astekaria 2016/11/11
arrowItzuli

iritzia

Indartu, berritu, bizi

Olatz Altuna

Indartu, berritu, bizi Olatz Altuna

Bidegurutzeak berez dakar gelditzeko beharra, eskuin-ezker zer datorren ikusi, eta aurrera egiteko. Metafora hori darabil euskalgintzak aspalditxotik, gogoetaren beharra azpimarratzeko eta bide zuzena indarberriturik hartzeko.

Izaera poliedrikoa aitortu zaio debate horri orriotan, eta ezin da ukatu ertz asko dituela esku arteko horrek. Hala, bidegurutzea gurutze-bidea izango ez bada, on litzateke hausnarketara ordena eta metodoa ekartzea.

Hasteko, printzipioak adostea izan daiteke ekin-puntu egokia. Errealitateak egunero erakusten du zail dela oinarrietan ere ados jartzea, baina ariketa hori egin beharra dago bidegurutzetik biziberrituta ateratzeko. Oinarri horien gaineko adostasun politiko-soziala, esan gabe doa, ahalik eta zabalena izatea komeni da, baina ezin da pentsatu gaur-gaurkoz sentsibilitate guztiak bertara bilduko direnik. Printzipio horiek, gainera, abstraktuegi izan gabe, errealitate soziolinguistikoan eta etorkizunera begirako jomuga garbian oinarritu behar dira. Hona, esate baterako, hiru printzipio orokor: 1) euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza: inon erabiltzekotan hemen erabiliko da, eta guri dagokigu —ez beste inori— horri eustea; 2) gaur egun gizarte eleaniztunean bizi gara, ez gizarte elebidunean; 3) ofizialtasuna eta lege-babesa behar ditu euskarak; izan ere, hizkuntza politikari euskarri eta sostengu juridikoa eman behar zaio, eta horrek eskatzen du gurean ditugun hizkuntzen estatus legalak ondo xedatzea, banaketa administratiboaren arabera ezinbestean. Hizkuntzen estatusak definitzean, arestian esan dugunez, euskarak behar du berezkotasunaren marka, eta ondoren datoz besteak, frantsesa eta gaztelania, eta gainontzekoak.

Akordio soziopolitiko horrek sozializazio lan eskerga eskatzen du. Batetik, diskurtso egokia harilkatuta, eta, bestetik, praktika eta jardun sendoz bultzatuta.

Diskurtsoak ez du zertan izan akordio soziopolitikoaren kalkoa edo isla. Ez da komeni. Diskurtsoak erakargarri izan behar du, bateratzailea eta inklusiboa. Haatik, ez dezagun geure burua engaina: jarrera sendorik gabeko diskurtsoak publizitate huts izateko arriskua dauka, eta jarrera sendoa markatutako printzipioei eustean datza. Erregistro diferenteak barne-biltzen dituen diskurtso pluralari begira, azken boladan aipatu dira osagai interesgarri batzuk: bizikidetza, dibertsitatea —diferente izatearen balioa eta xarma—, justizia soziala, demokrazia linguistikoa, modernitatea, hiztunen ahalduntzea, eta beste hainbat.

Biziberritzearen alde praktikoari dagokionez, benetako normalizazioa gauzatuko bada, gakoa neurri handi batean formulazio honetan dago: euskaraz bizi nahi duenak aukera behar du euskaraz bizitzeko. Euskaraz bizi nahi duenari ezin zaio eskubide hori ukatu. Horrek determinazioa eskatzen du hizkuntza politikan, bai eta eragileen arteko elkarlana ere. Bistakoa da, halaber, bultzada horrek tentsioa eragiten duela, euskaraz bizi nahi dutenen eskubideak ezinbestez ekartzen duelako guztion derrigorrezko konpromisoa eta ahalegina. Tentsio horri ezin zaio iskin egin, ondo eramatea eta kudeatzea da kontua.

Normalizazioa, hortaz, eskubideen planoan kokatzen da, lege-babesa duen egitasmo kolektiboa da, eta hiztunen hizkuntza praktikan adierazten da. Euskaraz egin nahi eta ezin bada, ez dago normalizaziorik, ez inolako biziberritzerik. Eta euskaraz egin nahi eta egin ahal izateko, baldintza egokiak sortu behar dira. Hizkuntza hautuaren puntu horretan, indarra hartzen dute beste faktore batzuek, norbanakoari eta testuinguru hurbilari dagozkionak, pertsonalagoak, nolabait. Aipa genitzake, adibidez, motibazio eta behar pertsonala, prestigio sozialaren hautematea edo gazteek eroso aritzeko nahiko baliabide eta aukera izatea. Nabarmentzekoa da gaur egun haur eta gazte euskaldunen artean gehiengoak bigarren hizkuntza duela euskara—eskolatik jasoa—, orain artean sekula ez bezala. Testuinguru soziolinguistikoak nolabait laguntzen ez badu, nekez hartuko dute euskara beren ohiko hizkuntzatzat, eta bistakoa da gazteen jokabideak baldintzatuko duela geroa neurri handi batean.

Hizkuntza erabileraren nondik norakoak faktore makroen —akordioa, lege-babesa eta diskurtsoa— eta mikroen —motibazio eta gaitasun pertsonala, besteak beste— eraginpean daude. Euskararen aldeko faktoreak sortzea da apustua, ekimenen egokitasuna ebaluatuz, eta horren arabera neurri zuzentzaileak aplikatuz. Hain zuzen ere, badatoz ebaluazio eta diagnostiko berrituak. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak kaleratu berri dira Euskal Autonomia Erkidego mailan, eta aurrerago jakinaraziko zaizkigu Euskal Herri osokoak. Bestetik, Euskal Herriko Kale Neurketaren datuak oraintsu bildu ditugu 137 herritan; ikerketa horretan 165.000 elkarrizketa baino gehiago behatu dira. 2017ko uda aurretik ezagutaraziko diren emaitzek erakutsiko dute zein den egoera, eta neurri batean zer eman duen orain arteko bideak. Izango dugu zer hausnartua eta zer egina aurrera begira.

BERRIAn argitaratua (2016/11/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA