astekaria 2016/11/11
arrowItzuli

kultura

JOSE ANTONIO SISTIAGA

«Amaierara iristen ari naiz, eta bukatu gabea bukatu nahi dut»

Naiara Elola

«Amaierara iristen ari naiz, eta bukatu gabea bukatu nahi dut»

Kafe amerikarra edanez hartu du kazetaria Jose Antonio Sistiagak (Donostia, 1932). 84 urte dituen arren, sasoiko dago. Memoriak zenbaitetan kale egiten diola aitortu du, baina ederki oroitzen da haurra zela margotzeko sentitu zuen lehen bulkada hartaz. Bizi osoa eman du sortzen. Abstrakzioan topatu du adierazi nahi duen horren bidea. Zinema munduak ere beti erakarri izan duela dio. Harena da zeluloidean zuzenean margotuta munduan inoiz egin den film luze bakarra. Azken hilabeteak mugitu xamarrak izaten ari direla adierazi du, sustatzaile izan zen Gaur taldearen sorreraren 50. urteurrena dela eta. Iragan astean, esaterako, Iruñean izan zen, Nafarroako Unibertsitatean, Gipuzkoako zortzi artistak osatu zuten talde hari buruz hitzaldia ematen.

Aurtengoa omenaldi urtea da zuretzat, Gaur taldearen sorreraren 50. urteurrena dela eta.

[Barre ironikoa] Begira, azken bost hamarkadetan, Donostian ez da Gaur taldeari buruzko erakusketa bakar bat ere egin. Taldea osatzen genuen guztiak gipuzkoarrak ginen, eta asko, gainera, Donostian bizi ginen. 50 urtean inor ez da gure ekarpenaz interesatu. Baina, Donostia 2016ko kideren baten laineza dela eta, aurten, guri buruzko erakusketa bat egin dute, San Telmo museoan: 1966 Gaur konstelazioak 2016. Gure irizpidea ez dute inondik inora aintzat hartu. Museoko bi areto hartu zituen erakusketak. Horietako batean kokatu zituzten Gaur taldeko zortzi kideon lanak. Esan nien bi aretoak behar genituela. Gu zortzi izanda, zergatik ez zizkiguten bi aretoak guri eman? Gazteei eman nahi izan zieten bigarren aretoa. 50 urtean lehenengo aldia zen guri buruzko erakusketa bat egiten zena, eta ezin espazioa osorik guri utzi! Beste behin, agerian gelditu da politikariek ez dutela ezertarako balio.

Zuk esana da Velazquezen artelana ikustean sentitu zenuela bizitzako lehenengo emozio estetikoa. Zer sentitu zenuen zehazki?

8 bat urte-edo izango nituen, gutxi gorabehera. Velazquezen Bredako errenditzea koadroaren kopia bat zen. Gurasoen adiskide baten etxean zegoen. Hara itzultzen nintzen bakoitzean, koadroan ageri zen gizonezkoak beste gizonezko bati giltza eman nahian jarraitzen zuen. Paisaia ere niretzat erabat ezezaguna zen; ez nuen halakorik inoiz ikusi. Behin eta berriz aztertzen nuen artelana, erabat kateatzen ninduen eta. Koadro hari esker hasi nintzen beste lan batzuk kopiatzen. Sistema akademikoa jarraitzea ez dut inoiz gustuko izan. Nahiago izan dut nire irakaslea margolari profesional bat izatea. Horretarako joaten nintzen San Telmo museora. Han zintzilik zeuden koadroak kopiatuz jakiten nuen ondo egiteko gai nintzen ala ez. Gainera, horrela nik hartzen nituen nire ibilbideari buruzko erabakiak, eta, hanka sartzen banuen, ni nintzen erantzule bakarra; eta ez ez dakit nongo agintaria.

Orduan, zure erreferentzia artistiko nagusiak San Telmon zeuden koadroen egileak ziren?

Bai, garai hartan ez zegoen besterik. Inork ez zuen ezagutzen Europan egiten zena. Lehenengo autore ez-figuratiboa 22 urterekin ezagutu nuen. Alemaniako adiskide batek Paul Kleeren Udazkeneko hostoak koadroaren irudia zuen postal bat igorrita izan nuen abstrakzioaren lehen berria.

Donostian zegoena txiki gelditu zitzaizulako erabaki zenuen Parisera joatea?

Amaren adiskidea zen margolari baten bidez joan nintzen hara bizitzera. Concordia plazatik gertu bizi nintzen. Haren bidez hasi nintzen Arte Ederren eskolan ikasten. Bi hilabete besterik ez nuen egin. Ez nuen topatu niretzat interesgarria zen ezer. Arte Ederren eskolak pertsona izaten jarraitzeko munduan dagoen gauzarik alferrikakoenak dira. Artista bat beste artistekin erlazionatuz defendatu behar da, dakitenengandik ikasiz. Horiek bai, horiek dira profesionalak. Gainera, Parisera iritsi nintzenean ohartu nintzen nik egin nahi nuena aspalditik egina zegoela. Hala, besteek zer egiten zuten aztertzen hasi nintzen, falta zitzaidan informazioa osatu ahal izateko. Behin orduko artisten lanak ezagututa, Parisko paisaiak margotzen hasi nintzen.

Zergatik zara horren kritikoa Arte Ederren eskolekin?

Kultura ministroek ez dutelako ideiarik ere pinturaz. Haiek diote lehenengo mailan ikatz-ziri teknika landu behar dela, bigarrenean akuarela... Baina, akaso, ikasleak dozena erdi bat urte darama ikatz-ziri teknika bere kabuz lantzen. Bakoitzak egiten duena bost axola zaio Kultura Ministerioari.

Uste duzu agintariek badakitela artea baloratzen?

Inola ere ez. Horren inguruan liburu bat idazteko adina pasadizo dauzkat. 1963an, esaterako, Arabako Arkitekto Eskolak bi koadro erosi zizkidan. Handik bi urtera, eskolara itzuli nintzen, aldizkari baterako koadroei argazkiak egitera. Bulego batean zeuden, lurrean, inolako babes neurririk gabe. Egoera horrek izugarri haserretu ninduen, eta koadroak hartu eta etxera eraman nituen. Oraindik inork ez dit koadroak itzultzeko eskatu.

1960ko hamarkadan Donostian zinen Paristik bueltan. Garai hartan bazenuen harremanik inguruan bizi ziren gainontzeko artistekin?

Rafael Ruiz Balerdi nire etxe parean bizi zen, baina San Telmo museoan koadro bana kopiatzen ari ginela ezagutu genuen elkar. Txillida eta gainontzekoak ere ezagutzen nituen. Azken batean, Donostia oso hiri txikia zen, eta guztiok ezagutzen genuen elkar.

Horregatik otu zitzaizun Gipuzkoan abstrakzioaren aldeko hautua egin zuten artistak batzea?

Urtero, neguan, Donostiako Atrakzio eta Turismo Zentroak sariketa bat antolatzen zuen, Euskal Pinturaren Sariketa. Dirua ere ematen zuten sari modura. Margotzen zuen edonork parte har zezakeen. Ni inoiz ez nintzen aurkeztu, sistema hori ez zitzaidalako gustatzen. Politika artean sartzen denean, benetako hondamena izaten da. Hala, lo egin ezinik nengoen batean, artista ez-figuratiboen erakusketa paraleloa antolatzea pentsatu nuen. Esnatu bezain pronto, Amable Ariasekin hitz egin nuen, eta berehala eman zidan baiezkoa. Egun horretan bertan hitz egin genuen Jorge Oteizarekin, Nestor Basterretxearekin eta Remigio Mendibururekin. Eduardo Txillidarengana joan ginen azkenik. Hark esan zigun Rafael Ruiz Balerdi ez bazegoen ez zuela nire ekinbidearekin bat egingo. Hala, Ruiz Balerdi gonbidatu, eta zortzi kide zituen Gaur taldea sortu genuen.

Asmoa, beraz, erakusketa paralelo bat egitea zen?

Bai. 1965ean, Dionisio Barandiaran enpresaria ezagutu nuen Zarautzen. Donostiako Bengoetxea kalean zituen bulegoen azpialdean lokal bat zuen, eta gure esku utzi zuen galeria bat jartzeko. Han egin nahi genuen gure lehen erakusketa. Baina ohartu ginen Ruiz Balerdik izena emana zuela beste erakusketan. Ondorioz, 1966ko martxora atzeratu genuen.

Erakusketa alternatiboa atzeratzean zuen asmoak aldatu zenituzten?

Bai. Nire erakusketa bat egiteko aprobetxatu genuen atzerapena. Celestine Freineten heziketa metodoaren ingurukoa izan zen. Momentu horretan, pintura eskola bat nuen Donostian, Esther Ferrerrekin. 4 eta 14 urte bitarteko haurrak izaten genituen eskolan.

Paradoxikoa da Arte Ederren eskolan sinesten ez duen pertsona batek eskola bat irekitzea.

Bueno, baina guk genuenari ezin zitzaion eskola esan. Haurrek nahi zutena margotzen zuten espazio bat zen. Gainera, haurrek zalantza bat eduki eta galdera egiten zidatenean, beste galdera batekin erantzuten saiatzen nintzen. Horrela, bilatzen zuten hori topatzeko ahalegin handiagoa egin behar izaten zuten haurrek.

Lehen erakusketaren ostean, berehala desagertu zen taldea. Zer dela eta?

Sarritan, gure arteko ego borroka aipatzen da, baina ez zegoen horrelako ezer. Artista bakoitzak aurretik ere bere autonomia zuen. Esan daiteke guztiak ginela profesionalak. Baina galeriaren zuzendaritzan aldaketa izan zen. Herrietan erakusketa mordoa egiten hasi ziren. Baita tabernetan ere. Inoiz ez ziguten gure iritzirik eskatu. Bigarren katalogoa prestatzen ari ginen orduan. Egoera ikusita, Oteizari eskutitz bat igorri nion. Ruiz Balerdirekin hitz egin nuen, eta bigarren erakusketa ez egitea erabaki genuen. Normala zen bezala, Barandiaranek zuzendaritza berria babesten zuen. Horrela, besterik gabe desagertu zen Gaur taldea.

Euskal Herriko gainerako lurraldeetan ere izan ziren Gaur bezalako taldeak sortzeko saiakerak, baina porrot egin zuten gehienek.

Jorge Oteizak eta Agustin Ibarrolak uste zuten momentu hartako errealitatea artea baliatuz eralda zitekeela. Gipuzkoan Gaur, Bizkaian Emen, Araban Orain, Nafarroan Danok eta Ipar Euskal Herrian Baita taldeak sortzea zen haien asmoa. Ibarrola jarri zen Emen taldearen arduradun modura. Guk Gaur sortua genuen. Hala, Arabara joan ginen hango artistekin biltzera. Gure ikuspuntu estetiko antzeko xamarra zuten. Nafarroara joan ginenean eta Larrearen kristoren eskultura ikusi zutenean, erabat larritu ziren. Ikuspuntu politikoa duten gauza guztiak bezala, saiakera hori ere zapuztu egin zen. Hala, bakoitzak bere bidearekin jarraitu genuen.

Garai hartan, egun bezala, artetik bizitzea zaila izango zen, ezta?

Izugarri zaila. Gaur taldearen baliokideak beste lurraldeetan sortzeko saiakeretan genbiltzala, Zumeta, Ruiz Balerdi, nire lehenengo emaztea eta ni Gasteizera joan ginen bilera batera. Donostiara bueltan, Nafarroako artistek Altsasura eraman gintuzten autoz. Treneko txartelik erosteko dirurik ez genuen. Ondorioz, Beasaineraino oinez joan ginen, gauez. Goizeko hirurak aldera edo, gasolindegi batean taxi bat gelditu zen, eta dohainik Donostiara eraman gintuen. Horrela bizi ginen gu; hori zen gure egunerokoa.

Barandiaran bezalako enpresariek lagundu zuten zuen arteari balioa ematen?

Euskal Herriko enpresaria, oro har, ekonomikoki indartsua zen, baina artea bost axola zitzaion. Barandiaranek asko lagundu zigun, baina ezer gutxi zekien arteaz. Egia da uhartetarrek harreman handia zutela euskal artista askorekin. Beti bada sentiberagoa den enpresariren bat. Baina oso gutxi ziren Uharte familiakoek adinako sentsibilitatea zutenak. Haien arte bilduma ikaragarria da; Nafarroako Unibertsitateko museoa ikusi besterik ez dago.

Zeure burua beti margolari modura definitu duzu, baina zineman ere lan garrantzitsuak egin dituzu.

Behin, Parisko Montparnasseko zinema aretora joan nintzen film arrunt bat ikustera. Horren aurretik, Norman McLarenen film labur bat bota zuten. Margotutako filma zen. Orduan ohartu nintzen zeluloide gainean margotu zitekeela. Filma ikusi bitartean erabaki nuen halako zerbait egin nahi nuela. 1958. urtea zen. Argi neukan nire sorkuntza soinurik gabekoa izango zela eta irudiak dar-dar egingo zuela. Parisen izandako ideia hura hamar urte geroago gauzatu nuen.

Desio hori egia bilakatu zen Ere erera baleibu izik subua aruaren filmarekin.

Noski. Garai hartan, Ruiz Balerdi Tarzani buruzko lan bat egiten ari zen. Etxean, armairu handi bat zuen 300 metroko zeluloidez betea. Bat nahi ote nuen galdetu, eta baietz erantzun nion; zeluloide zeharrargi bat eman zidan. Pixkanaka, margotzen hasi nintzen. 1968a zen, eta garai hartan Hondarribian bizi nintzen. Lau metro inguru margotu nituenean, herriko zinemara joan eta proiektatzeko eskatu nien. Jakin nahi nuen ea irudiak dar-dar egiten zuen; eta bai, egiten zuen. Hala, hurrengo hamazazpi hilabeteetan hamabi orduz lanean aritu nintzen, zuzenean zeluloidean margotuta munduan egin den film luze bakarra amaitzeko. Jakin dudanez, egun gutxi barru Bilbon ikusteko aukera izango da.

Gero, beste lau film egin nituen. Esperientzia hura izugarri gustatu zitzaidan. Egin nuen lehen film hura berriz hartu eta gainean margotzea gustatuko litzaidake orain. Hala ere, nahiago dut dagoen bezala utzi.

Margolaria eta zinemagilea zara batez ere. Baina zein diziplinatan sentitzen zara erosoen?

Egia esan, berdin zait. Momentu honetan, margotzen ari naiz. Konturatzen ari naiz amaierara heltzen ari naizela, eta bukatu gabe daukadana bukatu nahi dut. Gero ikusiko dut zer egin. Tailerra Donostian daukat, eta astean bost aldiz joaten naiz autoz Ziburutik [Lapurdi].

Pentsatu duzu inoiz ondorengoek zure lanarekin zer egitea gustatuko litzaizukeen?

Inola ere ez. Nik nire bizitzarekin jarraitzen dut, nirea baita, eta ez beste inorena. Zazpi seme-alaba dauzkat, eta, nori zer utzi pentsatzen hasiko banintz, erotu egingo nintzateke. Nahiago dut horretan ez pentsatu.

BERRIAn argitaratua (2016/11/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA