astekaria 2016/11/11
arrowItzuli

mundua

Erbesteak ez du mutu izan nahi

Maite Asensio Lozano

Erbesteak ez du mutu izan nahi

Nola hitz egin dezakegu itzultzeaz, herrialdeak ez badu gure historien berri? Erbesteratuak ikusezinak bagara?». Kolonbiako migratzaile askoren sentipenei hitzak jarri zizkion Gladys Avila Fonsecak, 1993ko apirilean poliziek desagerrarazitako Eduardoren arrebak. 200 lagunen baino gehiagoren aurrean egin zituen adierazpenok urriaren 29an, Genevan (Suitza), Kolonbiako Biktimen Nazioarteko Foroak antolatutako topaketetan. FARC-EP gerrillak eta Juan Manuel Santosen gobernuak sinatutako bake akordioak aplikatzean, atzerrian bizi diren kolonbiarrek eduki behar duten rolaz jardutea zuten xede, baina hilaren 2ko plebiszituaren emaitzak eztabaida baldintzatu zuen. Edonola ere, topaketek agerian utzi zuten bizipenak partekatzeko beharra, eta, batik bat, parte hartzeko grina: «Negoziazio mahaietan zein akordioen inplementazioan egon nahi dugu». Aurki izan dezakete aukera: Santosek atzo adierazi zuen beste akordio bat lortzeko «aurrerapauso garrantzitsuak» eman dituztela bi aldeek Habanako mahaian.

400.000 errefuxiatu politiko inguru eragin ditu Kolonbiako gatazka armatuak, baina dudarik ez da gerra giroak milaka lagunen ihesa eragin duela. Herrialdean, ordea, ez dute migratzaile horien berri. «Kolonbian orain hasi berri dira erbestea ezagutzen», azaldu du Juan Carlos Villamizarrek, CODHES Giza Eskubideei eta Lekualdatzeei buruzko Aholkularitzako kide eta errefuxiatu ohiak; «Lekualdatze behartuei buruzko ikuspegi erabat ekonomizista dago: amets amerikarrari edo europarrari lotuta, hegazkinetik jaitsi eta alfonbra gorria aterako balizute bezala».

Areago, Dilberto Trujillo Dussan migratzaileak uste du «abandonatuta» egon direla: «Ez dakigu zenbat kolonbiar bizi garen atzerrian: sei eta zortzi milioi artean gara, biztanleen %10etik gora. Eta diaspora honek badu ezaugarri berezi bat: herrialdearen dibisa iturri nagusia da, petrolioaren gainetik. Pisu ekonomiko handia dugu, baina gobernua ez da kezkatzen gertatzen zaigunaz».

Eta salatu du ez dituztela kontuan hartu negoziazioan, ezta bake akordioetan ere. «Ez dago migratzaileei buruzko aipurik ia. Errefuxiatuek argi diote memoriaren, egiaren, erreparazioaren eta ez errepikatzeko bermeen auziak eurekin landu behar direla». Baina atzerritik parte hartzea zaila da. Horren seinale da akordioek egiaren batzordeez jasotakoa: soilik Kolonbia barruan eratuko dira taldeak. «Kontraesan handia da. Gatazkaren 400.000 biktima bizi dira atzerrian; asko dira, baina bakarra balitz ere, eskubidea luke bere kasua ezagutarazteko, beste biktimen berme berberak jasotzeko. 400.000etatik 5.000k baino ez dute izena eman gobernuaren biktimentzako erregistroan. Besteak ez dira existitzen; kezkagarria da».

Villamizarrek ere uste du bake akordioak ezartzeko lurraldez kanpoko mekanismoak ezarri behar direla. «Orain arte ez da egin, baina mila modu daude». Harentzat ere «giltzarri» litzateke Kolonbiatik kanpo egiaren batzordeak martxan jartzea. Izan ere, atzerrian dauden biktimek rol garrantzitsua dute memoriaren eraikuntzan: «Presiorik gabe hitz egingo dute, egia esateagatik zerbait gertatzeko beldurrik gabe. Gainera, kontakizun hori erbestetik egiteak ikuspegi zabalagoa eman dezake: Kolonbian bertan egonda ikusten zailak diren elementuak gehitzea». Plebiszituan gailendutako ezetzak halako espazioak irekitzeko abagunea eman duela erantsi du: «Nazioartean eredu izateko aukera dugu orain, halako gatazka bat nola itxi erakusteko. Horretarako, errefuxiatuak subjektu politikoak direla aitortu behar du Kolonbiak».

«Benetako egia»

Errefuxiatuen lekukotzak, gainera, ezinbestekoak dira egiari eta memoriari aniztasuna eransteko. Izan ere, Europan bizi diren biktimetako asko paramilitarren eta estatuaren indarkeriatik ihesi iritsi ziren. «Union Patriotica eta ezkerreko beste alderdi batzuk suntsitu egin zituzten, eta haren kideek herrialdea utzi egin behar izan zuten oposizioa egiteagatik», gogoratu du Trujillok; «Paramilitarrek beste inork baino biktima gehiago eragin dituzte: funtsezkoa da haien krimenei eta finantzatu zituzten multinazionalei buruzko egia osatzea».

Ikuspegi horrek, halaber, zabaldu egiten du migrazioari buruzko ideia bera: errefuxiatu estatutua lortu dutenak soilik al dira gatazka armatuaren ondorioz lekualdatuak? Kolonbiarren migrazioa eredu ekonomikoarekin lotuta dagoela azaldu zuen topaketetan Jose Gamboa Umeako Unibertsitateko (Suedia) ikertzaileak: «Gobernuak dio bakea egin daitekeela eredu ekonomikoaz eztabaidatu gabe, desberdintasun sozialen oinarria den arren. Baina beren herrian bizimodurik aurkitzen ez duten pertsonak botatzen dituen eredu neoliberal horren ondorioa gara migratzaileak. Gerra militarraz gain, ekonomikoa ere badago. Orduan, zergatik deitzen diogu geure buruari migratzaile, eta ez mugaz gaindiko desplazatu? Erbestetik benetako egia sortzen lagundu behar dugu, asmatu duten gezurra biluzteko modu bakarra delako».

Egia horren parte dira emakumeak ere. Gatazkan ezkutuan utzi izan dituzten arren, badira mugimendu politikoetan aritzeagatik errefuxiatu estatutua lortu duten andreak, Gina Suarez politologo eta Ekintza Publikorako Emakumeen Elkarguneko kideak azaldu duenez: «Zama sinbolikoa dute: asiloa eskatzen duten herrialdeetan auzitan jartzen dituzte, euren rol tradizionaletatik irten direlako». Baina ñabardura ugari dituzte andreen erbesteratze esperientziek: «Familia bizitzak bultzatuta alde egin dute askok: bikotekideak lider politikoak izan dira, eta haien aurkako mehatxuaren ondorioz atera behar izan dute herrialdetik».

Beste askoren arrazoiak, berriz, ekonomikoak izan dira: «Agerikoa da Kolonbian aukera falta izugarria dagoela; zenbait emakume legez kanpo edo salerosketa sareen bidez irten dira». Egoera horietan andreek jasan dituzten «zamak eta doluak» ez dira kontuan izan: «Oro har, ez dute prozesu politikorik egin, baina euren doluetatik joera handia izan dute erresistentzian aritzeko eta elkarteak sortzeko. Seme-alabentzat ere sostengu nagusia izaten dira. Emazte eta ama rolak sakontzea dakar horrek guztiak».

Alde horretatik, bake akordioetan generoari eta LGTB komunitateari buruzko atalak moztearen ondorioez ohartarazi du Suarezek. Gogora ekarri du sektore batzuek atal horien kontrako kanpaina egin zutela, familia suntsituko zutelakoan. «Akordio berrian familiaren ikuspegia txertatzeko eskatzen ari dira. Eta horrek eragin latzak izan ditzake erbestetik itzuli nahi dutenentzat: soilik sendi nuklear heterosexualak hartzen badira familiatzat, itzultzeko zein berme izango dute guraso bakarreko familiek, edo sexu berekoek osatutakoek?».

Itzuli, nola?

Hain zuzen, horixe da diasporaren eztabaida nagusietako bat: nola buelta daitezke jaioterrira? Genevako topaketetan agerian geratu zen kanpoan bizi direnen parte hartzea funtsezkoa dela itzulerarako baldintzak ezartzeko. Baina segurtasunak zalantzan dauzka errefuxiatu asko: bueltatzeko beldur dira, paramilitar zenbaitek —orain talde kriminal izendatuta— aktibo jarraitzen dutelako. «Kontuan izanda nola atera ziren pertsona asko herrialdetik, eta zein den egun Kolonbiako egoera ekonomikoa, uneotan ez dago bueltatzeko baldintza errealik», laburtu du Suarezek.

Datozen asteetan, kanpoan dauden biktimentzako erreparazio politikak diseinatzeaz arduratuko da Villamizar. Azaldu duenez, kolonbiar askok bizimodua jaioterritik kanpo egina dute, eta bueltatzea ez da lehentasun bat: «Hartu dituen herria ere euren etxea da. Erbestearen dimentsio hori ulertu behar da. Itzultzeak ez du nahitaez esan nahi pertsona guztiek fisikoki bueltatu behar dutenik, baizik eta eskubideak lehengoratu behar zaizkiela».

Aitortzaren eta erreparazioaren bidez jorra daiteke eremu hori. Eta modu asko daudela berretsi du. Europan etxeko lanetan diharduten emakumeak jarri ditu adibide: «Kolonbiak jakin behar du zein den euren errealitatea, nolako morrontza baldintzak dituzten. Haientzat, lana duintzea izan daiteke erreparazioa». Asiloa bertan behera uzteaz ere mintzatu da: «Gerra amaitu baldin bada, zergatik jarraitu errefuxiatu estatutuarekin? Batzuentzat, erreparazioa izan daiteke gobernuak harrerako herrialdeekin negoziatzea kolonbiarrek beste naziotasunak ere lor ditzaten; hori Angolan egin zuten, eta Ruandan, badaude aurrekariak».

BERRIAn argitaratua (2016/11/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA