astekaria 2016/11/11
arrowItzuli

ekonomia

TOM KUCHARZ. TTIPEN ETA CETAREN AURKAKO EKINTZAILEA

«TTIP errailetik atera ahal izateko, aurretik CETA geratu behar da»

Ivan Santamaria

«TTIP errailetik atera ahal izateko, aurretik CETA geratu behar da»

Ecologistas en Accion elkarteko kidea, ikertzailea, ekintzailea eta, azken garaiotan, Europa negoziatzen ari den itun komertzialen kontrako kanpainen bozeramaile izan da Tom Kucharz (Dresden, Alemania, 1977).

Buelta askoren ondotik, akordioa sinatu dute EBk eta Kanadak. Zein da zure analisia?

Ez zaio kasu askorik egin behar Bruselatik datorren mezu triunfalistari. Onartezina da Valoniako Gobernuari eta Parlamentuari egin zaien presio eta xantaia. Botere politiko eta ekonomiko guztiek egin dute, eta, azkenean, lortu dute demokraziari beste kolpe bat ematea, joan den urtean Greziaren hirugarren erreskatearekin egin zuten bezala.

Sinatu izanak ez du eztabaida bukatu, oraindik ere 38 parlamenturen babesa behar baitu CETAk. Aldatzeko aukerarik ikusten duzu prozesu horretan?

Baikorra naiz, eta uste dut CETA gelditzeko gai izango garela noizbait. Galdu ditugu borroka batzuk, itxaropen handia baitzegoen jarrita Valonian. Abenduaren 5ean eta otsailaren 14an, Europako Parlamentuak bozkatu beharko du. Ez dugu galdutzat ematen, nahiz eta badakigun aurrera egiteko itxura duela sozialdemokraten, kontserbadoreen eta liberalen arteko koalizio handiaren aldeko botoekin.

Europako Parlamentuaren oniritzia jasota, behin-behinean sartuko da indarrean akordioa. Zer esan nahi du horrek?

Atal batzuk ez dira indarrean sartuko. Presio politikoei esker izan da, baina baita Valoniak exijitutakoaren eta Alemanian Auzitegi Konstituzionalak jarri dituen baldintzen ondorioz ere. Arbitratzeari buruzko atalak dira, eta zerbitzuei buruzko artikulu batzuk ere bai; besteak beste, garraioetan. Eskumen mistoak direnez, ez da posible behin-behinean ezartzea.

Posible da CETA berresteko tramitean ituna atzera botatzea?

Garrantzitsua da hau. CETA onartu behar duten 38 parlamentuetatik batek ez badu berretsi nahi, behin-behineko ezarpena bertan behera geratuko da. Ez da automatikoa, Europako Batzordeari jakinarazi behar zaiolako, baina berme garrantzitsua da, Belgikako akordioak eta Alemaniako auzitegiak azpimarratu dutena. Bestela, gerta liteke Ukrainako itunarena. 2014an akordioaren aurka bozkatu zuten Herbehereek erreferendum batean, baina, gobernuak ez duenez ezer jakinarazi, martxan jarraitzen du, behin-behinean.

Azken asteotan, bermeei buruz izan da eztabaida. Azkenean adostu diren zehaztapen guztiekin, ituna kaltegarria izango ez den berme nahikorik badago?

Dokumentu asko daude. EBk eta Kanadak sinatu duten dokumentu bateratuari buruz defendatu izan da juridikoki loteslea dela, baina legelariek diote itunaren edukia beti nagusituko dela inbertitzaileen eta estatuen arteko arbitratze batean edo estatutuen arteko gatazka batean. Asmo on asko daude, baina balio juridikoa hutsaren hurrena da. Ez du aldatzen CETAk prozesu legegile demokratikoentzat dakarren arriskua eta mehatxua.

Belgikan lortu den akordioak esan nahi du Valoniak eta beste eskualdeek ituna berretsiko dutela aurrerago?

Puntu batean argi esaten da: Valoniak eta beste eskualde kritikoek ez dute CETA pasatuko arbitratze auzitegien kontuan aldaketarik ez badago. CETA ez bada moldatzen ?eta ez dut uste negoziazioa berriro irekiko dutenik?, aukera onak daude ez berresteko.

Auzitegien bidea ere aipatu da.

Belgikak iritzia eskatu dio Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari. Inbertsioa babesteko neurriak jasotzen dituen atala, zortzigarrena, EBko zuzenbidearekin bateragarria den argitzea nahi du. Geuk nahi genuen Greziak urrats hori egitea sinadura atzeratzeko, baina orain berrespena eta auziaren azterketa paraleloan joango dira. Kolpe bat izan liteke, askok uste baitute itunak ezarriko duen EB-Kanada auzitegi iraunkor horrek ezin duela bat egin EBko zuzenbidearekin.

Itunaren aldekoek diote ideologia ezberdineko gobernu guztiak ?Grezia barne, esaterako? konbentzitu izanak frogatzen duela CETAk baduela berme nahikorik.

Greziako Gobernuaren jarrera lotsagarria da, eta oso albiste txarra da gobernu horretan itxaropen handia zutenentzat: Europako ezkerrarentzat eta mugimendu sozialen parte handi batentzat. Bat egin zezakeen beste herrialde batzuek zituzten errezeloekin. EBko merkataritza eta inbertsio politikak dira azken urteotako krisi finantzario eta ekonomikoen arrazoi nagusietako bat.

CETA aurrera ateratzeko zailtasunak ikusita, hilda dago jadanik TTIP?

TTIP ez dago hilda. Orain, borroka politikoa CETAn dago. Ezin badu aurrera egin, horrek ondorio zuzenak izango ditu TTIPen negoziazioan. Baina negoziazioak aurrera segitzen du. Duela bi aste egin zen beste erronda bat, hamabosgarrena, eta ia astero biltzen dira talde teknikoak. Egia da datozen hilabeteotan ez direla konponduko bi aldeek dituzten hiru desadostasun ardatz nagusiak. TTIP errailetik atera nahi badugu, lehenik eta behin CETA berrestea geratu behar dugu. Urteetarako dago borroka oraindik.

BERRIAn argitaratua (2016/11/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA