astekaria 2016/11/11
arrowItzuli

iritzia

Aralar, asfaltora kondenatua?

Akaitz Jauregi

Aralar, asfaltora kondenatua?

Harrizko galtzadetatik asfaltozko autobidera, gizakiaren bidexka izan da beti bera...» kantatzen zuen Mikel Markezek bere lehenengo diskoan. Errealitate horrekin topo egin baitu gizakiak azken urte gutxitan; eta gutxitan diot, 100 urte ez baitira ezer milaka urtetan bere hartan iraun duen paisaia, modernizazio, «aurrerabide», industrializazio etabarrekin erabat aldatzeko.

Aralarrera ere iritsi ziren, galtzada zaharretan oinez ibiltzetik 4x4 ibilgailuetan mendian gora joateko garaiak. Urte asko dira Aralarren pistak egiten hasi zirela; ezagutu ditugu bertan 6 hilabetez artzainak, artalde txikiekin, txabola zaharretan, argi indarrik gabe, egunero artaldea bilduz...

Guk artzaintza hartatik gaurkora gertatu diren aldaketak ikusi ditugu, eta ikusten jarraitzen dugu. Artaldeak 500, 700 ardi eta handiagoak dituztenak ere badira, artzain bakar baten izenean. Ondorioz, lehen bi edo hiru artzain zeuden saroi batean orain bakarra kabitzen da. Askotan, ardiak antzututa igotzen dituzte mendira, eta horrek artaldea egunero txabolara bildu beharrik ez izatea dakar, eta, kasu askotan, kotxez artaldera gerturatu eta mendiko txabolara joan ere egin gabe, berriz beraien etxeetara itzultzen dira artzainak. Zenbait kasutan, gainera, lan hori morroiek egiten diete; gehienetan, atzerritarrek. Gaur egun dituzten 4x4 ibilgailuekin, Aralarko ia toki gehienetara iristen dira, nahiz eta horretarako baimenik ez duten. Bitartean, ikusi dugu azpiegitura berriak nola egin zaizkien, txabolak konpondu, berriak egin, ur sarea osatu, eguzki plakak jarri, jeztokiak... dena diru publikoarekin; eta poztu izan gara hobekuntza horiek ikusita; eta ikusi dugu pista berriak nola egin diren, Amezketatik Ariñatera, Nafarroa aldetik, Guardetxetik Igaratzara, Donitturrieta aldera, Ataundik Mendibilera, Zaldibiatik Ausa Gazteluko lepora... Aralarren ezagutzarik ez duenarentzat esan daiteke mendiak berak eta paisaiak dituen ezaugarriengatik egin daitezkeen pista gehienak eginda daudela. Izan ere, Enirio-Aralar Mankomunitateak berak 2003an onartutako plangintzan, Goroskintxukoa salbu, eta hori ere aztertu behar genuke zeinen interesen arabera adostu zen; ez zen pista berri gehiagoren beharrik aurreikusten, eta, Goroskintxuko kasuan, garbi idatzita dago handik gora pista egiteak onura baino kalte askoz gehiago ekarriko lituzkeela; eta oraingo asmoa aurrera jarraitzea da.

Amezketa aldean gauza bera gertatzen da, Arritzagan, ingurune malkartsu eta harritsua izanik, amildegia toki askotan, ezta inolaz ere pistarik eraikitzea aurreikusten 2003ko planaren arabera, bertan artzaintza mantentzea da helburua, inondik ere ez sustatzea. Gainera baso landaketak proposatzen dira bertan. Paisaiak berak ezarri du marra gorria, zoritxarrez gaur egun inor ez baikaude prest lan jakin batzuk egiteko; itsasoan senegaldarrak ari dira lanean, tabernetan eta adinekoak zaintzen hego-amerikarrak, eraikuntzan eta baso lanetan errumaniarrak... Zoritxarrez, Aralarko zenbait ingurunetan gaur egungo artzaintzak ez du etorkizunik, nola eta INEMeko zerrendan artzaintza aukera moduan azaltzen ez den; bai, ordea, beste ingurune batzutan. Enirio, Oidui, Mendibil, Igaratza... Aralarren hego mendebaldean aspaldi egin ziren pistak, eta hor ikusten ari gara profesionalki lanbide horretan ari diren artzain askok nola egiten duten lan. Txaboletara kotxez iristeak izango du abantailarik; batez ere, han bertan bizi izaten diren artzainentzat. Zeren, zenbatek pasatzen dituzte egiazki 6 hilabete goian? Edo bi hilabete bakarrik pasatzen dituzte? Eta han bertan daudenean, zenbat aldiz jaisten dira behera? Astean bi aldiz? Egunero? Badakigu denetik dagoela, baina 6 hilabetez han bertan egoten den artzainik ia ez da geratzen. Badira zenbait artzain benetan beren lanbidea eta mendia maite dutenak, lanbide horretara salto egitea erabaki zutenak bizimodu hori maite dutelako. Errespetuz eta pozik bizi direnak... Noiz entzungo ditugu horiek hizketan? Aralarren egoteak zein abantaila dituen kontatzen? Zeren badakigu neguan behean, nahiz eta errepideak izan, ez dela lan errazagoa artzainarena; lursail txiki eta sakabanatutan larratzen dituzte ardiak, itxitura hautsietatik artaldeek ihes egiten diete, auzokoen kexak... Zergatik jarraitzen dute Aralarren? Zeren harrigarriki, zenbait artzain esaten ari den moduan, XIX. mendean bezala bizi direla... ez dute ez meritu makala! XXI. mendeko Goierri, Tolosaldea, Gipuzkoako sozioekonomiaren barnean, ez baitaude ilarako azken tokietan, zorionez.

Aralar gure sehaska da, gure arbasoak hangoak ziren, eta maite dugu mendi hori. Liluraz begiratu izan diegu bertako artzainei, eta uler dezaket ipuina baino lanbidea dela gaur egun askorentzat, baina Aralar mendia da, Natur Parkea da, eta Natura 2000 sarean sartuta dago. Goroskintxu mendia da, ez da Ordiziako auzo bat errepide bat behar duena, ez horixe; mendia da, eta harainoko pista bat egiten ari dira legez kanpo, mendi babesle eta paisaia babesle izendatutako eremu batean; pista edo errepidea esango nuke, zeren ezaugarri horietako pista bat, 3,5 metro zabal, zenbait kurbatan 5 metroko zabalera hartzen duena, azpia balastro eta harriz indartua, asfaltatzeko prest dago. Ahalik eta aldapa txikiena izango duen bidea egitearren, izugarrizko txikizioa egiten ari dira, leku aldapatsu eta harritsua delako eta ortzimugarekin paralelo doalako bidea, mendia erditik moztuz bezala. Baziren alternatiba hobeak bide horren ibilbideari dagokionez, baina ez luke ahalbidetuko ibilgailu bat bere gurdiarekin ganaduz beteta handik pasatzea; orain egiten ari direnak bai, ordea. Garbi dago bide horrek helburu jakin bat duela, hiru artzainen aitzakiatan, ganaduzaleak beren 4x4 eta traktoreekin Alotzako ganadu harrapalekura iristea, eta Alotza 1.200 metrora Aralarren erdi-erdian dagoen goi larrea da, Aralarren bihotza!

Bide horrek Aralarko «oreka» guztiz hautsi du dagoeneko; ez naiz ni hasiko pisten aldeko aldarria egiten, baina pista bat egitekotan badira Aralarren lehentasun gehiago luketen inguruak; paisaian askoz inpaktu txikiagoa eragingo luketenak eta han dauden artzain kopurua eta ereduarengatik ere esaten dugun oreka hori hautsiko ez luketenak.

Goroskintxuko pista hori ere diru publikoarekin egindakoa da, Natur Parke batean, legez kanpo, lur publikoetan, urtero diru laguntza inportanteak jasoz bizi diren zenbait abeltzainentzat... beren negozioen mesedetan. Eta dena zergatik? Erantzun sinplea du ba galdera horrek... oinez ez ibiltzearren; zeren profesionalki horretaz bizi den batek, ganadua mendira bidaltzea erabaki badu, hara bertara joan beharko du ganadua zaintzera. Eta mendira oinez joan behar da, mendian kotxez ibiltzea ez da eskubide bat, mendiari eraso egitea baizik. Natur Parke batean, delitua.

Aralar Natur Parke publikoa rantxo pribatu izateko bidean jarri nahi dute; jakin dezatela ez dutela lortuko! Aralar bizirik eta guztiona izango da!

BERRIAn argitaratua (2016/11/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA