kirola
JESUS MARI SATRUSTEGI. REALEKO JOKALARI OHIA
«Realak puntu gehiago lituzke gure garaiko kasta izango balu»
Jon Eskudero

Zer moduz bizi zara?
Nahiko ongi. Lesio baten erruz, futbola goiz utzi behar izan nuen, baina anaiak eta biok ardoaren komertzializazioaren inguruko enpresa bat sortu genuen, eta ordutik buru-belarri ari gara lanean. Enpresa bikain doakigu. Baina ez naiz soilik lanerako bizi. Oporretara joatea eta familiarekin egotea ere gustuko dut. Eta, sasoi honetan, nola ez, ehizan ibiltzea.
Ate aurrean zenuen bezain punteria ona al duzu ehizan?
Ez. Hobea [barrez]. Oilagorretan ibiltzen naiz, baina, egun ona edo txarra izan, berdin zait. Lagunartean egoteak ez dauka preziorik. Zubiri [Nafarroa] inguruko mendietan ibiltzen gara, eta sei bat orduko bueltak egiten ditugu oinez. Sasoian egon beharra dago.
Futbolarekin ere lotura duzu?
Bai, bai, derrigorrean. Reala utzi eta gero, entrenatzaile kurtsoa egiten hasi ginen Jose Mari Zamorak eta biok, baina nik utzi egin nuen. Ohartu nintzen adore handia behar dela entrenatzailea izateko. Lan gogorra da. Oso gogorra. Gero, Realeko beteranoen taldean ere sartu nintzen, eta zenbat arratsalde on pasatu ote genituen! Belaunak kito esan zidan arte. Medikuak erabat debekatu zidan futbola. Eta, horrez gain, semea ere futbolaria dut [Alex Satrustegi, Osasuna B-ko jokalaria]. Lesioak direla eta, ez du oso zorte handirik izan maila profesionalean, baina pertsona gisa egoki hazi eta hezi dugula ikusteak gogobetetzen nau. Besteak beste, goi mailako ikasketak egiten ari da.
Realari ere jarraitzen al diozu?
Noski! Zale sutsua naiz. Esan daiteke bizimodua Donostian egiten dudala, nahiz Nafarroara egunero joaten naizen, eta Reala gertutik jarraitzen dut. Pasio handiz bizi dut. Levanten 0-4 irabazita, pentsatzen nuen egoera buelta hartzen hasiko zela. Baina ez. Sufritzen jarraitu beharko dugu. Celtaren kontra 2-3 galtzeak min eman digu. Celta talde ona iruditu zitzaidan, eta Realak ere ez zuen gaizki jokatu. Baina betikoa. Saririk ez zuen jaso. Celtak inbidia apur bat eman zidan, talde on baten zentzuak azaldu baitzituen.
Kezkatuta al zaude Realarekin?
Ez nuke esango kezka denik hitz egokia. Baina ez dezagun egia ezkuta: nik zalantza asko ditut taldearen inguruan. Prentsan irakurri izan dudanez, dagoeneko urtebete da David Moyesek Reala hartu zuela. Iragan denboraldian helburua bete zuen, taldea Lehen Mailan mantenduta, baina sasoi honetarako aurreikuspenak hobeak genituen. Denboraldi-aurrea txarra izan zen, eta, orduan, kezkatzen hasi nintzen. Bada, denborak ez du ezer konpondu. Reala gaizki dago oraindik, eta baikor izatea beste erremediorik ez zaigu geratzen. Pazientzia handiagoa beharko dugu.
David Moyes gai izango al da egoerari buelta emateko?
Ez dakit. Hasieran pentsatzen genuen entrenatzaile egokia izan zitekeela. Eta zuzendaritzak ere hori pentsatuta fitxatuko zuen. Baina guztiok ezkor gaude azkenaldian. Gaur bai, eta bihar ez. Halaxe dabil taldea. Erregulartasuna topatu ezinda. Gauza jakina da talde oso ona dagoela. Ausartuko nintzateke esatera aspaldiko talderik onena daukala Realak. Baina emaitzak ez dira ageri. Eta hori ez da entrenatzailearen arazoa soilik, baita jokalariena ere.
Zure ustez, zein da arazoa?
Akaso, betiko usteari helduko diodala pentsatuko du batek baino gehiagok, baina nik kasta falta ikusten dut. Zubietara joaten naizenean, entrenamenduak ikustera, harrituta geratzen naiz: hango azpiegiturekin, zelaiekin... Gure garaian zelai bat soilik izaten genuen entrenatzeko. Egungo futbolariek guk genituenak baino askoz baliabide gehiago dauzkate, baina kastari dagokionez ez digute irabazten. Egun baino diru gutxiago irabazten genuen guk, baina guztia ematen genuen.
Anekdotaren bat ere baduzu, ezta?
Bai. Behin, taldekide bati sekulako kolpea eman zioten hankan, eta hezurra bistan geratu zitzaion. Zelaitik atera zen une batez, eta hanka bendaz lotu eta jokatzera itzuli zen. Horixe nahi zuen. Pentsa zer-nolako indarra eta kasta ipintzen genuen partidetan! Realari hori falta zaio. Futbolari onak dauzka, kalitate handikoak, eta puntu gehiago izango lituzke gure garaiko kasta balu. Eta Moyesek ere kasta hori transmititu beharra dauka. Nik beti triste ikusten dut.
Kasta falta Realaren arazoa soilik da, edo talde gehienena?
Futbola aldatuta dago, eta, gaur egun, gehiago lantzen da arlo teknikoa. Futbolariek kalitate handiagoa daukate guk baino. Baina horrek ez du esan nahi indarra eta gatza behar ez dutenik. Begira Atletico Madril. Kastari esker irabazi zuen liga. Bartzelona ere eredua da. Badakigu baloiarekin artista dela, baina baloia galtzen dutenean gogor egiten du presioa berreskuratzeko. Ez da geldi egoten. Eta Athleticen ere bikainak dira Raul Garcia eta Aduriz. Realak lehiakorragoa izan behar du.
Denak ezingo dira zaku berean sartu. Imanol Agirretxe, esaterako, garai bikainean dago. Zure marka berdindu berri du: hamar partidatan zortzi gol.
Ez nekien datu horren berri, baina aste honetan jakinarazi didate, bai. 1977an egin nuen hori. Beraz, pentsa zenbat denbora igaro den. Agirretxe bikain ari da, eta eskerrak baten bat badaukagun ontziari tiratzeko. Aurrelari petoa da; ezin hobeto jokatzen du baloiarekin zein baloi gabe, eta aurrelarien bolada onak baliatu egin behar dira, boladak joan eta etorri egiten baitira. Agirretxerengandik gehien gustatzen zaidana da gola sartzeko aukerak sortzen dakiela. Ikasten ez den gauza bat du: seigarren zentzua esaten dena. Reala hari esker dago bizirik.
Guztira, 51 gol daramatza Realarekin. Zuk 162 sartu zenituen. Inoiz inor iritsiko al da horra?
Poztuko nintzateke. Pena dut gol gehiago ez nituelako sartu. 28 urterekin lesionatu nintzen, eta orduan amaitu zen ia nire ibilbidea. Bestela, gol gehiago ere sartuko nituen. Agirretxe gaztea da, eta badu aukera zenbaki horretara heltzeko. Beti lehiakideak ekartzen dizkiote aurrelari posturako, baina berak lortzen du jokatzea. Hori bai, Jonathas ere ona da.
Zein behar luke Realaren helburuak sasoi honetan?
Oraindik ere Europan sinetsi behar dugu. Inoizko talderik garestiena dugu, eta horrek gutxieneko zerbait bermatu behar du.