astekaria 2015/10/02
arrowItzuli

iritzia

Mobilizaziotik prozesura

Jule Goikoetxea

Mobilizaziotik prozesura Jule Goikoetxea

Lau egun barru Kataluniak historia egingo du; guk, berriz, lau hamarkada barru historiatik alde. Etorkizun beltza dugu hemen; oraina, aldiz, ederra, guztia baitugu galtzeko. Duintasuna tangaka, baina ongizatea itun ekonomikoari irmoki itsatsia. Badugu, halere, desioa utopia eraikitzen jarraitzeko, iritsiko baita eguna, akaso, non duintasuna eta ongizatea kuadrilla berekoak direla atzemango duten; eta ongizatea ez den soilik ekonomiarekin lotuko, etika-politikoarekin baizik, gure gorputzak eta haiek ekoizten dutena erabaki bezala gobernatzearekin. Iritsiko da eguna, akaso, non demokrazia zer den, eta zer izan behar duen giltzatzeko gai izango garen, non badabilen bideak ez gaituen harrapatuko, baizik eta guk bidea egingo, zeren eta jakina da «caminante, se hace camino al andar»; baina horretarako zuzen ibiltzen ikasi behar aurretik eta argi eduki, gero, kalbariorako bidea zerurako bidea dela eta ez independentziarako lasterbidea. Bestetik, ibiltzeko era anitz daude, enkarguak egiteko modu batera, Bastilla hartzeko bestera. Manifestaldiak ere ibiltzeko era bat dira, euskaldunok berezkoa duguna. Ezinbestekoak izanik, ez dira nahikoa burujabe izateko. Horretarako, eskakizunetatik proposamen zehatzetara igaro behar da, orduan egiten baita bidea edo Machadoren bertsio independentistan «se hace camino al andar, no al pasear».

Katalan askok uste dute haiek sortutakoa (osasunetik ezagutzara ogia tarteko) haiek gobernatzea dela duinena eta horrek ongizatea dakarrela. Urteetan estatuak izan duen esku-hartze anti-demokratikoak, mespretxuen bildumak, asaldatu ditu Katalanak. Baina independentziaren aldeko mugimendu indartsua prozesu bilakatu zen umiliazio sentimendua praktika politiko izatera igaro zenean, diskurtsoaren bidez. Gu ez gara gai izan bidegabekeria hori umiliazio politiko moduan sentitzeko eta sentiarazteko, ez behintzat herri gisa, Katalunian bezala, eta nago ez dela ibiltzen jaioak ez garelako, hitzak bide egiten jakin ez dugulako baizik. Bidea ibiliaren ibiliz egiten da, baina bidea praktika diskurtsiboa da. Independentziaren aldeko diskurtsoek ez badute bidegabekeria (sozioekonomikoa, instituzionala, kulturala) eta, aldi berean, balizko irteera artikulatzen, ez dago jendeak atzeman dezakeen biderik, eta (irten)biderik atzematen ez bada, ez dira bidea egiten hasiko.

Utopia indartsuenak ondo antolatu eta errotutako argumentu multzoak dira. Marxismoaren zutabea ez da Manifestu komunista, Kapitala baizik. Ideia garbi eta eraginkor batek azterketa eta plangintza konplexua dakarrela, alegia. Egiturak, zirkuituak eta eragileak berridentifikatu, nazio mailan eta nazioartean profil egokiak hautatu eta kontaktatu, emantzipatu nahi den herrialdearen erradiografia eta topografia fina, lobby-en eremukako eraketa formala eta informala, esparrukako ikerketak eta gizarteratze mekanismoak.

Zein izango da gure demografia hemendik hamar, hogei, 30 urtera? Gizarte zaharkitu horrek nolako produkzio erregimena, osasun-sistema eta lan baldintzak izango ditu? Zer politika publiko jarri behar dira jada abian aurreikusten dena ekiditeko? Komunitate linguistiko anitzeko herrialde federalek zer-nolako hizkuntza politikak dituzte? Petroliorik eta eguzkirik gabekoek nondik ateratzen dute energia? Zer dinamika sozioekonomiko eta kultural dira sistemikoak, zer elementu aldakorrak eta zeintzuk aldaezinak (media, itsasoa)?

Independentzia prozesu demokratikoen zutabe nagusia dira informazio eta proposamen horiek, eta liburu zuriek jasotzen dituzte: zer garen jasotzen dute lehenik, zer ez dugun gustuko eta zer aldatu nahi dugun gero. Azkenik, aldatu nahi duguna nola lortu, hau da, estrategiak epe motzera, ertainera eta luzera.

Ondo antolatu eta errotutako argumentu multzoak ezinbestekoak dira manifestaldi puntuala mobilizazio iraunkor bilakatzeko, eta mobilizazioa, prozesu. Paseoan ibiltzetik bidea egitera igarotzeko.

BERRIAn argitaratua (2015/09/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA