astekaria 2016/11/18
arrowItzuli

gizartea

Matxonaziak

Jose Mari Pastor

Matxonaziak Jose Mari Pastor

Joan den astean The men feminists left behind —Feministek atzean utzitako gizonak— iritzi artikulua argitaratu zuen Jill Filipovic andereak New York Times egunkarian. Lanak oihartzun handia izan du sare sozialetan. Hillary Clintonen aldeko testua da baina, batez ere, emakumearen ahalduntzearen aldeko oihua. Zeinen nekeza den gizartean aldaketak egitea, sustatzea. Aldaketa horiek nola garatu diren: Hillary Rodham 1969. urtean Yale unibertsitatean Zuzenbidea ikasten hasi zenean, emakume bakar bat zegoen AEBetako Senatuan. Artean legezkoa zen senarrak andrea bortxatzea ezkontzaren barruan; abortua ia erabat zegoen legez kanpo. Emakume gazte hura graduatu zen urterako abortatzeko bide batzuk onartzen hasiak ziren AEBetan.

Trump nagusitzea AEBetako balio tradizionalen garaipentzat jo dute aditu ugarik. Midwest values, Mendebalde Ertaineko balioak, Illinois, Indiana, Kansas, Michigan, Wisconsin eta inguruko bizilagunei omen dagozkienak: familia, eliza, zintzotasuna, tradizioa, borrokan amore ez ematea... Steve McQueen aktoreak horren garrantzia nabarmendu zuen: «Mendebalde Ertainetik nator. Leku ona da mundura sortzeko. Ongiaren eta gaizkiaren zentzua ematen dizu, gaurko gizartean falta dena, nire ustez». Steve McQueen, hainbat gizonen buruan artasunaren eredua; emakume askoren gogoan, etxekoandre tradizionalengandik feministenganaino , fantasia kitzikagarriena —denok dauzkagu kontraesanak—. Midwest: gizona oraindik gizona omen den lekua. Emakumea tradizio horri atxikia da: umeak, etxea...

Hillary Clinton bezalako emakume azkar, hotz, irmo eta anbizio handikoa ez dator bat esaneko emakume otzan horren espirituarekin. Clinton establishment-aren ordezkaria zen, bai. Eta Trump establishment-aren aurkako establishment-arena, hots, AEBetan politikaren hariak mugitzen dituen botere ekonomikoaren ordezkaria. Bada hauxe dioenik: Clinton abizena ez duen emakume bat izan balute hautagai errazago irabaziko zutela demokratek. Baliteke, baina bestelako hipotesi hau nahiago dut: errepublikanoek astakilo xenofobo sexista bat aurkeztu ez balute, onartuago eta ulergarriagoa izango zatekeen garaipena. Asko kritikatu dute Clinton anderea, arrazoiz sarri, baina oso itsua izan behar da haren ordez Trump bezalako morroi bat goratzeko. Edo oso gaizto eta maltzurra.

Horixe da asaldagarriena. Trumpen garaipenak politikaren desprestigioa islatzen du, baina hori ez da berria. Trumpek irabazteak berrikuntza hau dakar: munduko herritarren erdiak lorentzitzat joko dituzu, iraindu. Eta, hala ere, garaitu egingo duzu. Gizon zuriaren errebolta, gauzak betiko lekura eramateko saioa. Nahiko harrotu zaizkigu emakumeak. Lartxo. Kontra egin behar zaie. Desprestigiatu.

Harrigarria da nola hedatzen ari den feminazi hitza gizartean, serio edo txantxetan. Euren burua progresistatzat jotzen duten gizonen ahoan ere entzungo duzu, ironiaz: feminazi-ak. Berdintasuna eta justizia eskatzea Auschwitz-eko labeak irekitzea balitz bezala. Joera arriskutsua. Eta koldarra. Zergatik deitzen diegu nazi euren eskubideak aldarrikatzen dituztenei, eta soilik haiei? Akaso gure pribilegioen kontra ari direlako? Zergatik ez gara ausartzen geure eskubideak zapaltzen saiatzen ari direnei ere nazi deitzera? Hitz gordinegiak dira horiek, emakumeen eskubideen aldeko borroka egiten dutenen kontra erabiltzen ez badira. Eta bai, badakit emakume abusatzaileak badirela. Eta agian, egon liteke gizonari jaiotzatik bertatik barrabilak moztu nahi dizkionik. Egongo dira enpresariren batzuk, aukera izanez gero, langilea iraultza industrialaren aurreko garaietara eraman nahi luketenak. Ogi puska bat eman, lanean hamalau ordu egiteko, zazpi egun astean. Alta, nazi deitzen diegu Confebaskeko ordezkariei telebistan irteten direnean?

Midwest values: baseball, hot dog, beer, Chevrolet. «Bizitza autoan lasterka egitea da», esan zuen Steve McQueenek, «horren aurreko eta ondorengo beste edozer itxarote hutsa da».

BERRIAn argitaratua (2016/11/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA