astekaria 2016/11/11
arrowItzuli

iritzia

Pardela aldatu diot, eske txizatuta egon da! Eskerrik!

Arkaitz Zarraga

Pardela aldatu diot, eske txizatuta egon da! Eskerrik!

Ikastaro batean administrazioan trebatzaile lan egiten dugun taldetxo bat bildu ginen. Kasu konkretuak hartu genituen eta horien inguruan hausnartu, ulergarritasuna erraztu... funtsean hizkera administratiboa herritarrengana hurbiltzen saiatu ginen. Horrelako bilkuretan gertatu ohi da bakoitzak bere usteak, gustuak, irizpideak... dituela.

Baina adostasun handia dago mundu honetan gabiltzanon artean (eta «jatorrizko euskaldun jator» gehienen artean) kontu jakin baten inguruan: Eskerrik-ek asko behar du atzetik ezinbestean! Eskerrik huts-hutsean erantzuten duenak ez du euskaldun titulurik lortuko; halakorik balu (EGA, adibidez), kendu egin beharko litzaioke! Erdarakada, Kalko okerra, sakrilegioa!

Zer esan «Umea txizatu da» esaten duen gurasoaz! EGA ez ezik umea bera ere kendu beharko litzaioke! Gehienez ere, bisitaren bat tutorizatutako gelaren batean, irakaslea tarteko.

Txizatu barrutik sortutako aditza dugu. Kakaztu bera ere (txizaturen albokoa) noizbait sortuko zen! Niretzat oso irudi grafikoa ematen du; «gainean txiz egin du»-k ez duen indarra dauka. Baina, solaskide jatorrak, ulertu badu, zergatik ez du onartzen? Zergatik ematen dio min? Berdin, adibidez, sukaldatu aditzarekin!

Eske ere erdarakada da, mailegua. Sarritan desagerrarazi nahi izan dute hainbat irakaslek, zuzentzailek, gurasok... Baina ez dute lortu! Gehienek intimitatean erabili egiten dute! Eske-k karga argumentatibo ikaragarria du!

Euskarak mailegu sorta ikaragarria jaso du historian zehar, eta ondo barneratuta ditugu. «Hori egin bezain pronto» bai, baina eske ez? Ez gaitezen orain hain garbizale jarri!

Hizkuntza jarrerak dira horiek guztiak! Labovek berak erakutsi zuen New Yorkeko beltzen r fonema estigmatizatuta zegoela. Zuriek ez zuten begi onez ikusten (edo belarri onez entzuten), eta beltzak zurien antzera egiten saiatzen ziren. Jarrera linguistikoak!

Horixe gertatzen zaigu «jatorrizko euskaldun jatorrei» Eskerrik, txizatu edo eske entzuten dugunean: gure jarrerak azaleratzen dira eta, ez dakigu zergatik, baina, min egiten digu.

Gaztelaniaz bai! Gaztelaniaz gauza berriak, «gaizki esandakoak», moldatuak, laburtuak erabil daitezke. Nori ez zion minik egin lehen aldiz para nada entzuteak? Edo pues va a ser que no? Baina denek erabili izan dugu azkenean. Gogoratzen dut mogollon hitza zabaldu zenekoa! A ze mobidak ikastolan Nuria andereñoarekin! Gerora moon bilakatu zen (moon de peña) eta ostean Mazo-ri utzi zion lekua.

Atzo kide batek zera bota zidan: badakizu nork erabiltzen dituen eskerrik eta txizatu? Berehala igarri nion «jatortasunetik gutxi dutenez» ari zela. Baietz esan nion, gaztelania eta hizkuntza gehienetan ere estratu sozial marjinaletatik sortu ohi direla ekarpen berriak nagusiki.

Gure baitan ditugun apaiz filologoek ez digute hizkuntza naturaltasunez bizitzen uzten. Kontuan har dezagun egungo euskaldun gehienak gaztelania dutela hizkuntza nagusi, eta badirela errumaniera, Wolofa eta beste hainbat ama-hizkuntza dituzten euskaldunak ere. Horiek guztiek marka utziko dute gure hizkuntzan ezinbestean, eta hala bedi! Euskara «zikindu» egingo da, ala hil!

Esango nuke, irakurle, goiko tituluak min egiten badizu arazo bat duzula; arazo bat dugula. Barne filologoak akatzen hasi beharko gara noizbait. Arauak eman eta aldatzen dituelako Euskaltzaindia kritikatzen duen orok pentsa beza zer egiten duen barneko min horiek arintzeko!

Lagun batek ez dit telefonoa hartzen ergatiboa desagertuko dela esan nionetik!

BERRIAn argitaratua (2016/11/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA