astekaria 2016/11/04
arrowItzuli

gizartea

Jagoleen ezinak loa kenduta

Ibai Maruri Bilbao

Jagoleen ezinak loa kenduta

Oraingoz, behargin gehiago: horixe eskatuko diote Isabel Sanchez Robles Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatuari. «Beste gabezia batzuk ere antzeman ditugu, baina larrienetik hasiko gara», azpimarratu du Juani Cespedesek. Zahar etxeetako senideen elkartea sortzen ari dira Bizkaian, eta hura dabil koordinatzaile lanetan. «Patronalak eta sindikatuek ez dute akordiorik lortzen, eta dagoeneko urtebete daramate gatazkan. Badirudi enpresek ez dutela euren jarrera aldatu nahi. Hori dela eta, guri bide bakarra geratu zaigu: diputaziora jotzea eta zerbait egin dezala eskatzea».

Sanchez Roblesi berarekin bildu nahi dutela esan diote, eta diputatuak hartuko dituela erantzun die. Eguna eta ordua jartzea falta dute. Bien bitartean, senide gehiago erakartzen dabiltza. Elkarteari izena ere ipini behar diote oraindik. Carmen Gutierrez eta Carmen Loizagarekin batera, euren senitartekoak bizi diren egoitzetako eguneroko egoera zein den azaldu dio Cespedesek BERRIAri.

«Enpresek oso txarto kudeatzen dituzte: langile gutxi daude hainbeste adinekori behar duten arreta emateko: ez dute astirik, ez dira denera iristen. Eta tarte bat zentroan igarota, erraz-erraz nabaritzen da», azaldu du Loizagak. Sanitasek Barakaldon duen egoitzan dauka ama; leku berean dago Gutierrezen ama ere. Cespedesen aita, berriz, Ortuellako Otxartaga egoitzan dago. «Langileen aldarrikapenak babesten ditugu, bertatik bertara ikusten dugulako ezinean ibiltzen direla», zehaztu du Loizagak.

Gutierrezek kontatu du berak sarritan jo izan duela Barakaldoko egoitzako kudeatzailearengana; esan izan dizkio aurkitu dituen gabeziak. Baina ez du uste hori denik konponbidea. Cespedes ere bat dator: «Adinekoak gero eta mendekoagoak dira; zaintza handiagoa behar dute. Beraz, konponbideak integrala izan behar du. Ezin gara familia bakoitza gure aldetik ibili kexaka. Sistema osoa hobetu behar da».

Loizagak, gainera, etorkizunera begiratu du. Gizartea gero eta zahartuago egongo den heinean beharrizanak ere handiagoak izango direla nabarmendu du. «Gaur egun, oraindik biztanleriaren piramidea orekatua den garaiotan, zerbitzu ona eman ezinik badabiltza, premia handiagoa dagoenean zer gertatuko da?». Dena den, hirurek argi dute arazoa ez dela dirua. Iruditzen zaie ohe bakoitzagatik «asko» ordaintzen dela. Batez beste, 2.500 eta 3.500 euro artean balio dute, nahiz eta familiek osorik ordaindu ez. Itunpekoetan %70 inguru diputazioak finantzatzen du. «Badakigu enpresak dirua irabazteko daudela, eta hala egiten dute. Bi urtean bi milioi euro baino gehiago irabazi ditu gureak», kexatu da Loizaga. «Pertsonen zaintzan dabiltza, eta ulertu beharko dute, agian, diru gutxiago irabazi beharko dutela. Hau ez da zapata fabrika bat», egin du gogoeta Gutierrezek. Enpresak egin dituzte egoeraren erantzule.

Familien deiak jasotzen dabil Cespedes egunotan. Entzun duen azken kasuetako bat kontatu du. «Vitalitasen egoitzan ama daukan andre bat izan da. Hilean 2.600 euro ordaintzen dute, justu sartu aurretxoan amak herentzia bat kobratu zuelako. Kontatu dit goizetarako andre bat eta arratsaldeetarako beste bat kontratatu duela, egoitzan bertan ama zain dezan. Eta hala jarraituko dute, herentziako dirua amaitu bitartean. Zergatik? Iruditzen zaiolako bertako zaintzaileek ematen dioten arretarekin ama ez dagoela behar bezala zainduta». Hirurek esan dute eguneko tarterik handiena egongeletan eserita igarotzen dutela euren gurasoek. «Izugarri penatzen gaitu horrek». Horregatik, egunero joaten dira egoitzara, gurasoarekin hitz egin eta, ahal bada, kaletik paseo bat ematera.

Loizagak zaintzaileen estresaz ohartarazi du. Goizetan, batez beste zazpi minutu dituzte adineko bakoitza martxan jartzeko. Denbora tarte horretan egoiliarra esnatu, ohetik altxatu, garbitu eta jantzi egin behar dute, gosaltzera jaisteko. «Nik ezin diot hori guztia egin neure buruari, eta ez dut batere mendekotasunik. Zelan egingo dute zaintzaileek hori dena? Binaka doazenez, guztira hamalau minutu direla dio enpresak. Baina ezin dira ibili bata hortzak garbitzen ari zaion bitartean, bestea frakak janzten, ezta? Erokeria da!».

Gauetako egoera okerragoa dela esan dute. Gogora ekarri dute zelan greba egunetan gauetarako %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituen Eusko Jaurlaritzak. «Enpresek eurek eman zuten azalpena. Aitortu zuten gauez beti daudela gutxieneko zerbitzuetan». Jagole bi baino ez dira egoten Sanitasen Barakaldoko egoitzan. «Batek arnasteko makina duela, bestea altxatu egiten dela, haragokoari pixoihala aldatu behar diotela, hemengoak gripea duela... 90 pertsona dira!».

Adinekoak ere, jabetuta

Cespedesen aitak diabetesa du, eta ez daki gauerdian bigarren afaria ematen dioten. «Berez eman behar diete, baina uste duzu baldintza horietan diabetesa duten guztiei azukrea neurtu eta jogurt bat emateko moduan daudela?». Gutierrezek aitortu du gau askotan ama zelan egongo den pentsatu eta urduri sartzen dela ohera. «Egoitzan etxean baino arreta hobea jasoko dutelakoan eroaten dituzu. Baina, zaintzaileak zelan dabiltzan ikusita, askotan etxetan edukita baino urduriago egoten gara».

Garbiketan eta sukaldean ere nabaritu dute zerbitzuak okerrera egin duela. Loizagak, kasurako, duela hiruzpalau astetik etxetik eroaten dio bazkaria amari. «Duela lau urte eta erdi sartu genuen ama egoitzara. Ez dut esango orduan egundoko otorduak ematen zizkietenik, baina bai aldea nabaritu dugula. Kalitateak behera egin du, eta eurei ere ez zaie gustatzen ematen dietena». Gutierrezek etxera eroaten ditu amaren arropak garbitzera, nahiz eta egoitzari araztegiko zerbitzuagatik ere ordaindu. Nahiago du horrela egin, arropak «sarri-sarri hondatuta» jaso baino.

Gutierrezek gaineratu du adinekoak eurak ere ohartu egiten direla. «Bada bat inork ezer esan edo eskatu gabe bere solairuan gurpil aulkian daudenak hartu eta kaperara mezara edo jantokira bazkaltzera eroaten dituena. Gizon hori konturatu da bere zaintzaileek ezin dutela zain daukaten lan guztia egin, eta laguntzen ari zaie. Hunkigarria da, baina, era berean, tristea ere bai». Loizagak uste du adinekoek eurek zaintzaileekin duten harremanak ere asko adierazten duela. «Maitasunez hartzen dituzte, eta horrek argi uzten du eurak ere horrela tratatzen dituztela. Familia baten parekoak dira, eta, nagusiei behar duten arreta guztia ematen ez dietenean, badakigu ezin dutelako izaten dela».

BERRIAn argitaratua (2016/11/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA