iritzia
Hilerriak
Elixabete Garmendia Lasa
Eliza katolikoak eman berri du agindu irmoa: debekatuta dago hildakoen errautsak airean, lurrean nahiz uretan zabaltzea edota etxean edukitzea. Errautsak toki sakratuan gorde behar dira; hilerrian, edo —izatekotan— eliza batean edo Elizaren agintariek hartarako ezarritako lekuan. Gorpuak erraustea ozta-ozta onartzen dute. Zerbait aurreratu zuen Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaiak joan den abuztuaren 15ean, Santa Maria basilikan egindako sermoian, lurperatzea hobetsi baitzuen eta erraustea auzitan jarri. Eliza katolikoa, behin eta berriro, atzerakargan eta hobenaren zama eransten bere bezeroei.
Bergogliok, bide batez, aukera ezin hobea galdu du autokritika egiteko. Autokritika, katolikoek egin duten hilerrien erabileraz. Misterio handiarekin seinalatzen ziguten umetan kanposantuaren ertz batean, hormatzarraren atzean zegoen gune «ez-sakratua»; azkar esanda, gaiztoak omen zirenak lurperatzeko eremua; kondenatuen ez-lekua. Bazen beste hilobi bat berezia: ez zuen izenik ageri; ahapeka kontatzen ziguten han zeudela 36ko gerran hilerriaren sarreran frankistek fusilatu zituztenak. Kristauek lur sakratu deitzen zuten hartan zeuden haiek, baina izena —eta izana— ukatu egiten zizkieten. Eliza katolikoak, jaun eta jabe, bazterkeriarako erabili izan ditu hilerriak, bere kasa nahiz agintari zibilekin elkar hartuta.
Horiek horrela, ez da harritzekoa azken urteotan hedatu den joera: hilerriei ihes egin, eta hildakoen errautsak naturan lurperatu edo zabaltzekoa. Kasu batzuetan, seinale modura landatutako zuhaitz hark adieraziko du zein den lekua, eta zuhaitza bera pertsona kuttun haren sinbolo, oroigarri eta emaitza bihurtuko da. Baina bide horietatik abiatu, eta gehiegikeriak egiten dira: mendietan jartzen diren plaka metalikoak —ez preseski bertan hildako-enak—, parkeko ertz batean topatzen duzun doluminezko lore sorta zimeldua, itsasertzean harat-honat dabilen koroa itsustua...
Hilerrietara itzuli beharrean gaude. Hilerri zibilak, bazterkeriarik gabekoak eta berdintasuna bermatuko dutenak. Panteoiak eta ikur katolikoak anakronismo modura geratuko diren guneak. Eta, horrela, hilen herria —biziena bezala— partekatuz, gure historiaren orriak idazten segituko dugu, letra txikian bada ere.
Ez naiz sekula izan Parisko Père-Lachaisen, baina aitortu behar dut parean jartzen zaidan hilerria bisitatzeko grina izaten dudala. Eta horrela, ezarian, hara non topatu nuen Smetana musikagilearen hilobia Pragako Vysehrad hilerrian. Harrezkero, are hurbilago sentitzen dut konpositore txekiarraren Má vlast (Nire aberria). Hilerriek, izan ere, joandako bizitzen oihartzuna dakarte.