astekaria 2016/11/11
arrowItzuli

politika

'Iraganeko' belaunaldi berriak

Hodei Iruretagoiena

'Iraganeko' belaunaldi berriak

Jaio aurretik baldintzatu zioten bizitza Mattin Troitiñori (Donostia, 1984). Haren ama sei hilabeteko haurdun zegoela, etxera joan zitzaizkion guardia zibilak, aitaren bila. «Atea puskatu zuten, justu ama irekitzera zihoanean, eta sekulako kolpea eman zioten. Horren ondorioz, handik hilabetera jaio nintzen, ama zazpi hilabeteko zegoela». Orduan ez, handik hiru urtera atxilotu zuten Troitiñoren aita Txomin, 1987an —2013ra arte eduki zuten preso, 26 urtez—. «Bera inkomunikatuta zegoela bete nituen hiru urte. Torturak salatu zituen gero». Ordutik, sakabanaketaren asfalto gainean hazi izan da Troitiño, gaur arte. Eraberritze lanek errepidea nola, sakabanaketa politikak halaxe estutzen die bizimodua hamaika familiari; baita haur eta nerabeei ere. «Sakabanaketak ez du bereizketarik egiten; denentzat da berdina, izan bi urte, 30 edo 80», oroitarazi du Urtzi Errazkin Etxerat-eko bozeramaileak (Donibane Garazi, 1975). Haien arabera, gaur egun, 800-1.000 adingaberi eragiten die egoera horrek.

Aitaz gain, osaba Antton ere urte luzez izan du preso Troitiñok, eta, gaur egun, anaia Jon dauka Murcia II espetxean (Espainia). «Beti izan dute Euskal Herritik urrun», dio Troitiñok aitari buruz: Andaluziako kartzelak, Kanaria uharteak... Hamar destino baino gehiago pasatu ditu.

Dispertsioak presoak haien artean sakabanatzeko helburua dutela azaldu izan dute haren aldekoek, baina hori gezurtatu du Errazkinek: «Helburua da presoa ahalik eta urrunen izatea beren ingurune sozial, kultural eta afektibotik». Datuak mintzo dira, Etxerat-eko kidearen hitzetan: «Hartu urrunen dauden espetxeak; horietan, hamar-hamabost preso egoten dira. Gertukoetan, zero, bat edo bi». Horrek, presoei ez ezik, senideei ere eragiten die zuzenean; baita haur eta nerabeei ere.

«Kristal hori»

Troitiño da horren lekuko. Aita atxilotu zutenean, aurrez aurreko bat izan zuen, baina gero, hura ukitu ezinik egon zen bost urtez, zortzi urte bete arte. «Gure burmuina oso azkarra da, eta egoera deserosoak ezabatu egiten ditu. Oroitzapen deserosoak dauzkat; ez dakit nola esan, ez ditut nire egin. Oso arrotzak dira egoera batzuk».

Ondo gogoan geratu zaio gauza bat, ordea: «Aitaren eta nire arteko kristal hori. Ezin ukitu, ezin ondo hitz egin. Horrek uzten duen inpotentzia... Oso zaila eta nekagarria zen egoera bera». Aita ere bada gaur egun Troitiño, eta, Jon osaba ikusteko, erabaki zuen alaba ez zutela eramango «kristal hori» tarteko den bisitetara.

Anaia Ugaitz dauka preso Urtzi Errazkinek, Parisen. 2012ko ekainean atxilotu zuten, eta asteon dira hura epaitzekoak. Badaki zer den haurrekin bidaiatzea; bereez gain, Ugaitzen hiru urteko semea ere eramaten du aita bisitatzera. «Guraso garenok badakigu zer den hemendik Bilbora ume batekin autoan joatea. Pentsa 800 kilometro egin beharra zer den, joan, eta etorri». Eta, noski, asteburu bakarrean. Gutxienez, hilero-hilero, eta urte luzez, askoren kasuan. Nekea, atsedenik hartu gabe eskolara joan beharra, eskola egunak eta asteburuetako planak galdu beharra ... «Horrek guztiak haurren garapen pertsonalean eragiten du. Ikasketetan, heziketan eta osasunean, sekulako arazoak sortzen ditu», nabarmendu du Errazkinek: «Eta dena, haien aita, ama, osaba edo izebarekin hain garrantzitsua den harremana mantendu ahal izateko. Kontuan izan behar da eskubidea dela hori, hala hartua dagoela, eta ez zigor gisa, guri ezartzen zaigun moduan».

Haurra zeneko bizipen batzuk, flash batzuk baditu Troitiñok. Senideak elkartearen autobusekoak. «Bidaiak hitz batez adierazi behar banitu, luzeak, nekagarriak dira, baina guztiaren gainetik gailentzen da jendearen babesa. Bidaietan-eta, haur bat ikusten dudanean, neure buruaz gogoratzen naiz». Aita denetik, osaba bisitatzera joan behar duen alabari begiratzeak ere ematen dio zer pentsa: «Nik bizi izan dudan guztia belaunaldi berriek ere bizitzen dute. Horrek erakusten du honek berehalako konponbide bat behar duela; ez da posible halako egoerak bizitzen jarraitzea».

Sakabanaketak haurren garapenean duen eraginaz gain, arriskua ere hor dago bidaia bakoitzean, Errazkinen hitzetan: «Ezin dugu ahaztu sakabanaketak hamasei hildako eragin dituela senide eta lagunen artean; eta haurrak ere arrisku horren barruan daudela. Azken bost urteetan, 36 istripu izan dituzte senide eta lagunek, eta horietako batean bi adingabek, bi umek, egunak pasatu behar izan zituzten ospitalean, istripuaren ondorioengatik».

Joateaz eta itzultzeaz

Joaneko eta itzulerako bidaiak bereizi dituzte biek. «Zuria eta beltza dira», dio Troitiñok. Joanekoak urduritasuna, ilusioa ekartzen die gogora. Itzulerak, senidea urrun utzi beharra. «Itzuleran, zeure buruarekin zaude, isiltasun horretan sartuta: 'Hau ez diot esan, beste hau modu horretara esan izan banio'... Oso adierazgarria da istripu gehien-gehienak bueltakoan izatea». Nekea askoz handiagoa delako, baina baita beste sentsazio horiengatik guztiengatik ere, Etxerat-ekoaren esanetan. «Joanekoa kolektiboa da; bueltakoa, indibiduala», ebatzi du Troitiñok. «Presoek ere asko dute esateko horretaz».

Espetxeak, bidaietarako-eta baldintzak erraztu beharrean, zaildu egiten dituela salatu dute biek. Errazkin: «Askotan, aurrez aurrekoak ere astean zehar jartzen zaizkie. Horrek zer esan nahi du? Bi-hiru egunez eskola galdu behar dutela haur horiek, hilero hilero. Ikasteko eskubidea ere kentzen zaie. Berez nahitaezkoa den heziketa hori utzi egin behar dute amarekin edo aitarekin minutu batzuetan egon ahal izateko. Egoera oso larria da».

«Badago jendea bidaiatzea-eta gustatzen zaiona. Nik esan dezakedana da bidaiatu dudala espetxeetara. Bestelako bidaia luzerik ez dut egin», kontatu du Troitiñok. Hegazkina, esaterako, bitan hartu du: aita Kanaria uharteetan zutenean, eta osaba bisitatzera Londresera joan zen batean.

«Kontziente naiz gauza asko ezin izan ditudala egin, aitarekin harreman bat eduki ahal izateko». Ez da gauza bera, ordea, sakabanaketa txikitatik ezagutzea, edo geroago, Troitiñoren iritzian: «Zoritxarrez, egoera hori umetatik bizitzea egokitu zait niri, eta normaltasun batean sartu dut nire bizitan. Errealitate bakarra zen niretzat. Zoritxarrez, horretara eraman gaituzte, hautsi ezin den egoera bat normalizatzera».

Umetan, izan ere, zaila da egoeraren kontziente izatea. Troitiño: «Eraman egiten zaituzte. Gurasoak-eta ahalegintzen dira umea ahalik eta erosoen sentiarazten. Esan liteke eramangarriagoa izan daitekeela, nahiz eta inkontzienteki asko eragiten duen. Nerabezaroan, beste kontzientzia bat daukazu, eta gogorragoa egiten zaizu psikologikoki».

Urruntasuna, harremanean

Urruntasuna ez da kilometrotan soilik neurtzen. Preso dagoen senidearekiko harremana mantentzea ez da erraza, kartzeletako baldintzen ondorioz. Errazkinek azaldu du: «Komunikazio denak daude zelatatuta. Telefono deiak, eskutitzak... Astean bi eskutitz bakarrik idatz ditzakete, gutxienez hamabost egunez interbenituta edukitzen dituzte, bisita guztiak zelatatzen dituzte... Pentsa dezagun nerabe batengan: zenbat kostatzen zaien, etxean ere, beren sentimendu eta arazoak kontatzea, irekitzea. Bisita batean, jakinda hirugarren pertsona batek bere intimitate guztia entzungo duela... Ez da askatuko».

Elkarbizitzarako bisitak badituzte seme-alabek. Hiru hilean behin bakarrik eskatu litezke, hiru orduko aurrez aurreko baterako. Haurrak hamar urte bete arte bakarrik, ordea. Errazkin: «Gero, ezin da. Ez dugu ulertzen zergatik. Egia da hiru orduan bisitak gehiagorako ematen duela. Baina hamabi urteko batek, hamalauko batek, ez al dauka behar hori?».

Alderdi eta erakundeen ardura seinalatu dute biek: «Haien erantzukizuna da; bustitzeko, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da. Bizikidetzaz-eta hitz egiten den hainbat eremutan, jendeak iraganean hitz egiten du. Guk ere nahi dugu iraganean hitz egin».

BERRIAn argitaratua (2016/11/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA