astekaria 2016/11/18
arrowItzuli

iritzia

Arnaldo eta Mafalda

Miren Amuriza

Arnaldo eta Mafalda Miren Amuriza

Zapatu goiza, euri usaina eta beharrerako gogoa tamainan hik. Zer egin? Gauzak ordenatu. Mahai gainean poltsa hustu eta non agertu zaizkinan Eroskiko kupoiak, konpresa bat, 10 zentimo, ezpainetakoa eta Otegiren aurpegia (orain baino zimurtxo batzuk gutxiago eta kilotxo batzuk gehiagorekin) daroan txapa bat! Ez, kanpainakoa ez, dezente handiagoa. Eta orduan hasi haiz memoria, oh, memoria bedeinkatua, egiten. Heure burua ikusi dun Gernikan, urriko azken astelehenean, ordu txikietan senegaldar batekin berriketan (hi bai sinpatika!). Parean izara beltz bat txapaz josia eta hantxe, elkarren segidan, Elvis Presley, Aduriz, Belen Esteban, Arnaldo eta Mafalda. Arnaldorena erosi dun, tiro bakarrarekin txori bi, hik herri egin eta senegaldarrari irri eginarazi (txalo bero bat heure buruari!). Lagunei erakutsi eta esan dien zutabe baterako gaia emango dinala (gezurtera! desiatzen hago janzteko); finean gustatu egiten zain gizon objektuaren ideia, eta Arnaldo bera ere, guapoa delako ez ote dagoen izara beltzean... Behin horrezkero memoria, oh, memoria selektiboa, aktibatzea erabaki dun. Eta zalantzan geratu haiz: ez jakin hainbeste asmatu den Otegiren irudiaren hedapenarekin (baten batzuek horrekin dirua atera dezaketela pentsatzeraino) ala hain gutxi (baten batzuok politikaria Belen Estebanekin parekatzeraino). Euri usainak zer dakarren...

BERRIAn argitaratua (2016/11/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA