astekaria 2016/11/04
arrowItzuli

gizartea

Martxan da Parisko akordioa

Iñaki Petxarroman

Martxan da Parisko akordioa

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) egokitzen hasi beharko du Klima Aldaketaren Aurkako Parisko Akordioa indarrean jarri ondorengo arkitektura juridikoa. Akordioa nola betearazi, eta zer isun, neurri edo kontrol mekanismo erabili. Helburua da mende bukaera bitartean munduaren berotze orokorra ez izatea bi gradu baino gehiagokoa; ahal dela, 1,5 gradu artekoa bakarrik. Herrialdeek Parisko Akordioarekin hartutako konpromiso horiek 2020tik aurrera hasi beharko dira betetzen. Orain, bidea prestatzeko lana dute. Lehen hitzordua Marrakexen (Maroko) dute, heldu den astelehenetik aurrera, COP22 goi bileran.

HEMENDIK AURRERA ZER?

Joan den urriaren 4an bete ziren beharrezko bi baldintzak Parisko Klima Aldaketaren Aurkako Akordioa indarrean jartzeko: munduko isurketen %55en erantzuleek berrestea, eta gutxienez 55 herrialde izatea. Baldintzak beteta, hilabete baten buruan martxan jarri da akordioa. Horrek esan nahi du ituna berretsi duten herrialdeak —81 estatu, oraingoz— legez lotuta daudela jadanik akordioarekin. Horixe azpimarratu du Unai Pascual Garzia de Aziluk, klima aldaketa ikertzen duen BC3 zentroko ikertzaileak; hau da, aurrerantzean «bete beharrekoa» izango dela. «Kyotoko Protokoloaren kasuan, NBEk jarri zuen herrialde bakoitzak zenbateko murrizketa egin behar zuen. Orain, herrialde bakoitzak bere buruari ezarri dio helburua, bere kabuz hartutako konpromisoaren bidez».

NAHIKOAK AL DIRA

HARTUTAKO

KONPROMISOAK?

Berez, ez. Iaz Parisen akordioa sinatu zuten herrialdeek hartutako konpromisoak ez dira nahikoak bi graduko langa ez gainditzeko. Herrialdeek hartutako konpromisoekin, 2100erako hiru gradu artean berotuko litzateke planetaren batez besteko tenperatura. Horregatik, aurrerantzean muga estuagoak jarri beharko dizkiote euren buruari herrialdeek. Horri dagokionez, Ingurumenerako Nazio Batuen Agentziak atzo estatuei eskatu zien indartzeko klima aldaketari aurre egiteko konpromisoak.

Izan ere, agentziaren arabera, martxa honetan, 2030erako, bi graduko langa ez gainditzeko beharko liratekeen gas isurketak baino %25 gehiago izango dira. Gauzak horrela, tenperatura 2,9 eta 3,4 gradu artean igoko da. Alegia, CO2 isurketak 54-56 gigatonakoak izango dira 2030erako, beharrezko 42 gigatonako langatik nabarmen gora. «Ez gara mugitzen ari gaiak eskatzen duen bezain azkar. Gogora ezazue planetaren eta gizadiaren etorkizunaz ari garela», adierazi du Erik Solheim NBEko Ingurumen gaietako arduradunak.

ZER AZTERTZEN HASIKO DIRA

MARRAKEXEN?

Bi gauza, nagusiki: herrialdeek Parisen hartutako konpromisoak jarriko dituzte mahai gainean, jakinik aurrerantzean prestatzen hasi beharko dutela konpromiso horiek betetzeko. Pascual Garzia de Aziluk gogoratu du garrantzitsua dela, halaber, aukera dutelako euren buruari konpromiso edo erronka «anbiziotsuagoak» ezartzeko. «Hori oso garrantzitsua litzateke, Parisen ikusi zelako hitzemandakoak ez direla nahikoa, ezta bi gradura iristeko ere». Eta Marrakexeko klima aldaketari buruzko goi bileran aztertuko duten bigarren puntu inportantea da ea zer neurri, isun edo kontrol mekanismo ezarriko diren agindutakoak betearazteko. Tresna horien artean, herrialdeek inbentarioak sortu beharko dituzte aztertzeko ea konpromisoak betetzen ari diren. Tresna horiek bereziki zorrotzak izango dira munduko potentziarik kutsatzaileenentzat. Horren barruan sartzen da gardentasun mekanismoak eta isurketak neurtzeko sistemak zehaztea.

ZER GERTATUKO ZAIO

KONPROMISOAK BETETZEN

EZ DITUENARI?

Hemendik aurrera hasiko dira hori aztertzen; hau da, zer neurri edo isun jarri ahal izango zaizkion emandako hitza betetzen ez duen herrialdeari. Isunak zer-nolakoak izan daitezkeen ere ez dago arrastorik oraindik, nazioarteko lege sistema eta burokrazia konplexua eta astuna delako, besteak beste. Hala ere, Pascual Garzia de Aziluk aukera hauxe aipatu du: «Munduko beste akordio batzuetan, zigorrak nazioarteko merkataritzaren ingurukoak izaten dira. Orain ez dakit nola egingo duten, baina nazioarteko merkataritzaren bidez neurriak har daitezke, eta hori globalizazio testuinguru batean nahiko eraginkorra izan daiteke». Egoera modu honetan azaldu du Pascualek: «Obrarako aldamioa orain hasiko dira adosten. Alegia, orain arte obra egitea adostu dute. Orain, obra nola egin, nork erosi behar duen materiala, non... Detaileak hasiko dira zehazten».

ISURKETAK,

NOIZ ARTE GORA?

Gaur martxan jarriko da akordioa, baina 2020an ezarriko da indarrean. Horrek esan nahi du Parisko Akordioaren hurrengo mugarri nagusia horixe izango dela. Hain zuzen, urte horretatik aurrera hasi beharko lirateke murrizten berotegi efektuko gas isurketak, itunak ezarritako helburua bete nahi bada, behintzat.

Besterik da ea hori posible den. Zientzialari askok uste dute oso zaila izango dela isurketen gehieneko kopuru hori 2020an izatea, eta hortik pixkanaka jaisten hastea. Pascual Garzia de Aziluk gogoratu du isurketak 2030era arte handitzen jarraituz gero ez dela nahikoa izango gero gutxituz joatea, baizik eta isurketa negatiboak izatea. «Hau da, geoingeniaritza proiektu erraldoiak beharko dira atmosferan dagoen gasa harrapatu eta gordetzeko». Horrelako megaproiektuek zalantza asko sortzen dituzte zientzialarien artean, eta BC3ko ikerlariak uste du horretara iritsiz gero «etorkizuna nahiko beltza» izango dela.

ETA DONALD TRUMPEK

IRABAZIKO BALU?

Parisko Akordioak datorren astean igaro beharko du hesi garrantzitsuenetako bat. Izan ere, AEBetako presidentetzarako hauteskundeak Donald Trump hautagai errepublikanoak irabaziko balitu, kolokan egon litzateke akordioa bera. Trumpek iragarri du klimaren inguruko akordio horretatik irtetearen aldekoa dela, eta horrek Txinaren kritikak eragin ditu. Izan ere, ikusteko dago AEBek akordioa utziz gero Txinako Gobernuak zer egingo duen. Bi herrialdeak munduko isurketen %40ren erantzuleak dira.

KLIMA ALDAKETAREN

PROZESUA USTE BAINO

AZKARRAGOA AL DA?

Prozesua uste baino azkarrago doala azpimarratzen ari dira zientzialariak, eta hala aitortu du NBEko Ingurumen Agentziak berak ere. Atmosferan pilatutako gas kopurua inoizko handiena da. Munduko Meteorologia Agentziak Hawaiin (AEB) duen behatokian jasotako datuen arabera, CO2 pilaketa milioiko 400 parterena da (ppm). Zientzialari batzuek diotenez, 450 ppm-ra iritsiko balitz, %50eko aukera legoke munduko tenperatura bi gradutik gora igotzeko. Kalkuluen arabera, urtero 2,75 ppm ari da handitzen gas metaketa atmosferan; horrek esan nahi du hamazortzi urteren bueltan mundua bi gradutik gorako tenperatura igoera baten aurrean egon daitekeela.

Industria aurreko aroan 280 ppm-rena zen gas metaketa atmosferan, eta Hawaiiko Mauna Loa zentroan neurketak egiten hasi zirenean, 1958an, 315 ppm neurtu zituzten. Beraz, azkar baino azkarrago ari dira pilatzen berotegi efektuko gasak.

LOTUTA AL DAGO

FINANTZAKETA?

Hori da akordioaren puntu nagusietako bat, hain justu. Izan ere, klima aldaketa jadanik ondorioak izaten ari da han eta hemen. Horren ondorioz, fenomeno horrekin hauskorren diren herrialde pobretuek hari aurre egiteko neurriak hartu ahal izateko, nazioarteko diru funts bat eratuko da. Asmoa da 2025era bitartean urtero 100.000 milioi dolar lortzea, eta urte horretatik aurrera gehiago izateko neurriak hartzea. Aldi berean, akordioak aurreikusten du kalteez eta galerez arduratuko den nazioarteko erakunde bat sortzea. Erakunde horrek emango lizkieke laguntzak gehien behar duten herrialdeei. Hala ere, erakunde horren garapena eta nondik norakoa zehazten hasi behar dute orain. Akordioak ere aurreikusten du berotegi efektuko gasen merkatu tresnak sortzea.

BERRIAn argitaratua (2016/11/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA