astekaria 2016/11/18
arrowItzuli

politika

Elur bolaren irakaspena

Joxerra Senar

Elur bolaren irakaspena Joxerra Senar

Goizaldeko taberna giroko liskarra Arguedasen gertatu izan balitz, oharkabean igaroko zen. Ez legoke albisterik. Haatik, Arguedas edo beste herri bat beharrean, Altsasun izan zen, eta non horrek goitik behera baldintzatu du dena, ezereza terrorismoarekin lotzeko. Hilabete geroago, elur bola ikaragarri handitu da eta zortzi gazte eraman ditu berekin. Hasteko, delitu larriagoetan anonimotasuna gorde ohi den bitartean, bere izenak lau haizetara zabaldu dituzte, errugabetasun printzipioa urratuz. Bigarrenik, isun batekin konpondu daitekeen kolpe arinen falta egotzi ordez, urtetako espetxearen mehatxua jarri zaie buru gain. Euren izena zikindu dute, herri osoarena bezala.

Haatik, ez da ahaztu behar nork eman zion bultzada elur bolari: Guardia Zibilak. Hark esan zuen bi guardia zibilak eta euren bikotekideak 50 lagunek jipoitu zituztela. Hark aipatu zuen antolatutako «segada» izan zela. Hark ondorioztatu zuen terrorismo delitua egon zitekeela atzean. Bikotekideetako batek ukatu eta Foruzaingoaren atestatuak ondorioztatu zuen ez zela segada, taberna giroko liskar bat baizik. Iruñeko epaile instruktoreak auzia hartu bitartean, Guardia Zibilak lehen bertsioa aldatu eta ez zela eraso antolatua adierazi zuen. Ez zegoen orduan terrorismorik. Auzitegi Nazionalak auzia hartu duenean, itzuli da berriro Guardia Zibila lehen bertsiora.

Zenbait komunikabidek ekarpen erabakigarria egin dute: albisteari aurreiritzia nagusitu zaio, eta kazetaritzaren urrezko arauak urratuz, totuum revolutum arriskutsu bat eratu dute. Ezin dira komunikabide guztiak parekatu, baina kazetaritzaren sinesgarritasun krisiaz mintzo garenean kazetariok Altsasukoarekin badugu zer hausnartu, boterearen makinariaren morroi izatera makurtu behar badugu.

Elur bola handi horri errematea Auzitegi Nazionalak eta Covitek eman diote. Biktimen elkarte soil batek salaketa Madrilen jarri eta Carmen Lamela epaileak zuzenean Iruñera igorri ordez, protagonismoa bereganatu nahi izan du. Auzia hartzeko beharrezkoa zuen terrorismo delituarekin lotzea, eta horretarako gertaerari, Alde Hemendik kanpaina eta segurtasun indarren aurkako ustezko jazarpena erantsi dizkio, jarraian Zigor Kode berriko 573. artikulu anbiguoa nahierara tolesteko.

Hemen ezer planifikatu bada, Guardia Zibilaren eta Auzitegi Nazionalaren jarduna izan da. Liskar soil bat erabili dute aldarrikapen politiko zilegi bat kriminalizatzeko: segurtasun indarrak Euskal Herritik kanpora ditzatela eskatzea. Zentzu pixka bat geratzen bada, elur bola, goiz edo beranduago, urtu beharko litzateke; baina, tamalez, Euskal Herrian badakigu bestelako interesak nagusitu ohi direla. Inoiz epaimahai batek urriaren 15eko liskarra terrorismotzat joz gero, edozer sar daiteke zaku berean. Trumpen garaipenak larridura eragin du, baina isilean, hurbilago, baditugu hainbat Trump, legea euren interesen zerbitzura makurtzeko prest. Guztia hain larria ez balitz, atal surrealista honek aspaldiko susmo hura baieztatu dezake: nostalgikoek faltan botatzen dute ETAren indarkeriari etekina ateratzen zioten garai hurbil hura.

BERRIAn argitaratua (2016/11/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA