astekaria 2016/11/04
arrowItzuli

bizigiro

Egiari ateak zabaldu nahian

Iker Tubia

Egiari ateak zabaldu nahian

Beldurrak izan dira. Lana erdi ezkutuan egin da, instituzioen babesik gabe, eta haien erantzunaren beldur ere bai, tarteka. Lur azpian aurkitutako gauza anitzen berri ez zuten eman askotan. Hamar urte dira Aranzadik indusketa lanak abiatu zituela Amaiurren (Nafarroa), herriaren eta Udalbiltzaren laguntzarekin. Monolito bat zegoen tokian, gaztelu oso bat aurkitu zuten. Ez hori bakarrik: bizimodu baten testigantza zuzena ere bai. Orain, bildutako guzia gizartearen eskura jarri nahi dute. Larunbatetik, Amaiurko gazteluari buruzko erakusketa monografikoa ikusgai da Iruñeko Kondestablearen jauregian, eta urtarril hasiera arte zabalik izanen da gazteluari buruzko informazioa eskuratzeko atea.

Ate baten zatia da. Atearen erdia. Erakusketan ikus liteke. Egurrez eta burdinaz egindakoa. Amaiurko gazteluan sartzeko atearen erreplika da, Arangurengo Tailer Eskolako ikasleek egindakoa. Indusketetan jatorrizko atearen bi iltze handi aurkitu dituzte, eta erakusgai daude. Baita konkistatzaileek Doneztebeko (Nafarroa) arotz bati egindako enkargua azaltzen duen kontratu originala ere. Atea blindatzeko eskatu zioten. 300 kiloko ate hori zeharkatu behar da konkistaren nondik norakoak ezagutzeko. Noski, hori ez da kasualitatea. «Historiaren atea irekitzeko gonbidapena da», antolatzaileen arabera.

Erakusketa berezia da, orain arte ez baita horrelakorik egin. Amaiurko monolitoaren historia, indusketetako aurkikuntzak, bertako gazteluak inspiratutako artelanak, eta gazteluari eta hango gertakariei buruz idatzitakoa, dena bildurik dago Kondestablearen jauregian. Paradoxikoa ere bada; izan ere, eraikin hori bere garaian beaumontarrena zen. Hain zuzen ere, 1548an eraiki zuten, Luis Beaumontek bere etxea zabaltzerakoan. Beraz, etsaiaren etxean sartu da agramontarren aldeko kontakizuna.

Seguruenik, horregatik ez da lehenago egin horrelako erakusketarik. Juantxo Agirre Mauleon Aranzadi zientzia elkarteko kidea da, eta Amaiurko gazteluko indusketa lanetako zuzendarietako bat izan da. «Baztertuta sentitu gara, eta, batzuetan, beldurtuta. Beldurra handia izan da, baina gogoa eta ilusioa, handiagoa. Ez diogu beldurrik egiari, eta, iraganeko altxor honen aurrean, bide hau urratu behar genuen», azaldu du. Gazteluaren oinarrian dagoena Nafarroako konkista da, eta horren inguruan hainbat interpretazio egon dira. Espainiako historiografiak zioen Errege-Erregina Katolikoek batasuna lortu zutela konkistarekin. Juan Iturralde y Suit, Arturo Campion, Miguel Orreaga eta Jose Maria Jimeno Juriok, besteak beste, aldarrikatu zuten Nafarroan indarkeriaz sartu zirela, eta erresuma eta haren independentzia apurtu zutela. «Konkista garaiko aztarnategirik inportanteena eta ia-ia bakarrenetakoa denez, lur azpian agertzen zena ez zen egokia historia ofizial horrentzat», dio Agirrek. Horregatik, orain gutxi arte ez dute eman hamar urte hauetan aurkitutako objektu askoren berri.

Joseba Asiron Iruñeko alkatea inaugurazio ekitaldian egon zen, eta hark ere erakusketaren garrantzia aipatu zuen: «Ez dago dudarik nafarrok harriak, hezurrak eta zeramika eta burdina puskak baino gehiago berreskuratu ditugula Amaiurren. Gure historiaren parte bat ere berreskuratu dugu; parte hori lurpean sartu zuten, ez bakarrik fisikoki: ezkutuan egon da, eta ezkutaturik eduki dute denbora luzeegian, nahita eragindako amnesia moduko batean».

Denboraren makina

Lurpean aurkitutakoa lurpean da erakusgai: Kondestablearen sotoan. Eskailerak jaitsi, eta denboraren makinan 500 urtez atzera egin liteke. Lehenbizi, Amaiurren nola bizi ziren jakin daiteke; gazteluko bizimodua bai, behinik behin. Jaten zituzten animalien hezurrak, jantzietan eramaten zituzten apaingarriak, egunerokoan erabiltzen zituzten tresnak, geziak eta lantza puntak... Denetarik aurkitu dute monolitoa eraiki zuten muinoan. Garai hartako txanponen bildumatxo bat ere badago, eta izkina batean gela baten erreplika egin dute.

Kronologikoa da erakusketaren zati hori, eta gazteluaren atearen erreplika igarota, konkistaren garaira igaroko da ikuslea. Aurkikuntzarik garrantzitsuenetako batzuk hor dira: lur azpian ziren jaurtigaiak, armaduren burdinazko aplikeak, balezta punta bat eta ezpata bat. Konkista hartako hainbat kontu bezala, emakumeak eta euskara ere erabat desagertu ziren kronika eta historia liburuetatik. Aranzadik haien memoria ekarri nahi izan du: «Biak elkarrekin agertzen dira. Konkistatzaileek inguruko neska eta emakumeak kontratatu zituzten eraikuntza lanak egiteko». Haien izen-abizenen zerrenda hor dago, eta abizenengatik badakite euskaldunak zirela.

Gaztelua nolakoa zen ere irudikatu dute Aranzadi elkartekoek. Gainera, konkistatzaileek han eraiki zutena biltzen duen pergaminoa aurkitu dute. Aipatzekoa da putzutik ura ateratzeko erabiltzen zuten ontzia eta txirrika. Egurrezkoak izanagatik, egoera onean aurkitu dituzte, oxigenorik gabe, tenperatura berean eta uretan egon direlako. Orraziak, kaiku bat, musugitarra bat eta pilota baten barneko muina ere aurkitu dituzte. «Baliteke Euskal Herrian kontserbatzen den eskuz aritzeko pilotarik zaharrena izatea», azaldu du Agirrek.

Muino horren historiak aurrera jarraitzen du, gaur egungo indusketetara ailegatu arte. Toki gehien hartzen duen historiaren zatia, baina, modu askotara kontatu izan da. Hori goiko solairuan dago. XV. mendetik aurrera idatzi zen historia horri buruz, baina ez ziren testu zientifikoak, batailen kontakizun epikoak baizik. Han dira hainbat egile: besteak beste, Jose de Moret eta haren liburua. Zientzia askoz geroago heldu zen. Iturralde y Suit izan zen lehen akademizista. Hark zerbait egin nahi zuen muinoan, eta, haren ideiari jarraikiz, Campionek zer ikustekorik izan zuen 1922an eraikitako monolitoarekin.

Konkistari buruz idatzi zuten askoren aipuak daude, baita konkistaren aldekorik ere: «Nafarroak, Gaztela eta Aragoi ahizpen laguntzaz, inbaditzailea kanporatu zuen. Erretiratzean, agramontar gutxi batzuek Amaiurren eutsi zioten. Nafarroaren traidoreak deitzen ditut nik». Victor Praderaren idatzietatik ateratakoa da esana. «Lur azpian aurkitzen dugun guztia bitrinan jarri dugu. Idatzi diren guztiekin, berdin. Bisitariak aterako du bere kontakizun propioa», azaldu du Agirrek.

Auzolanaren fruitua

Iruñean horrelako erakusketa bat egiteak jende askorengana gerturatuko du Amaiurren gertatutakoa. Askok ez dute jakinen zer den Amaiur. Duela hamaika urte arte, Amaiurko muino hartan monolito bat baizik ez zegoen. Inork ez zuen uste gaztelu bat izanen zuela azpian. «Suntsitu zuten erabat, eta denek bagenekien horko harriak Amaiurko eliza berritzeko erabili zituztela, eta inguruko etxeetarako ere erabili zituzten. Zerbait agertuko zela pentsatzen genuen, baina ez orain dagoena, inondik ere». Ixabel Alemanek hala gogoratzen du. Amaiurtarra da, eta, indusketa lanetan ibili ez bada ere, proiektuan lagundu du, boluntario. Hala ibili dira beste herritar anitz ere. «Gure herrian auzolan kultura handia dago betidanik, eta, gaztelurako antolatu bazuten, nola ez genuen parte hartuko?».

Orain, hirukoiztu egin dira bisitak, eta espero dute 2022rako —batailaren urteurrenerako— herria egokiturik izatea hainbeste jende hartzeko. Horrekin batera, instituzioek beste gaztelu batzuekin izandako jarrera bera nahiko lukete Aranzadikoek. 2006a mugarritzat du Alemanek, indusketak hasi ziren urtea. Kontent dira, arrastoak erakusteko aukera dutelako. Erakusketa Iruñean egotea ere begi onez ikusi du Alemanek: «Lehendabiziko erakusleiho gisa kristorena da, baina honek Amaiurren egon behar du». Historiari hautsa kenduta, herrira itzuliko dira arrastoak. Haiei baitagokie altxorra gordetzea eta, batez ere, erakustea.

BERRIAn argitaratua (2016/11/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA