astekaria 2016/11/11
arrowItzuli

bizigiro

Tokikoaren erakusleiho

Bidatz Villanueva Etxague

Tokikoaren erakusleiho

Lurrama herriko laborantzaren azokak 11. aldiz ireki zituen atzo ateak, Miarritzeko (Lapurdi) Irati aretoan. Hiru egunez, denetariko ekintzak izanen dira 5.500 metro koadro neurtzen duen eremuan, hala nola haurrentzako jolasak, proiekzioak, mahai inguruak, produktuen zuzeneko ekoizpena eta laborarien saltokiak. Aurtengo aldian, gainera, hiru berritasun aurkeztu dituzte. Zein laborantza mota ene zarean? izanen da aurtengo gaia, eta galdera horren inguruan hausnartzeko hitzaldiak eta eztabaidak antolatu dituzte. Horrez gain, Lurrama gure sukaldean, Euskal Herriko ekoizpenak kozinatu sukaldeburu bat bezala liburua kaleratu dute. Gomitatuak Auverniako (Okzitania) laborariak dira, eta Lurramara eraman dituzte hango produktuak. Kontzertuak ere izanen dira.

Jarduerak goizeko hamarretan hasi arren, aldez aurretik izena eman zuten boluntario asko bildu ziren Irati aretora, muntaketan laguntzera. Aretoak itxura ezberdina hartu ohi du egunaren unearen arabera, bazkarirako jartzen dituzten mahaiak kendu behar baitituzte arratseko kontzertuei bide emateko. Irekiera ofiziala 11:00etan izan zen, atzo, ekitaldi nagusiarekin.

Goizean goizetik mahai ilera luzeak zeuden aretoan, ehunka lagunentzat. Lan hori guztia, baita zainketa eta informazio guneena ere, 600 eta 700 boluntarioren artean egiten dute, Patxi Iriarten arabera, bera antolaketaz arduratzen baita: «Batzuk goizeko zazpietan etortzen dira, eta goizeko laurak arte txanda anitz daude, hala nola ostalaritza, aparkalekuak edo haurrak zaintzea». Boluntarioei lepoko bat banatzen diete, eta haien lana oroitarazi. «Laguntzaileak oinarria dira, beharrezkoak azoka aurrera ateratzeko».

Besteak beste, asko dira Lurramara biltzen diren gaztagileak. Lorence Besoit gazta eta kiwi ekoizlea da. Atzo haren saltokia jartzeko aukera izan zuen azokan. Tokiko produktuak ekoizten hasi zenetik —orain dela sei urte— parte hartu du Lurraman. «Dena biologikoa eskaintzen dugu, eta honelako topaketak ongi daude, normalean, baserriarekin kontakturik ez duen jendearekin harremana izateko balio baitigu, eta gure produktuak dastarazteko».

Janaria, ordea, ez da eskaintzen den bakarra. Ania Anjezabalek Iletegia enpresa du Saran. Ardien ilearekin koltxoiak, kuxinak eta bestelakoak egiten dituzte. «Manex arrazako ilearekin», zehaztu du. «Hemengo arraza bat da, eta hori dugu balioztatu nahi». Haren enpresak tokiko laborariei ordaintzen die artilea. «Bost aldiz gehiago pagatzen dugu, laborariek bere lana aski egiten dutelako eta ardiak ongi tratatzen dituztelako. Hemen gaude laborantza iraunkorra goraipatu eta sostengatzeko». Gaineratu du beren helburua dela tokiko produktuak ekoizten jarraitzea eta bezeroei kalitate onekoak eskaintzea.

Atzo, ostirala, eskolen eguna izan zen, eta haur anitz ikus zitezkeen azokan guraso edota irakasleekin. Taldetan eramaten zituzten haurrak, edota ilaran jarriak, koloredun kamisetekin batzuk, eta lepotik haien izena zintzilik besteak. Adi ziren irakasleak inor gal ez zedin, ibilbidean topatzen zuten edozerk erakartzen baitzuen haurren arreta. Animaliak jarri dituzte eremu batean, hesiz inguraturik, eta bertan egonen dira hiru egunez. Horien alboan idatzirik daude jatorria eta animaliaren inguruko zenbait datu. Behiak, oiloak, ahateak, ardiak, ahuntzak edota pottokak eraman dituzte.

Zer ikasia zuten galdetu zien Maite Zelaiak haurrei. «Nola egiten duten gasna eta eztia», erantzun zion batek. «Eta nola mozten zuten ardien ilea», beste batek. Zelaia laguntzaile moduan zihoan, eskolak laguntzeko. Hala, talde txikiagotan egin zezaketen bisita haurrek. Haren irudiz, ikasteko beste modu bat da, eskolatik kanpo: «Batzuek badituzte baserrian familiak, baina beste batzuentzat biziki interesgarria da. Errealitatea ikasten dute». Haur guztiak bat zetozen animaliak ikustea izan zutela gustukoen.

Gogoetatzeko eremuak

Nola antolatu lurralde baten elikadura?. Galdera labur bezain konplexua. Horren inguruan eztabaidatu zuten bertaratutakoek, 15:00etan zuten hitzorduan. Euskal Herriari buruz egin den Climagri ikerketatik abiatu zuten mahai ingurua. Beharrezko laborantzaren erronkak azaleratu zituzten han.

Lehiaketak ere izan ziren. Orotara lau izanen dira, eta atzo hiru egin zituzten. Lehena, 10:00etan, Ezpeletako piperrarena izan zen. Hainbat mahai jarrai zituzten, epaileei produktua zerbitzatzeko. Ordu berean egin zuten gazten lehiaketa. Geroago, 15:00etan, hogei okin lehiatu ziren.

BERRIAn argitaratua (2016/11/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA