astekaria 2016/11/18
arrowItzuli

bizigiro

PETER ROBERTS

«Txikitan, amak debekatua zigun keinuak egitea hitz egiteko orduan»

Edu Lartzanguren

«Txikitan, amak debekatua zigun keinuak egitea hitz egiteko orduan»

Segoviako ihesa filma (Imanol Uribe, 1981) ikusi dutenek gogoratuko dute eszena ikaragarrienetako bat: muga pasatzear, askatasunetik gertu, preso iheslariak pagadi batean daude. Bat-batean, laino artean, guardia zibil baten silueta iluna ikusten da, trikornioarekin. Drakularen kaparen antzeko bat darama soinean. Jende gutxik daki guardia zibil beldurgarri hura Peter Roberts mimoa zela errealitatean (Watford, Hertfordshire, Ingalaterra, 1952).

Mimo izanda, mutu aritu zara aktore lanean 40 urtez. Behin aukera eman film batean zerbait esateko eta «alto a la Guardia Civil» esanarazi zizuten?

Casting-era aurkeztu nintzenean esan zidaten: «Guardia zibilarena egin behar duzu», eta nik, «Malagako ahoskerarekin, edo...?». Uste dut, azkenean, neure ahoskera atera zela, latz eta gordin. Noski, harrezkeroztik, mutu aritu naiz. Filmean hiru eszenatan agertzen naiz, baina hori zen indartsuena. Beti da hobea gaiztoarena egitea film on batean, film txar batean zintzoarena egitea baino.

Baina zu zer zara, eskoziarra ala ingelesa?

Eskoziarra naiz odolez eta jasotako kulturaz. Gurasoak Londresera jaitsi ziren kontu baterako, eta han jaio nintzen ni. Edonola ere, zazpi urteak Nigerian bete nituen, Lagosen. Aita egunkari inprimatzailea zen, eta Lagosko kazeta batean egin zuen lan, eta han bizi izan ginen urtebetez. Baina, eskolatu, Edinburgon eskolatu nintzen.

Eta Afrikaz gogoratzen duzu ezer?

Asko. Eskoziara itzuli nintzenean, Nigeriako neure bizitzako gauzak kontatzen nituen... eta gezurti esaten zidaten. Sugeak kalean zebiltzala? Idi bat atzetik segika izan zenuela hirian? Ez zidaten sinesten, eta gaztetik konturatu nintzen egiaren eta gezurraren arteko aldea kontatzen duzun moduan datzala, eta zeuk nola bizi duzun eta besteek nola bizi duten, horretan dagoela kontua. Hasiera ona izan zen kontalari izango zen batentzat. Halere, saiatzen naiz gezurrik ez esaten, gero esan duzun guztia gogoratu behar duzulako. Askoz errazagoa da egia gogoratzea. Baina, batzuetan, apur bat apaindu behar da egia.

Sismologoa izateko zorian izan zinela esan izan dute, hau da, lurrikaren ikertzaile. Hori apaindutako egia al da?

Lutonen [Londrestik 50 kilometrora, ipar-mendebaldera] sismologiako gailuak lur azpian jartzeko zuloak egiten aritu nintzen lanean enpresa batean. Baina, zientzia ikasketak banituenez, elkarrizketa bat eskatu nuen sismologia talde horretan aritzeko. Zuloak egiten amaitu nuenean, kontratua kitatzeko dirua eman zidaten, eta Donostiara oporretan etortzea erabaki nuen... Ez nintzen inoiz elkarrizketa hartara heldu. Andrearengatik ez balitz, lurrikarak ikertzen arituko nintzateke.

Hor hasi zen zure bizitza katramilatzen?

Bi asterako etorri nintzen, 1975ean. Baina jende xarmagarria ezagutzen hasi nintzen... eta kitoaren dirua gastatu nuen. Lanean hasi behar, eta ingeles eta arte irakasle hasi nintzen, ingeles eskola batean. Artea irakatsi beharrak eraman ninduen gero bestera. Hemengo metodoa penagarria zen: Expresión Plástica liburua zegoen, eta horren ariketa batean mekanikari batzuen marrazkia agertzen zen, kolore biziz. Pareko orrian, marrazki bera, zuri-beltzean. Eta hura koloreztatzea zen haurrek egin beharreko ariketa!

Eta zer proposatu zenien?

Ostiraletan artea egitea: marrazkia, poesia, ipuingintza, antzerkia... Baina, atrezzorik edo jantzirik ez genuenez, mimoari ekin genion: autobus geltoki bat behar bagenuen, keinuz sortzen genuen, baita hartan txiza egiten ari zen txakurra ere. Orduan, mimoa ikertzen hasi nintzen, eta ikasten, Frederik Vanmellerekin. Horretarako aurrekontua berehala amaitu zen. Gainera, bi asteren buruan erabaki nuen ez nuela Vanmellek irakatsitakoa egin nahi, baizik eta neurea atera.

Baina, Ingalaterran, eta beharbada baita Eskozian ere, tradizioa izan da stiff upper lip (goiko ezpaina mugitu ere ez) jarrera, hau da, emozioak gorputzaren bidez erakustea erreprimitzea. Posible al da mimo izatea hala?

Amak heziketa viktoriarra jaso zuen, eta txikitan debekatua zigun keinuak egitea hitz egiteko orduan. Keinurik gabe adierazi behar genuen, hitzez. Baina, nire ustez, txikitatik izan nintzen adierazkor samarra. Gainera, bidaiatzen aritu nintzen 1968. urtetik, eta, hizkuntzaren mugarekin, asko erabili behar izan nituen keinuak.

Mimo, el arte del silencio liburua argitaratu zenuen 1983. urtean (Ttarttalo). Zergatik erabaki zenuen mimo irakasle bihurtzea?

Gazte batzuk etorri zitzaizkidan irakasteko eskatzen, eta, badakizu, Eskozian bakarrik esan dezakezu ezetz eskatutakoak min egiten badu. Lehen ikastaroa 15 lagunerako diseinatu nuen, eta 30 ikasle etorri zitzaizkidan.

Orain badakizu euskaraz eta gazteleraz ere. Antzerki mutua hizkuntzen irakaskuntzan erabili duzu; hori ez al da kontraesan bat?

HABErentzat Ikuska saileko hainbat bideo egin nituen euskara irakasteko erabiltzeko. Hitzik gabeko komunikazioa ikertzen aritu nintzen. Eta hizkuntzalari batekin aritu nintzen mimoa hizkuntzako kontzeptuak azaltzeko erabiltzeko moduak aztertzen: Urrunegi adierazteko, esaterako, bizarra egin nahi zuen gizon bat antzezten nuen: makinaren kablea motzegia zen, eta ispilua hurbildu behar nuen. Galdu zen ikerketa ildo hura, abangoardistegia zelako garai hartako, baina pentsatzen ari naiz berriz ekitea horri.

Gorputz hizkuntzan aditua zarenez, zer zaizu deigarri euskaldunen artean?

Ez dakit nork aholkatzen dituen politikari batzuk. Gela batean sartu prentsaurrekoa ematera, eta, automatikoki, jaka ixten dute. Mezu okerra zabaltzen dute. Euren buruak ireki beharko lituzkete, ez eta hesi bat jarri. Pentsatu izan dut ikastaroak eskaintzea enpresaburu eta politikarientzat, jendeak gero pentsa ez dezan beti gezurretan ari direla. Pinotxoren istorioa ezagutzen duzu, ezta? Bada, jende gehienak sudurra ukitzen du gezurra esaten duenean. [«Ni ondratua naiz» esan du, sudurra ukitzen duen bitartean]. Norbait deseroso dagoenean, alkandora edo elastikoaren lepoa ukitzen ohi du, itotzen ari balitz bezala. Gainera erraza da jakitea noiz ari diren benetan barre egiten: sabela mugitzen ez bada, gezurrezko barrea da. Norbait ikusten badut jaka ixten, sudurra ukitzen eta arroparen lepoa mugitzen, beti pentsatzen dut: beste hautagaiari sinetsiko diot.

Trumpek egiten al du hori guztia?

Ahobero izugarria da, agian horregatik ez du keinuz asko adierazten. Baina argi uzten du zer egin nahi duen eta zer asmo dituen. Zaila zen esatea bi hautagaietako zein zen okerrena. Orain, denok pairatu beharko dugu milioi gutxi batzuen erabakia.

Matxinatu egin zinen heziketa viktoriarraren kontra. Euskaldunok ez ditugu geure buruak oso adierazkor ikusten. Bertsolariak giza estatuak dira, ia. Benetan gara geuk uste bezain zurrunak?

Jendea oso adierazkorra da leku guztietan, mus partidetan salbu. Garrantzitsua da jakitea zer diren keinuak eta nola erabili. Ez zara sartu behar norbaiten bizi eremuan arrazoi egokirik gabe, eta, zenbat eta iparralderago, orduan eta espazio handiagoa behar du jendeak. Bestetan, berriz, jendeak behar du ukitzea.

Mimo asko zegoen 1980ko hamarkadan, baina, azken boladan galdu egin dira. Zer deritzezu gure hirietan horrenbeste ikusten diren giza estatuei?

Hego Amerika mimoz beterik dago, Argentinan, Perun, Venezuelan... Kolonbian Mímame jaialdia dute, eta urtero gonbidatzen naute. Mimo estatikoa ondo dago meditazio ariketa gisa, gorputzaren kontrol gisa. Baina ez dute ezer kontatzen, deskripzio hutsa dira. Ez dira mimoak, ez dutelako istorio bat kontatzen. Nik beti giza ukituko istorioak kontatu izan nahi ditut. Gaur, gazteei alkoholaren arriskuez ohartarazteko ikuskizun bat egiten ari naiz, eta oso probetxugarri sentitzen naiz horrekin. Eskoziar baten istorioa kontatzen dut. Mozkortu egingo da, eta erietxean amaituko du.

Brexit-a gauzatzen bada, arazoak izango dituzu?

Brexit-aren erreferenduma ez da logikaz edo adimenez egin, emozioa bilatu dute. Europa osoari asko kostatuko zaion oker larria da. Baina ez dut uste brexit-a gauzatuko dutenik. Zuhurtasuna oso garrantzitsua da, eta ez dute aurrera egingo. Zain nago Eskozia noiz egiten den independente, hango pasaportea eskatzeko. Baina karta bat daukat mahukan gordeta: amonetako bat irlandarra zen. Bigarren belaunaldikoa izanda, uste dut eskubidea dudala Irlandako pasaportea izateko.

BERRIAn argitaratua (2016/11/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA