astekaria 2016/11/18
arrowItzuli

kirola

Lehoien olinpoan

Haritz Gallastegi

Lehoien olinpoan

Ezohikoa da Aritz Adurizen kirol ibilbidea (Donosria, 1981). Futbolean gutxi batzuk izango dira 30 urte beteta jokoan gora egin dutenak. Agian, aurrelarien artean, Aduriz izango da bakarra. Aurrelari ona izateari utzi, eta izar bihurtu da gainerako gehienak gain behera hasten direnean. Zaleak harrituta daude, eta futbolaz asko dakitenak ere bai. «Lan ikaragarria egiten ari da. Ez da ohikoa. Gozatzen ari gara haren jokoarekin», esan dio BERRIAri Daniel Ruiz-Bazanek (Sopuerta, Bizkaia, 1951). Athleticen historiako golegile nagusietan hirugarren denak pisu handia du Athleticen. Ez da txikiagoa Ismael Urzaizena (Tutera, Nafarroa, 1971). Azken hiru hamarkadetan zuri-gorriek izan duten futbolaririk erabakigarrienetakoa dena bat dator Dani-rekin. «Izugarria da egiten ari dena. Denbora guztiontzat pasatzen da, baina haren mailak gora egiten jarraitzen du. Gol asko sartzen ez ezik, maila oso ona ere ari da erakusten».

Aduriz Ezaugarriak
Jakinekoa da Aduriz azken urteotan egiten ari dena. Baina ez da horren samurra haren errendimenduan hobekuntza eragin duten faktore nagusiak aurkitzea. Bai Danik eta bai Urzaizek ere garrantzi handia eman diote futbolariak etxetik kanpo egin duen ibilbideari. Burgosen eta Valladoliden hasiberria zenean eta Mallorcan eta Valentzian helduago zenean ikasitakoak asko lagundu omen diote azken bost denboraldiotan erakutsi duena azaleratzeko. «Arlo guztietan hobetu egin duelako da hobea urtez urte. Bere ibilbidean hainbat oztopo gainditu behar izan ditu. Harentzat, kolpea izan zen Athletic utzi behar izatea; baina kanpoko esperientziari esker, helduagoa da. Eskarmentu gehiago du», dio Danik.

Urzaizek arrazoi gehiago eta sakonagoak ikusi ditu, besteak beste, Aduriz «oso ondo» ezagutzen duelako. «Jokalari bakoitzaren garapena ezberdina da. Duela hamar urte, dohain handiak zituen, baina uste dut azken urteotan arlo psikologikoan hazi dela. Egun, erabaki zuzenagoak hartzen ditu. Huts gutxiago egiten ditu. Halaber, Athleticetik kanpo bizi izandako esperientziek lagundu egin diote hobetzen. Jokalari lehiakorrekin aritu da borrokan hamaikakoan lekua lortzeko. Bestalde, arlo fisikoan oso indartsua izan da beti, eta hala segitzen du».

Genki sartutako bost golei esker, Adurizek aurrea hartu dio Urzaizi Athleticeko golegile onenen zerrendan. Donostiarra lehen hamarren artean sartu da, 131 golekin —129 sartu zituen Urzaizek—. Hala ere, nafarra ez dago minduta. «Gure arteko harremana ona da. Lehia polita izan dugu maite dugun klubaren aldeko borrokan. Hark nik baino ehun partida gutxiago behar izan ditu nik adina gol sartzeko. Halere, nik beste lan bat nuen taldean». Urzaiz ez da izango Adurizek gaindituko duen azkena. Hala ere, nekez ailegatuko da Daniren parera. Aurrelari ohiak 199 gol sartu zituen hamabost denboralditan. Adurizek, hori bai, markak hobetzen jarraituko du. Joan den larunbatean ondu zuen azkena, Espainiako selekzioarekin Mazedoniari gola sartuta. Espainiarekin gola sartu duen jokalari helduena da: 35 urte, bederatzi hilabete eta egun bat. Jose Maria Peña Salegi getxoztarrak zuen aurreko marka, 1930etik.

Ordezkoen hautaproba

Noiz hasiko da Adurizen gainbehera? 36 urte betetzear dagoen futbolari batek zenbat gehiago iraun lezake maila gorenean? Urzaizen iritziz, talde aproposean dago maila ona ematen jarraitzeko. «Faktore askok baldintzatu dezakete futbolari baten ibilbidea. Baina, Adurizek Athleticen duen ingurua aintzat hartuta, uste dut beste bi urte oso on eman ditzakeela ». Danik ere antzeko epea du buruan. «Ez dago jakiterik. Beste bi urte asko ala gutxi da? Eta hiru urtez maila onean jarraitzen badu, nahikoa izango da? Sasoiari lotutako kontua da. Egun, gazte askok baino sasoi hobea dauka. Bide beretik jarraitzen badu eta lesiorik izaten ez badu, iraun egingo du».

Aduriz da Athleticek bere historian egindako akats nagusietako bat, eta, era berean, jokalari errentagarrienetako bat. Ez da kontraesana. Erraza da ulertzea. Aurrelariari bi aldiz zabaldu diote klub zuri-gorriko atea, joan zedin. Aurrenekoz, 22 urte besterik ez zituenean. Libre utzi zuten, eta Burgosera joan zen. Bada, handik hiru urtera, hiru milioi euro pasatxo ordaindu behar izan zizkion Athleticek Valladolidi taldea zulotik ateratzen laguntzeko. Are txarragoa izan zen Fernando Garcia Makuak harekin egin nahi izan zuen hurrengo negozioa. Bost milioi euroren truke saldu zion Mallorcari. Hori gutxi ez, eta Mallorcak erdia baino ez zuen ordaindu konkurtso legean zelako.

Athletic oker aritu zen birritan, baina ez pentsa Valentziaren erabakia hobea izan zenik. Valentziak bi milioi eta erdi euroren truk utzi zion joaten 2012ko udan. Orduan, egiari zor, Fernando Llorenteren ordezko on gisara saldu zen Josu Urrutiaren zuzendaritzaren apustua. Bada, Aduriz Athleticera bigarrenez itzuli aurretik 68. zegoen golegileen zerrendan. Egun, hamargarrena da.

Zer gertatutako da Aduriz miraria amaitzen denean? Nork hartuko du lekukoa? Egun, hiru jokalari daude zerrenda horretan: Iñaki Williams eta Sabin Merino lehen taldean, eta Asier Villalibre bigarren taldean. Zuhur jokatu nahi izan dute Urzaizek zein Danik. Azkenaren arabera, «errazegi» egiten omen dituzte izar ezer gutxi erakutsi duten futbolariak. «Ez zaizkit gustatzen horrelako kontuak: hori da hedabideen, zaleen eta gure huts nagusietako bat. Bi partida on jokatu dituen futbolari bat neurriz kanpo loriatzen dugu. Ezer egin barik izar bihurtzen ditugu. Hori egitea oso kaltegarria da. Futbolari bat ona dela esateko, bizpahiru urtean aritu behar du ondo. Izar izateko, lan handia egiteaz gain, borrokatzen eta sufritzen jakin behar da». Urzaizek, ordea, ez du uste aipatzen diren futbolariek Adurizek, Llorentek eta berak egin duten lana bete dezaketenik. «Egun, ez dut ordezkorik ikusten Adurizentzat. Athleticen arrakasta izan duten erdiko aurrelariak taldearen zama hartzeko gai diren futbolariak dira, bizkarrez ondo aritzen direnak, alegia. Sabin Merinoren eta Williamsen ezaugarriak ezberdinak dira. Akaso, Sabin postu horretako ofizioa ikasten badu... Williams, bestalde, oso azkarra da. Beste talde batean izango zuen lekua aurrelari peto gisa, baina Athleticen ez dut ikusten luze gabe. Villalibre, berriz, oso gaztea da. Bakean utzi behar zaio».

BERRIAn argitaratua (2016/11/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA