astekaria 2016/11/04
arrowItzuli

bizigiro

IñAKI BASABE

«Gero eta gutxiago kantatzen da»

Lander Muñagorri Garmendia

«Gero eta gutxiago kantatzen da»

Kantagintza tradizionalarekin hasi, eta bilbainadak kantatzen amaitu du «joan den mendeko urteren batean jaiotako» Iñaki Basabe bilbotarrak. 1970eko hamarkadan hasi zen kantagintzan Atlanta rock musika taldean, eta proiektu hura amaituz geroztik bakarka aritu da plazaz plaza. Hamaika bilbainaden egilea da, baina emanaldietan kantu zaharrak jotzea ere gogoko du, batez ere adineko zentroetan jotzen duenean. Izan ere, askotariko plazak igaro ditu urte hauetan guztietan Basabek, eta azken boladan adineko pertsonengana gerturatzen da gehien. Ezaguna da Bilbon eta inguruetako herrietan, eta horren lekuko da elkarrizketa hasi berritan joan zaion zerbitzariaren agurra: «Aspaldiko Iñaki! Aspaldi ez zinen hemen izan». Aspaldi zen Bilboko Plaza Biribileko La Granja tabernan agertzen ez zela.

Ezaguna zara La Granja taberna honetan...

Izango ez naiz ba! Bost urte eman ditut hemen hilean behin jotzen, ostegunetan. 18:00etan hasten ginen jotzen, eta giroa berotzea zen gure ardura. Baina dagoeneko ez dira halakoak antolatzen taberna honetan, eta pena da. Hemengo zirkuitu hau itxi zenetik, apenas dagoen lekurik bilbainadak kantatu ahal izateko. Tira, emanaldiren bat edo beste eskaintzen dituzten lekuak badaude, baina programazio jarraitua daukanik ez dago oraintxe. Hutsune hori sumatzen da, gainera, jendeak kalean ere galdetzen didalako ea noiz itzuli behar naizen hona kontzertuak eskaintzera. Baina une honetan hauxe daukagu.

Duela zenbat urte jotzen zenuen taberna honetan?

Duela bi urte inguru utziko zioten kontzertuak antolatzeari. Beste jabe batzuk hartu dute lokala, eta dagoeneko ez dute halakorik egiten. Lokalak ixten ari dira, eta betiko kontzertu lekuak ere galdu egin dira Bilbon. Esaterako, Boulevard tabernan, Boulevard izena zuenean, jotzen nuen noizbehinka. Poesia tertuliak ere egiten ziren han, eta halakoetarako ere deitzen ninduten, ez baititut bilbainadak bakarrik kantatzen. Bestelako kantuak ere abesten ditut.

Sumatu duzu musika eskaintza gutxitu dela?

Tira, taberna txiki batzuetan ere badaude eskaintza berriak. Espero dut indar berria ekarriko duen jendea agertuko dela. Jendeak gogoa baldin badu, egingo delako. Hemengo kontzertuetan itzelezko giroa sortzen zen, 20:00etarako emanaldia amaituta zegoen, eta jendeak kantatzen jarraitzen zuen. Akaso hori izango zen arazoren baten iturri... Kar-kar-kar.

Hori, orduan, zure ardura izango zen.

Horrela beharko zuen, noski! Hala ez den bitartean, gaizki baikoaz!

Zurekin asko kantatzen dute?

Tira, nik esango nuke baietz. Askok uste dute bilbainadak bakarrik kantatzen ditudala, baina nire kantutegi zerrendan 1.000 abestitik gora dauzkat. Beraz, Gipuzkoa aldera joaten naizenean beste kantu batzuk abesten ditut. Hego Ameriketako abesti asko dauzkat baita ere, hasieran batean kantu horiekin hasi bainintzen, kanpoko abestiak hona ekartzen.

Bilbainadek eman dizute ospea, ordea.

Baina bilbainadak zer dira azken finean? Ingurura begiratu, eta hori kontatzea besterik ez da. Esaten duzu «Ai, Bilbo maitea nola aldatu zaren!», eta, hortik abiatuta, baduzu abesti bat. Doinuak ere denetarikoak dira: zortzikoak, boleroak... Edozein modutan, esan dizudan bezala, joaten naizen lekuaren araberako kantutegia prestatzen dut. Errioxara noala? Bada, hango kanturen bat berreskuratzen dut, eta bilbainadaren bat ere bai, noski! Jendeari, hala ere, betiko abestiak kantatzea gustatzen zaio, zaharren kasuan batez ere. Nire agertokiak ugariak direlako: herriko jai edo plazetatik hasi, eta adineko pertsonen egoitzetaraino. Azken boladan, horiek bihurtu dira ugarienak.

Zahar etxeetan, kantutegi zaharra berreskuratuko duzu, ala?

Bai, asko gustatzen zaie hori. Askok negar ere egiten dute, haurtzaroa gogorarazten dielako, edo beste edozein arrazoirengatik. Une politak eta hunkigarriak izaten dira horiek.

Zure emanaldiek, beraz, badute funtzio bat pertsona horiengan.

Bai. Edozein modutan, nire asmoa da abesti horien transmisioa bermatzea. Horrekin batera, abesti berriak egiten ari naiz etengabe. Denetarik egitea tokatu zait: Julen Guerreroren omenezko kantu bat, Zorroza taldearen ereserkia, Barakaldoko eskubaloi taldearena... Nahikoa kantu egin izan ditut alde horretatik. Halaber, jendeak abestiak egiteko eskatzen dit. Funikularrak 80 urte bete zituenean etorri zitzaizkidan batzuk haren omenezko zerbait eskatzen, eta nik ezin ezetzik esan.

Bilbainaden kasuan, ez duzu sumatzen gutxiago kantatzen eta konposatzen direla?

Tira, urtero lehiaketa bat egiten da, eta emanaldiak ere egon, badaude. Baina egia da hori ez dela nahikoa. Edozein modutan, gaur egun gutxiago kantatzen da. Begira, orain gauden lekuan [ingurura begira jarri da], musika ozen-ozen jarrita dago. Lehen ez zegoen hori, kuadrillak tabernaz taberna kantari joaten ziren. Arropa eskegitzen ari zen jendea kantari egoten zen, eta horrela sortzen ziren abestiak. Orain, soinua dago leku guztietan. Eta horrek asko eragiten du, nik uste. Hala ere, nik uste dut jende gaztearengana iritsi behar dela, eta, horregatik, nire emanaldietan, betiko kantuak jotzen ditut nik: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete edo beste hainbatenak. Horiek mantendu egin behar dira.

Pedagogia beharra ikusten duzula esan daiteke orduan.

Bai, egin beharra dago. Ikastoletan egin beharko lirateke kontzertu batzuk, esaterako. Carlos Garaikoetxea lehendakari izan zenean, kulturaren aldetik gauza on bat egin zituen, eskoletara musika taldeak, antzerki taldeak, titiriteroak eta bestelakoak bidaltzen. Hori oso ongi zegoen, baina eten egin da.

Alde horretatik, nola gogoratzen dituzu zure hastapenetako urteak?

1970eko hamarkada inguruan hasi nintzen talde batean jotzen, Atlanta rocken. Lagunek osatu genuen taldea, denbora-pasa gisa, baina kide batzuek soldaduskara joan behar izan zuten, eta taldea desegin egin behar izan genuen. Behin bide hori amaituta, bakarkako ibilbidea abiatu nuen, eta nire lehen diskoa argitaratu nuen Herri Gogoak diskoetxearekin.

Euskaraz kantatzen zenuen hastapen hartan.

Nik gazteleraz idazten nituen abestien hitzak, eta, ondoren, Jon Larreak euskaratzen zizkidan hitz horiek. Musika aldizkari batzuetan poema batzuk ekartzen zituzten, eta horiek musikatzen nituen. Beste poetika bat lortu nahi nuen, ez zitezela izan protesta abestien gisakoak. Beste era bateko gaiak jorratu nituen, eta, hortik, adibidez, adimen urritasuna zuten pertsonei eskainitako abestiak egin nituen. Adineko pertsonengana edo beharra dutenengana gerturatzen saiatu naiz, musika haiei eramaten.

Euskara hutsean egin zenituen lehen lan haiek.

Bai, eta bigarren disko bat ere egin behar nuen diskoetxearekin. Single bat atera nuen lehenbizi, eta talde batekin prestatu nuen. Nere batailoa abestia egin nuen, eta Unairi eskainitako beste kantu bat ostera. Iraupen luzeko formatuan lan egitea asko kostatzen zen, eta autoekoizten hastea erabaki nuen.

Lehenengoetakoa izango zinen pauso hori ematen.

Egia esan, bai. Zarama eta antzeko taldeek galdetu zidaten ea nola egin nuen autoekoizpenaren kontu hori. Diskoetxeak egon, bazeuden, baina gero bakarrik uzten zintuzten sustapen lan guztia egiteko garaian. Sustapena zuk egiteko, grabatzen duzunarekin ere zuk nahi duzuna egin beharko zenuke, eta horrela hasi nintzen. Erabaki onak ala txarrak izan, nik nire ardurapean egiten nuen dena. Musikaren mundua hemen oso atzetik joan izan da beti. Konpara dezagun Kataluniarekin. Han sekulako ekoizpenak egiten zirenean, hemen gehiago kostatzen zen. Gero, hemen hasi zen punk eta ska mugimendua, eta ni hor nire gitarrarekin.

Haize kontra...

Askok esaten zidaten ea nora nindoan, baina nik hor jarraitu nuen. Garai hartan haurrentzako gauza asko nituen, ipuin kontalariekin batera emanaldiak, eta abar. Ostera sartu nintzen Chimberoen taldean, 1990. urtean. Baina amaieran sartu nintzen, eta bi urte iraun zuen kontuak.

Sekulakoa izango zen hori zuretzat, ezta?

Pentsa! Nik Chimbero-en abestiak sei urtez geroztik entzuten ditut. Nola ez zen ba, itzelezkoa izango? Oso berezia izan zen haiekin aritzea, bilbainaden talde ezagunenarekin jo nuen.

Nola amaitu zen taldea?

Itzelezko esperientzia izan zen, baina alde txarra ere izan zuen. Gehiago iraun zezakeela iruditzen zait, baina egia da abesti berriak ez zirela egiten. Bere garaian egindako abestiak behin eta berriro errepikatzen zituzten. Abesti berriak egin behar dira; bestela, herdoildu egiten da taldea. Hori gertatu zen, eta, pena ematen duen arren, aurrera jarraitu beharra dago.

Eta, hortik, zu zure bilbainada propioak egitera.

Behin esan zidaten ea zergatik ez nintzen hasten ni ere konposatzen, eta nola gutxi behar izaten dudan...kar-kar-kar. Bizkaiko Zubiari egindakoa izan zen lehena. Beste behin, Portugaleteko [Bizkaia] taberna batean esan zidaten ea zergatik ez nion Julen Guerrerori egiten kantu bat. Ordurako hasi berria zen, eta esan nuen baietz. Grabatu nuen abestia, eta single bat egin nuen. Iritsi zen diskoa, banatu nuen irrati guztietatik, eta igande horretan Athleticen partida zegoen. Eta mutilari zer bururatuko, eta egun horretan lau gol sartzea! Beraz, pentsa, irrati denek eskura zeukaten diskoa, eta oso ezaguna egin zen. Garai hartan ematen nituen kontzertu guztietan behin eta berriro eskatzen zidaten Guerreroren abestia. Ezusteko bat izan zen, baina halakoak gertatzen dira batzuetan.

Gaur egungo beste jokalariren bat egin beharko diozu beste kanturen bat. Iñaki Williamsi? Aritz Adurizi?

Ez, horrelako ezer ez. Enblematikoei bakarrik egiten diet nik kantua! Kar-kar-kar.

Dena den, kantatzen segitzeko asmoari eusten diozu, ala?

Noski. Oraindik proiektu ugari dauzkat gauzatzeko. Esaterako, hor daukat Maria Jose Mirgo poetaren liburu bat, eta hortik hitz batzuk hartu nahiko nituzke kantatu ahal izateko. Baina 100 orriko liburu batean zein poema aukeratu erabakitzea ez da erraza izaten.

Baina bilbainadak ere egingo dituzu aurrerantzean. Oraindik badago zeri kantatua?

Bai, noski! Bilbori buruz beti dago zer esateko, eta zer kantatzeko. Bitarte horretan, jarraituko dut kantatzen.

BERRIAn argitaratua (2016/10/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA