, beraz, dimentsio gehiago hartu behar ditu aintzat, MPIren arabera.

BERRIAn argitaratua (2016/11/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA