astekaria 2015/11/13
arrowItzuli

ekonomia

JABIER LARRAñAGA

«Aberastasuna dutenak joanez gero, zeroren edozein portzentaje zero da»

Xabier Martin

«Aberastasuna dutenak joanez gero, zeroren edozein portzentaje zero da»

Legegintzaldi honetan Gipuzkoan gauzatuko den politika aldaketaren bide orria oso argi dauka Jabier Larrañagak (Azpeitia, 1972). Ongizateari eusteko enpresei laguntzea oinarrizkoa dela uste du, eta zerga politika foru gobernuaren ardatz horretara egokitzera doa. Larrañaga enpresa mundutik dator, eta nabari zaio, arlo teknikoan eroso mugitzen baita.

Berrienetik hasita: GHKren 50 milioitik gorako zorrak zer-nolako eragina izango du Aldundiaren kontuetan?

Aurrekontuetan ez du eraginik izango. Zorra Aldundiak kontsolidatzen du eta Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioari honen berri eman behar zaio. Hortik aurrera, ez du bestelako eraginik epe motzera.

Ogasunak dituen arantzak ezagutzen hasi zara, bistan da; Helena Francoren lekukoa hartzeak ere badu bere pisua, aurreko gobernuaren ikurretako bat baitzen.

Beti da ardura Ogasuna kudeatzea, baina alboan dudan talde profesionalarekin arituta hobe egiten zaio aurre erronkari.

Markel Olano ahaldun nagusiak eta zerorrek garbi utzi duzue aurrekontuen «espiritua eta helburu nagusia» susperraldi ekonomia dela. Baita gizarte politiken aurretik ere?

Ez. Hain zuzen, gizarte politikari eusteko eta hura babesteko jarri dugu susperraldiaren erronka. Sinetsita gaude aberastasuna jarduera ekonomikoak eta kalitatezko enpleguak ekarriko duela. Era naturalean iritsiko zaigu hobekuntza hori, eta horrek berak lagunduko digu egungo ongi-izate mailari eusten. Beti izan gara industria gune garrantzitsua, eta gaur egun buruz-buruko errenta altuenetakoa dugu Europan. Ez da kasualitatea. Iritsi garen garapen mailara iritsi bagara, industriari esker izan da batez ere. Ezin dugu ahaztu. Ekonomia sustatzea gizarte politikak bermatzea da.

Politika sozialak hazkundeari lotuz, etorkizunean babes sozialean murrizketak egon daitezkeela esaten ari al zara? Jasangarritasunaz ari al zara?

Hazkundearekin dagoen lotura argia da. Ezin da gastatu besterik gabe, ez da ona. Inbertitu egin behar da; gastu kontzeptutik inbertsio kontzeptura pasatu behar dugu gizarte politikan. Alegia, pentsatu behar da zer den jasangarria eta zer ez. Beharrak asko dira, ongi-izate maila altua daukagulako, eta horri eusteko hazkundeari erreparatu behar diogu, bestela halako batean ez ginateke iritsiko; ez dakit noiz, baina gertatuko litzateke.

%3 inguruko hazkundea dugunean esaten ari zara hau guztia.

Arazoei iritsi aurretik eutsi behar zaie. Orain da hurrengo urteetako jasangarritasuna mahai gainean jartzeko momentua, eta ez egoerak behartzen gaituenean. Azken unean soluzio gutxi topatzen dira normalean, eta murrizketak iristen dira. Hori gertatu aurretik gure ardura da inbertsiora joatea, eta ez pentsatzea horrelako politika gehiago edukitzea hobe dela, besterik arrazoitu gabe.

Zein da aldea gastu soziala eta inbertsio sozialaren artean?

Euro bakoitzari atera behar zaion etekina; ez dugu pentsatu behar aurrekontuen tartan gizarte politika erdia dela eta hiru heren balitz, hobe litzatekeela. Ez. Ez dakit zenbat izan behar duen tarta horretan, baina bai euro bakoitzak eraginkorra izan behar duela. Errespetuak eta ardurak behartzen gaituelako herritarrek jartzen duten euro bakoitza hala erabiltzera. Hori da aldea.

2016an ez dira egongo orduan mendekotasun legean eta beste atal batzuetan murrizketarik. Eta aurrerago?

Ez dira egongo 2016an, eta aurrerago ere ez daude aurreikusita. Baina, gauza bat argi: ez gaude aldaketak egitera itxita. Kontua da berriro gainbehera badator, horrek eraginik ez izatea, horretarako hausnartu behar da orain gizarte politikaren inguruan.

Aurreko gobernuak 14 milioi euroko zuloa utzi duela salatu duzue, baina zulo horren eragina ez duzue oso argi azaldu.

Hobe dugu geroari begira aritzea. 2015eko aurrekontua konponduta dago, eta 2016koan ere koadratua dago, kontsolidatu egiten baita.

Programan argi azaldu zenuten zerga politikan aldaketak egingo zenituztela. Aberastasunaren zergari izena ere aldatu behar al diozue?

Izena aldatu behar zaiola uste dut. Zergatik? Gipuzkoan fortuna handia batek edo bestek izango dutelako, baina ez askok. Beraz, izen horrek ez du errealitatea islatzen. Azkenean enpresari ertainei eta txikiei eragiten die gehien zerga horrek. Gauzei bere izenez deitu behar zaie.

Ondare zerga al da izen hori?

Bai. Orain arte zerga horrek enpresariengan izan duen eraginak ez du lagundu enplegua sortzen, eta hori lehenbailehen aldatu behar da. Enpresak errenditzen badira, gipuzkoar denok pobretzen gara. Bada, Fortuna handien zergak ez zuen laguntzen horretan. Enpresei eusteko politikan lagungarria ez dena aldatu egin behar da.

Hori da berriro ezkutu fiskala indarrean jartzeko arrazoia? Zergadunek dagokiena ez pagatzeko gehienezko muga bat ezartzeak lagunduko du?

Konfiskatzaile ez izateko neurri bat da hori.

Norbaitek dagokiona pagatzea nola izan daiteke konfiskatzea?

Hitz gogorra da, baina jatorrian dago eztabaida. Batzuek diote aberastasunaren zergak ez duela existitu behar, kontzeptu beragatik bigarren aldiz pagatzen delako. Gure inguruko hainbat herrialdetan hori da irizpidea. Beste batzuek diote zerga desberdinengatik ateratzen den kopuru osoa pagatu behar dela, formulak ematen duena. Normalean bi muturrak ez dira onak izaten. Zeroren edozein portzentaje zero dela ezin dugu ahaztu, ulertzen?

Hobeto azaldu beharko duzu.

Esan diezaiokezu aberastasun handia daukan norbaiti «hauxe da dagokizuna», baina normalean horiek modu errazak aurkitzen dituzte beste nonbaitera alde egiteko, Madrilera igual; joanez gero, zeroren edozein portzentaje zero izango da. Azkenean, horiek alde egiteak pobretu egiten gaitu.

Bidezkoa da hori lanaren errenta zerga oinarri duen sistemaren barruan?

Eztabaida zabala da, argi dago, baina gogoratu zeroren portzentajea zero bada, gainontzekoei gehiago jartzea tokatzen zaigula, betiere ongi-izateari eutsi nahi badiogu.

Aurreko Ogasunak harreman tirabiratsua izan zuen Adegi patronalarekin. Enpresa munduari laguntzeko prest zaudetela eta, zuek harreman ona izango duzue, ezta?

Orain arte behintzat harreman ona daukagu bai Adegirekin, bai merkataritza ganberarekin, bai ostalaritzaren federazioarekin... Alegia, behartuta gaude harreman sendoak edukitzera, arduraz. Gero ados jarriko gara edo ez, dena ez delako beti posible.

Adegik poza adierazi dio jada Ogasunari Aberastasunaren zergaren erreformaren harira?

Hemen bakoitzak bere eskaerak dauzka, eta ez dira beti denak lortzen. Enpresen parte hartzeen salbuespena aurrera doa Aberastasunaren zergan, baina tarifak igo egin ditugu, eta progresiboagoa eginez, amaierako bilketan apenas izango duen eraginik, 60.000 euro ingurukoa akaso, batzuek gehiago pagatuko dutelako.

Gipuzkoako gazteen gose faltaz esan zuenari buruz Gibelalderi zuzenean galdetzeko aukera izan al duzu?

Ez dugu horri buruz hitz egin; egun txar bat denok daukagu...

Gipuzkoako bilketa ondo doa aurten; ondo bukatuko al da?

Diru bilketarekin behin ere ez nago lasai, bukaeran hilabete txar batek serie osoa izorratzen baitizu. Irailera arte ondo goaz, ikus dezagun urria nola datorren. Lan atxikipenetatik kopuru garrantzitsua jasotzen ari gara, eta horrek esan nahi du enplegua hobera doala. Argi dago, ordea, langabezia maila altuegia dugula, %15 Euskal Herria mailan; txikiagoa izango da hemendik kilometro batzuetara dutenarekin alderatuz, baina altua izaten jarraituko du.

Kalitatezko enpleguaren beharra azpimarratu duzue berriki bilketari begira duen garrantziari lotua. Patronalak ez al du horretan ardurarik, ikusita negoziazio kolektiboaren arrakala gero eta handiagoa dela?

Oso gai konplexua dela edozeinek ikusiko du. Hala ere, soldatak igo dira azken hilabeteetan, %2 urteko lehen bederatzi hilabeteetan Gipuzkoan. Gertatzen dena da alde handia dagoela sektore batetik bestera.

Zein harmonizazio maila izango dute Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 2016rako?

Ikusiko dugu, baina elkarlanaz egin behar dira gauzak, nahiz eta gero herrialde bakoitzak bere errealitatea eduki, bere sare sozioekonomikoa. Baina, zalantzarik ez dago: harmonizaziora joan behar dugu, horrek gauzak erraztu egiten dituelako.

Zein lekuan geratzen da iruzur fiskalaren borroka zuen lehentasunen zerrendan?

Gure lehentasunetako bat da. Orain gutxi iruzurraren kontrako kanpaina sendo bat abiatu dugu. Gizarte bezala tolerantzia ez izatera joan behar dugu, ongi-izatea maila defenditzea delako hori. Batek ezkutatzen duenak besteak jarri behar du. Iruzur txikiena egiteak ere gaizki ikusia egotea lortu behar dugu. Eta kontzientzia kanpainez gain, aktiboak izango gara borroka horretan, noski; hala agindu dugu, eta hala egingo dugu: ez dugu tolerantziarik izango iruzurgileekin.

BERRIAn argitaratua (2015/11/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA