astekaria 2016/11/18
arrowItzuli

gizartea

EPAIMAHAIA, ABSOLBITUA

Ibai Maruri Bilbao

EPAIMAHAIA, ABSOLBITUA

Urriaren 20an jo zuten erruduntzat 2014an Abadiñon (Bizkaia) emaztea eta amaginarreba hil zituen gizona. Azaroaren 3an ipini zioten 40 urteko kartzela zigorra. Bederatzi bizkaitarrek osatutako zinpeko epaimahaiak hartu zuen lehen erabakia, eta Bizkaiko Probintzia Auzitegiko zigor arloko epaileak bigarrena. Izan ere, 1996tik, hilketak, mehatxuak, baso suteak, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea eta tankerako delituak —hamabi dira guztira— zinpeko epaimahaien bidez epaitzen dituzte Hego Euskal Herrian.

«Herritarrek justiziaren administrazioan parte hartzea bermatzeko tresna bat da», azaldu du EHUko Teoria Juridikoko irakasle Joxerramon Bengoetxeak. Gogoratu du 1978ko Espainiako Konstituzioaren 125. artikuluak esaten duela herritarrek justizian parte hartu behar dutela. «Botere legegilean eta, horren bitartez, exekutiboan parte hartzen duten bezala, judizialean ere parte izan behar dira, eta epaimahaia da horretarako tresnetako bat», zehaztu du Ainhoa Gutierrez Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Prozesaleko irakasleak.

Baina zuzenbideko profesional guztiak ez dira epaimahaien aldekoak. Jose Ricardo Palacio abokatu penalista bilbotarrak argi dauka: «Bizitzako alor guztietan amateurra baino gurago dut profesionala; kasu honetan, zer esanik ez». Gainera, parte hartzearena «aitzakia» eta «adar jotzea» iruditzen zaio: «Zigor kodeko delituen erdiak epaimahai bidez epaituko balira, ados. Baina AEBetan epaimahaiak kasuen %7 baino ez ditu epaitzen, eta gurean, are gutxiago».

Oro har, abokatuek eta fiskalek ez dute oso gogoko sistema hori. Hala esan du Bengoetxeak. «Espainian gutxi gara epaimahaia babesten dugunak», aitortu du Projurado elkarteko presidenteorde eta EHUko Zuzenbide Prozesaleko katedradun Antonio Lorcak. Epaileak ere sarri aurka egon ohi direla esan du. Baina Alfonso Gonzalez-Guija Bizkaiko Probintzia Auzitegiko zigor arloko epailea ez dago ados. «Batzuetan kritikoak gara, zer hobetu ikusten diogulako. Baina, oro har, epaileok epaimahaia ontzat jotzen dugu. Ezinbestekoa dela uste dut nik».

Lorcak gogora ekarri du Espainiako justiziak 1888an sortu zuela estreinakoz epaimahaia, eta orduan ere fiskalak aurka agertu zirela. Palaciok ez du ukatu fiskalek eta abokatuek epaimahaia saihesteko ahaleginak egiten dituztela, ahal duten guztietan: «Akordioak lortzen saiatzen dira. 'Zuk erailketa egozten didazu? Ni hilketa onartzeko prest nago, baina erailketarekin aurrera jarraituko baduzu, nik absoluzioa eskatuko dut'. Beno, ados, ba erailketa'». Beti ez dutela lortzen esan du, baina hainbatetan baietz. Ipar Euskal Herrian ere abokatu asko epaimahaiarekiko uzkur agertu ohi direla aitortu du Filipe Aramendi abokatu urruñarrak. Hala ere, bera «erabat aldekoa» dela nabarmendu du.

«Herritarrek ez dute epaile profesionalek duten deformazio profesional hori. Eztabaidak entzuten dituzte beste belarri batekin», adierazi du Aramendik. Dioenez, «sarritan» magistratuak auziaren inguruko iritzia epaiketa hasi aurretik sortua izaten du. «Ideia hori aldatzea gero zailagoa da epaile profesionalen kasuan. Herritar epailearen aitzinean, ez da gauza bera. Lekuko bat entzuten duelarik, iritzi bat izanen du, baina, bertze bat entzuten duelarik, aiseago aldatzen ahal du bere iritzia».

Garbia edo mistoa

Dena den, Pirinioetatik hegoaldera eta iparraldera dauden epaimahaien eredua ez da bera. Espainiako legediak epaimahai garbiaren aldeko apustua egin zuen; hau da, eredu anglosaxoia hobetsi zuen. Hala, Hego Euskal Herrian zuzenbidean ezagutzarik gabeko herritarrek osatzen dute epaimahaia, eta haiek erabakitzen dute akusatua errudun den edo ez. Ondoren, epaile profesionalak ipintzen du zigorra, errudun jo den kasuetan. Frantziakoak, berriz, eredu mistoa aukeratu zuen: herritarrak eta magistratu profesionalak dira epaimahaiko kide; eta guztiek erabakitzen dute, bai akusatua errudun edo errugabe den, bai errudun bada zer zigor ipiniko dioten. Hilketak, bortxaketak, armekin egindako diru lapurretak eta antzeko krimenak epaitzeko erabiltzen da soilik; hau da, Paueko Krimen Auzitegiko (Biarno, Frantzia) epaimahaiak epaitzen ditu Ipar Euskal Herriko kasuak. Funtsean, horiek biak dira Europan eta herrialde demokratikoetan dauden epaimahai ereduak.

Lorcari iruditzen zaio Europako ereduan epaimahai garbia «harrigarri» egin daitekeela, eta «ulergarriagoa» eredu mistoa. Espainiako justizia eredua Europa kontinentaleko gainontzeko herrialdeen tankerakoa den arren, bere epaimahai eredua, nolabait, herrialde anglosaxoien gisakoa da. Bengoetxeak azaldu ditu bi jurisdikzioak: «AEBetan bi parte daude gatazkan, bi abokatu, eta epaimahaia konbentzitzen saiatzen dira. Bien arteko norgehiagoka baten modukoa da epaiketa. Gure kontinenteko sistema, berriz, inkisitorioa da; hirugarren parteak du gidaritza, epaileak, eta berak kontrolatzen du eztabaida eta prozedura». Epailearen «eskuetan» dagoen sistema hori «demokratizatu eta gardenago bihurtzen» du epaimahaiak. Hala uste du Lorcak, behintzat. «Bulegoetako justizia» salatu du. «Instrukzio fasean ikusten dugu jendea [instrukzio epailearen] bulegora sartzen dela eta gero bulegotik irteten, baina ez dakigu han barruan zer gertatu den. Nik ez dut hori nahi!».

Dena den, zehaztu du Hego Euskal Herriko epaimahaia ez dela erabat garbia. Iruditzen zaio baduela eredu mistotik. Izan ere, auzia gidatzen ari den aretoko presidenteak, gero zigorra ezartzeko ardura izango duenak, gidoi bat ematen dio epaimahaiari, eta hango galderei erantzunez erabakitzen dute herritarrek akusatua errudun den edo ez. «Nik lagunak ditut Puerto Ricon. AEBetako estatu ez den arren, estatubatuarren eredua daukate. Eta sarri esaten didate nahi luketela eurek ere gure epaimahaia izan, garbi amerikarraren ordez».

Espainiako legediak, gainera, hartutako erabakia arrazoitzera behartzen ditu epaile lanetan ari diren herritarrak. Baita Frantziakoak ere, 1980ko hamarkadatik. «Berme itzela da hori epaituarentzat. AEBetan epaimahaikideek lasai-lasai esan dezakete pertsona bat errudun dela eta hiltzera zigortu, epaileak akusatua errudun den galdetzen dienean 'bai' soil bat erantzunda», zehaztu du Bengoetxeak. «Hori da Espainiako ereduaren indargunea», gehitu du. «Batzuetan ikusi dugu epaile profesionalek ez dutela behar bezala justifikatzen erabakia. Epaimahaiari, ordea, hori eskatzen zaio. Beraz, esan daiteke batzuetan epaimahaiaren epaiak epailearenak baino berme gehiago daukala».

Profesionalen eragina

Gutierrezek, ordea, uste du justifikazio horren inguruko eztabaida bat egon beharko litzatekeela, epaimahaia benetan erabakia arrazoitzera derrigortu behar den zalantzak dituelako. Palaciok ere hortxe ikusten du ahulgunea. Iruditzen zaio askotan ez direla justifikatzeko gai: «Nik ikusi izan dut epaiketetan epaimahaia ondo hasi dela bere epaia ematen, baina azkenean huts egin egin duela. Adibidez, izan daiteke justifikazioan zantzu ahulenak edo garrantzirik gutxienekoenak erabili dituztelako. Eta beste batzuetan ikusi izan dut erailketa dela argi eduki, baina, arrazoitzen asmatu ez, eta, azkenean, hilketagatik errudun jo». Neurri batean epaimahai mistoarekin konponduko litzatekeela uste du. Gutierrez ez dator bat: epaile profesionalak eta herritarrak nahasteak «mamia» kenduko lioke epaimahaiari. «Eredu mistoan bada arrisku bat: profesionalen irizpideak jarraitzea herritarrek ere, haiek zuzenbide ikasketak dituztela pentsatuta».

Aramendi ez dago ados. «Ondo funtzionatzen duen sistema da Frantzia mailan». Azpimarratu du profesional baino amateur gehiago izaten direla, eta guztien botoak berdin balio duela. «Pertsona bakoitzak duen pentsatzeko manera ez da berdina. Herritarrek, oro har, pertsonalitate aski azkarra dute erraiteko: 'Epaile profesionalak iritzi hori du, baina nik hor entzun ditudan kontuen artean ez dut iritzi bera'». Esan du, agian, epaimahaiak osatzeko zozketa egin ondoren prestakuntza saio batzuk eman beharko liratekeela, herritarrek autonomia gehiago izateko.

Horrela, bada, guztiek defendatu dute euren lurraldeetako epaitegietan indarrean dagoen eredua,: Hegoaldekoek, garbia; eta Iparraldekoak, mistoa. Palaciok, ez: epaimahaiak erabiltzeko obligazioa kenduko luke konstituziotik. Baina, agindu hori dagoen indarrean bitartean, gurago luke eredu mistoa aukeratu izan balitz. Hain zuzen, konstituzioa onartu eta 1995ean epaimahaia arautu zuen Espainiako legea eztabaidatu zen arte, jurista guztiak eredu mistoaren alde agertu zirela azaldu du Projurado elkarteko presidenteordeak. Eta ez du ulertzen zergatik. Baina, azkenean, politikariek garbiaren alde egin zuten Espainiako Diputatuen Kongresuan.

Ezagutza falta

Erabaki hori hartzeko arrazoiak bat baino gehiago direla uste du Bengoetxeak; baina, bereziki, Espainiako justiziak ekintza eta zigorra bereizteko duen joerarekin zer ikusia duela uste du. «Gertakariei buruz erabakitzen da lehenik, instrukzio fasean, eta, gero, gertakaririk egon dela baieztatzean, epaiketa egiten da zigorraren inguruan erabakitzeko. Nik uste eske horrekin txertatu dela epaimahaia sisteman: behin epaiketa hasita, epaimahaiak erabakitzen du gertakariaz, eta epaileak zigorrari buruz».

Era berean, iruditzen zaio zigorra erabakitzeko kontu tekniko asko hartu behar direla kontuan, eta horrek zuzenbideari lotutako gutxieneko ezagutza bat eskatzen duela. Herritarrek erabaki teknikoak hartzea saihestu nahi izan zela iruditzen zaio. Palaciok ez du uste nahikoa denik. Esan du epaimahaiak erraz ebazten duela erruduntasuna, akusatuak delitua aitortzen duenean edo froga argiak daudenean. «Baina zantzuekin jokatu behar dutenean, makal ibiltzen dira. Pentsatzen dute: 'Nik ez badaukat auzitan ipiniko ez den froga bat edo berak aitortzen ez badu, nahiago dut absolbitu, hanka sartzeko arriskurik hartu gabe'». Aitortu du epaimahaiko kideek «ahalegin guztia» egiten dutela euren egitekoa ondo betetzeko. «Ez dut horren zalantza izpirik». Baina zalantzan ipini du horretarako gaitasunik duten.

Abokatu eta fiskal edo prokuradoreei aparteko lana eskatzen die epaimahaiak. «Ez duzu berdin hitz egiten aurrean epaile profesional bat baduzu edo epaimahaia baduzu», esan du Aramendik. «Herritarrek hizkuntza juridikoa ulertzeko ahalegin berezia egin behar duzu». Lorcaren ustez, horregatik ez dute gogoko epaimahaiarekin lan egitea. Esan du unibertsitateko zuzenbide fakultateetan ez dela epaimahaiaren figura irakasten. «Lizentziadun berriek duten ezagutza bakarra hedabideen bitartez jasotako iritzi ezkorra izaten da». Gainera, sarri askotan «nagikeria» izan daitekeela iradoki du: «Epaimahaia dagoenean altxatu egin behar zara, herritar epaileengana gerturatu, zuzenean hitz egin, ondo azaldu dauzkazun frogak eta zantzuak. Baina ez dute nahi; gusturago daude eserita sumarioko ez dakit zein orri aipatzen». Epaimahaiak epaiketak luzatzea ere ekarri duela azaldu du. Lehen goiz bakarrean hasi eta bukatzen direla kontatu du: «Dena zegoenez sumarioan idatzita, ez zegoen errepikatzeko beharrik. Epaimahaiak, ordea, ez du sumarioaren berririk, eta, beraz, zerotik hasi behar da dena azaltzen, lekukoei eta akusatuei deklarazioa hartzen... Pentsa, epaimahaiak sortu zirenean hasi ziren epaitegietan arratsaldez ere lan egiten».

Erailketak eta hilketak

Hegoaldean indarrean dagoen epaimahai ereduak hogei urte bete dituenean, haren inguruko datuak ere ezagutu dira. Eta kontrako iritzia dutenek azpimarratu dute epaimahaiek epaile profesionalek baino gehiagotan jotzen dutela errudun akusatua. Gonzalez-Guiija epaileak esan du baietz, datuek hori esaten dutela, baina azalpen logikoa duela: «Epaimahaiarekin gehienbat hilketak eta erailketak epaitzen dira, eta halakoetan instrukzio fasea ixteko argi egoten da erruduntasuna. Horregatik normala da beste epaiketetan baino erruduntasun tasa altuagoa egotea». Gainera, Gutierrezek nabarmendu du epaimahaiaren epaiak gehienetan berretsiak izaten direla haien aurkako helegiteak aurkezten direnean goragoko epaitegietan. «Oso-oso gutxi izan dira hanka sartu duten kasuak, nahiz eta hedabideek oso ezagun egin dituzten. Eta noiz edo noiz huts egin arren, beti dago helegitea jarri eta erabakia zuzentzeko aukera». Hego Euskal Herrian epaile profesionalek erabakitzen dute helegitearen inguruan; Ipar Euskal Herrian, berriz, aurrekoak baino kide gehiago dituen beste epaimahai baten esku geratzen da.

Gonzalez-Guijak eta Gutierrezek aldaketa batzuk proposatu dituzte Hego Euskal Herrian erabiltzen den epaimahaia arautzen duen legedirako. Biek uste dute instrukzioa sinpletu behar dela. Baina, bereziki, epaimahaiaren esku uzten diren delituak aldatuko lituzkete. Eroskeria, diru publikoa bidegabe erabiltzea, eragin trafikoa eta tankerakoak kenduko lituzke Gutierrezek, «teknikoegiak» direla iritzita. Gonzalez-Guijak bizilekua bortxatzea ez du zerrenda horretan nahi. Eta aitortu du epaileei asko kostatzen zaiela hilketa eta erailketaren arteko ezberdintasuna azaltzea, baita beste ñabardura juridiko batzuk ere. «Baina horrek ez du traba izan behar. Nik erronka moduan hartu izan dut beti. Ahalegindu behar dugu herritar arruntek ulertzeko moduko hizkuntza erabiltzen». Ostera, egokiago ikusten du irainak eta kalumniak epaimahai bidez epaitzea: «Nahiko subjektiboa da. Horregatik hobe izango litzateke bederatzi pertsonaren iritziaren arabera epaitzea, eta ez bakarrak uste duenean oinarrituta».

Lorcak ez du uste aldaketa handirik egingo diotenik. «Ikusiko dugu [Espainiako] gobernu berriak zer asmo duen. Halakoren batean zigor arloko prozesuaren erreforma egin beharko du, eta orduan argituko da zer gertatuko den epaimahaiarekin». Besteak beste, instrukzioa fiskalen esku uzteko asmoa daukate PPk eta PSOEk, baina aurreko legealdian ere bazuten, eta ez zuten aldaketarik egin, fiskalak, oro har, aurka daudelako.

Ipar Euskal Herrirako ere ez du aldaketarik aurreikusten Aramendik. Nicolas Sarkozy presidentea ahalegindu zen epaimahaiaren eredua auzitegi korrekzionaletara zabaltzen. Delituak epaitzen dituzten auzitegiak dira; Baionan dago Ipar Euskal Herrikoa. «Frantzia osoko bizpahiru auzitegitan ipini zuten martxan, baina porrot egin zuen. Auzitegi korrekzionalak maizago biltzen dira; guk Baionan astean baditugu hiru edo lau auzi egun. Horretarako jende asko atzeman behar da. Konplikatua da hainbeste jende mobilizatzea, eta garestia ere bai. Paueko krimen auzitegia, berriz, hiru hilean behin biltzen da».Aramendik, behintzat, dagoenean utziko luke epaimahaia.

BERRIAn argitaratua (2016/11/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA