astekaria 2016/11/18
arrowItzuli

kirola

HAITZ LARRINAGA ETA IMANOL GARAIZABAL

«Oso garrantzitsua da taldearen oreka, antzera ibili behar izaten baitugu»

Unai Ugartemendia

«Oso garrantzitsua da taldearen oreka, antzera ibili behar izaten baitugu»

Ez dira kirol bakarreko kirolariak raidetan ibiltzen direnak. Natura eta lehia uztartzen dituen diziplina askotariko eta iraupen luzeko kirola da raida. Euskal Herrian irabazitako hainbat probaz gain, Europako Txapelketan hirugarren izan da Euskal Raid-Aralar Kirolak taldea. Basque Expedition Race-n, Getxon (Bizkaia), bigarren. Taldekideetako bi dira Imanol Garaizabal (Elgoibar, Gipuzkoa, 1978) eta Haitz Larrinaga (Ondarroa, Bizkaia, 1981).

Raidetan aritzen zareten gehienok beste kirolen batetik iristen zarete. Zuek zein kirol egindakoak zarete?

IMANOL GARAIZABAL: Mendiko lasterketetatik natorrela esango nuke. Ehizan oilagorretan ibiltzen naiz, eta betidanik mendian ibilitakoa naiz. 2008an mendiko lasterketetan hasi nintzen, eta korrika egiten nuen soilik. Denborarekin, belauneko arazo batzuk zirela medio, mendiko bizikletarekin hasi nintzen. 2010ean, Errioxan [Espainia] jokatu zen raid batera joan nintzen anaiarekin. Geroztik, beste proba batzuk egin nituen hainbat bikoterekin.

HAITZ LARRINAGA: Umetatik bizikletan ibilitakoa naiz: aurrena, errepideko bizikletarekin, eta, gero, gazteetan, pistan, abiadurako diziplinan. 200 metrokoa eta keirina egiten nituen. Ez zuen raidekin zerikusirik. 2006an, bizikleta utzi nuen oposizio batzuk prestatzeko asmoz. Bueltatu nintzen, eta triatloian ere aritu nintzen. Raidetan aritzen zen lagun batek probatzera gonbidatu ninduen, eta, denbora gutxian, emaitza onak lortu genituen.

Non egin zenuten lehen raid luzea?

I.G: Antoñanan [Araba] egin genuen raid batean, gaur egun taldekide ditugun Gaizka [Agirre] eta Aaronekin [Garmendia], proba luzeagoren bat egiteko ideia sortu zen, zerbait ezberdina egin nahi genuen. Korsikara joateko aukera aztertzen hasi ginen: etapaka egiten zen raida, bost egunekoa, baina tartean atsedenekin.

H.L: Ibilbide arrunta egin dugu: aurrena raid motzagoak, gero etapaka eta orain, berriz, non-stop erakoak.

Azkeneko raidak hiru egunekoak izan dira, baina, normalean, motzagoak egiten dituzue urte osoan. Nola pasatu zineten raid luzeetara?

I.G: Euskal Herriko liga hasiberrientzako liga baten moduan antolatuta dago, oso ondo pentsatuta dago. Zazpi orduko probak dira, eta ondo prestatuta egon behar da; baina denbora oso azkar pasatzen da. Emaitza onak lortu izan ditugu, eta ezagututako jendearekin asmo berriak sortuz joaten dira: proba luzeagoak, atzerrian...

Udaz geroztik eginiko probak izan dira aipagarrienak. Has gaitezen Europako txapelketa kontatzen.

I.G: Iaz, Raidaran [Lleida, Herrialde Katalanak] egiteko aukera izan genuen, eta hirugarren izan ginen. Aurten, Europako txapelketa zen han, eta berriro joan ginen. Taldean sei garenez, zozketa bidez erabaki genuen nor joango ziren. Haitz kanpoan geratu zen. Maitane Garmendia, Beñat Doyharzabal, Gaizka Agirre eta neu joan ginen. Bagenekien ohi dugun bezain ongi arituz gero nahiko txukun ibiliko ginela. Atzetik aurrerako lasterketa egin genuen. Aurten, gainera, ez genuen kanpoko laguntzarik, eta dena gainean eraman behar genuen. Logistika lan handia eskatzen du, eta dena aurretik oso ondo prestatuta eduki behar da. Azkenean, lehia estu baten ondoren, hirugarren amaitu genuen. Guztira, 500 kilometro inguru egin genituen.

Espero al zenuten halako emaitza?

I.G: Espero baino hobea izan zen. Ez genekien zein zen taldeen maila; baina haien izenak ikusita, bagenekien gauzak oso ondo egin beharko genituela. Lehenengo bi taldeak asko aurreratu ziren, eta besteon artean zegoen lehia. Azken orduan, kataluniarrak aurreratu genituen, eta hirugarren bukatu genuen. 82 ordu baino gehiagoko proba izan zen. Kataluniarrek gu baino lo gutxiago egitea erabaki zuten, eta hori izan zen, agian, gakoa.

Lo gutxi esaten duzunean, zertaz ari zara hitz egiten?

I.G: Lehenengo gauean, hamar minutu egin genituen; bigarrenean, ordu eta erdi; goiz horretan, beste hamar minutu; eta azkeneko gauean, kataluniarrak atzetik genituela ikusita, bost minutu. Guztira, bi ordu hiru gauetan.

Nola kontrolatzen duzue loa? Entrenatzen al zarete?

H.L: Askotan, kontu psikologikoa da. Mugimenduan zaudenean, ondo zaude. Norbait nekatuta dagoenean, hamar minutu lo egiten ditugu, eta berriro ere martxan jartzen gara. Mugitzen jarraitzea da gakoa, intentsitateari eutsi behar izaten diogu denbora guztian. Lasaituz gero, lo hartzen duzu. Azken raidean, Basquekoan, taldekide batek lo hartu zuen bizikletan. Ez zen ezer gertatu. Askotan kantatu ere egiten dugu lo ez hartzeko.

Urrian, etxean, Euskal Herrian, jokatu zen Basque Expedition Race. Bigarren izan zineten. Nolako esperientzia izan da?

H.L: Izugarria eta bikaina. Paregabea da maila horretako lasterketa bat etxean izatea.

I.G: Etxean lehiatzeak abantailak ditu irteeraren aurretik, bidaiaren logistika asko errazten du. Klima, basoak... ezagutzea ere abantaila da. Sentimenduen aldetik, egia esanda, alde gutxi dago Pirinioetako raidarekin alderatuta. Lasterketa hasita, niretzat toki denak ezezagunak zirenez, lasterketan sartu nintzen, eta askotan ahaztu ere egiten zitzaidan Euskal Herrian geundela. Errealitatea eta fikzioa nahastu egiten dira logura handia daukazunean, eta, niri behintzat, kanpoan lehiatzearen parekoa iruditu zitzaidan. Aaron eta Gaizka taldekideen animoak jaso genituen, hori izan zen Raideko momentu berezia.

Horrelako proba luzeetan, zenbat dagokio ahal fisikoari eta zenbat psikologikoari?

H.L: Erdi eta erdi, gutxi gorabehera. Diziplina maila handia izan behar da gehienetan, ez goi-mailakoa, baina bai erregularra. Lehen eguna oso gogorra izaten da. Errekuperazioak garrantzi handia du halakoetan.

I.G: Fisikoki, oso ondo prestatuta egon behar da. Kontua ez da azkar joatea, baizik eta, askotan, minik ez izatea: ezin duzu izan ipurdiko minik, ez gerrikorik, babarik ere ez oinetan... Gutxieneko bat behar da denean, irauteko.

Txakalaldiak ere izango dituzue askotan. Bakoitzarenak kontrolatzen dira, baina besteenak nola kudeatzen dituzue?

I.G: Oso garrantzitsua izaten da taldearen oreka. Erritmoak ondo eraman behar dira, denok antzera ibili behar izaten baitugu. Jarraibide batzuk baditugu horretarako, noiz jan behar dugun eta zer, noiz edan behar dugun... Hala ere, deitu gabe azaltzen dira txakalaldiak, eta, horrelakoetan, eutsi behar izaten da.

H.L: Norberak jakin behar du txakalaldi bat pasatzen ari dela, badakigu une txar bat igaroko dugula ordubetean edo bitan. Horrelakoetan garrantzitsua izaten da talde lana. Ondo jan, edan eta errekuperatuz joan behar da, pixkana-pixkana. Taldeak asko laguntzen du, asko balio du elkar ondo ezagutzeak.

Taldeak asko aldatzen dira urte batetik bestera. Hainbeste ordutako probetan, bizikidetzak zerikusi handia izango du.

I.G: Guk, oraingoz, ez dugu horrelako arazorik izan. Askotan ikusi izan ditugu beste talde batzuetako partaideak elkarri barkamen eske. Harrituta gelditzen gara. Egunen batean etor daitekeela horrelako arazoren bat? Agian bai, baina bitartean jarraituko dugu [barreak].

H.L: Bakoitzak jokatu beharreko rolak ondo definituta daude.

Taldeko entrenamendurik egiten al duzue?

H.L: Lasterketen aurretik, batez ere. Raidek talde lan handia eskatzen dute, eta komunikazioa ere oso garrantzitsua da. Entrenamendu horiek gehiago baliatzen ditugu hitz egiteko, fisikoki prestatzeko baino. Norbera arduratzen da bere prestakuntza fisikoaz. Ni astean 10-12 orduz entrenatzen naiz.

I.G: Bai, asko ez, baina batzuk egiten ditugu. Horretarako, hemengo raidak baliatzen ditugu. Bikoteak nahasten ditugu, batera bazkaltzen dugu... Bakoitza ahal den moduan entrenatzen da. Ni, esaterako, gehienez, hiru orduz entrenatzen naiz. Ez dira asko, baina intentsitate handiarekin egiten ditut. Egun batean bizikleta, bestean ordubete korrika, bestean serieak... Gehienez ere lau-bost entrenamendu astean.

Urteko egutegia nola egiten duzue?

I.G: Udazkenean elkartzen gara, eta taldeko entrenamendu bat egiten dugu. Zer egiteko aukerak ditugun ikusten dugu bertan. Azkenekoan, esaterako, Raidaran eta Basque Expedition Race egitea erabaki genuen. Biak gertu ziren; bat, gainera, Euskal Herrian. Bestalde, taldean sei garenez, bakoitzaren asmoak azaltzen ditugu.

Garaizabal, zertan da indartsua Larrinaga?

I.G: Bere bertuterik onena izaera du. Asko balio du gure kirolean. Trekkingean hasieran pixka bat sufritzen du, baina bizikletan oso ona da, eta metodikoa.

Eta Larrinaga, zein dira Garaizabalen bertuteak?

H.L: Gauzak oso garbi izaten ditu beti, eta jendearekiko harremanetarako aparta da. Fisikoki, oso indartsua da, eta taldeari asko ematen dio. Berdin dio pisu astunarekin ibiltzea. Prestaketan eta logistikan aparta da.

Probak garestiak izaten dira: izen emateak, materiala... Laguntzailerik ba al du taldeak?

I.G: Dena gastua da. Bizikleta mantendu behar da, edo arropa erosi... Aurten, Aralar Kirolak dendak materialarekin lagundu digu, baina, bestela, ez dugu diru laguntzarik jasotzen. Azkeneko raidean, esaterako, taldeko bakoitzak 500 bat euro gastatu genituen.

H.L: Amaierarik gabeko putzua da. Beti dago zerbait erosteko: kayaka ez bada, bizikletarentzako zerbait, oinetakoak, zira... Hainbeste diziplina dituen kirola izanik, beti falta da zerbait. Gauza asko elkarri utzita lortzen ditugu.

Etxekoek nola daramate zuen martxa?

I.G: Batzuetan ondo eta besteetan gaizki. Aste barruan ez da gauza asko zailtzen. Betebeharrak izaten ditugu, eta nahiko ongi moldatzen gara. Asteburuetan, berriz, entrenamendu bakar bat egiten dut, beste eguna familiarentzat izaten da. Okerrena proben bezperatan izaten da. Bakoitzaren munduan murgiltzen gara, eta etxekoek nahiko nazkatuta amaitzen dute.

H.L: Niri orain hasiko zait raida. Hemendik gutxira aita izan behar dut, eta orduan ikusiko da. Alde horretatik, abantaila badaukat. Irantzu [Martinez de Antoñana] bikotekidea ere raidetan ibiltzen zen, eta badaki zer den. Orain arte, nahiko ondo moldatu gara.

BERRIAn argitaratua (2016/11/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA