astekaria 2016/11/04
arrowItzuli

mundua

HAUTESKUNDEAK ISLANDIAN. TRYGGVI HALLGRIMSSON. GENERO BERDINTASUNERAKO ZENTROKO AHOLKULARIA

«Erran daiteke hein batean laborategi txiki bat garela»

Mikel Rodriguez

«Erran daiteke hein batean laborategi txiki bat garela»

Islandiako Genero Berdintasunerako Zentroko aholkularia da Tryggvi Hallgrimsson (Akureyri, Islandia, 1979). Ongizate Ministerioko sail bat da berdintasunerako zentroa. Hallgrimsson Donostian izan da Gipuzkoako Aldundiak antolatutako Berdintasuna eta Kontziliazioa jardunaldietan parte hartzeko. Etxera bidean: genero berdintasunaren lau hamarkada Islandian hitzaldia eman du.

Hauteskunde eguna duzue Islandian. Aldaketaren bat espero al da?

Zalantza anitz daude. Hauteskundeak egin dira Panamako paperen argitalpenen ondoren gure lehen ministroak dimisioa eman zuelako. Eztabaida anitz izan dira gobernu aldaketaren inguruan, eta hori gertatu da finantza krisiaren ondoren Islandiako egoera ekonomikoa hobetu den bitartean. Ikusiko dugu zer erabakiko duen jendeak.

Inkestetan indar handien duten hiru hautagai nagusietatik bi emakumeak dira, Katrin Jakobsdottir berdea eta Birgitta Jonsdottir pirata.

Alderdi anitz aurkeztu dira hauteskunde hauetan. Islandiako hedabideetako eztabaidetan, eta, oro har, jendearen artean, egia da oihartzun handia izan dutela emakumeak buru dituzten bi hautagaitza handiek, baina alderdi kontserbadoreak jarraitzaile anitz ditu.

Nabarituko zenuen Islandiak nazioartean arreta handia erakarri duela 2008az geroztik. Kasu anitzetan eredugarritzat jo dira herritarren mobilizazioak eta horien lorpenak.

Bai, badaukagu ibilbide bat mobilizazio sozialen arloan. Emakumeek beren eskubideen alde egindako mobilizazioak dira adibide argi bat. Horiek historikoak ez ezik, orainaldikoak ere badira. Aste honetan bertan elkarretaratze handi bat izan dugu parlamentuaren plazan. Milaka emakume elkartu dira soldataren berdintasuna eskatzeko.

Hauteskunde kanpainan egin dute protesta hori. Eraginik izan du?

Joan den asteleheneko protestak jatorria du oinarrietako mugimendu feministan, eta kontzientzia hartze argi batean: aurrerapena ez dela lortzen eskaera edo exijentzia argirik ez badago. Hori bera gertatu zen lehen ministroaren eta gobernu osoaren dimisioa eskatzeko finantza krisian. Eta nabarmendu behar da protesta guztiak, oro har, baketsuak izan direla.

Emakumeen eskubideen aldeko mobilizazioek aurrekari sendo bat dute Islandian, 1975eko emakumeen greba. Zer ondorio eduki zuen?

Emakume langileen %90ek egin zuten greba. Islandiako ekonomia erabat geldiarazi zuten egun oso batean, eta hagitz mezu azkarra eman zuten. Nahiz eta protesta ez zen arrazoi positiboengatik gertatu, gizarte osoak positiboki ikusi zuen greba hura; baita gizonek eta garai hartako hedabide kontserbadoreek ere. Ez zen mugarri argi bat izan, baina eragin zuen emakumeen botere politikoari dagokionez: herrialde demokratiko batean emakume presidente bat hautatu zuten lehen aldiz [Vigdis Finnbogadottir, 1980an], eta Emakumeen Aliantza parlamentuan sartu zen [1983an]. Horren eraginez, bertze alderdi politikoak ernatu ziren.

Gobernu aldaketek anitz eragiten al diete genero politikei?

Azken bi hamarkadotan ezinen nuke erran anitz eragin dutenik. Genero gaiekin arreta handia izan duten gobernu kontserbadoreak eduki ditugu, errate baterako. Orain Panamako paperen auzian murgilduta dagoen alderdia [Alderdi Progresista] genero gaien sustapenean hagitz aktiboa izan da.

Berdintasuna erdiesteko helburuan kontziliazioak garrantzi handia du. Zeintzuk dira Islandiako kontziliazio politikaren oinarriak?

Hagitz ezagunak bihurtu gara gurasotasun baimen bereziak sortzeagatik gizonentzat eta emakumeentzat; hainbat hilabete gizonei eta emakumeei banatzen zaizkie modu independentean, eta horiek ezin dituzte elkarrekin banatu. Baina sistema horrek ez du berdintasun osoa ekarri oraingoz, emakumeek gizonek baino baimen gehiago eskatzen dituztelako. Aldaketa bat nahi dugu, gizonek eta emakumeek baimenarekin denbora bera pasatuko dutela bermatzeko, eta horrek kontziliazioari eragiteko.

Nola ordaintzen duzue kontziliazio politika?

Ez du diru iturri berezirik jasotzen. Genero Berdintasun Legeak aplikazioak dauzka, eta, horien arabera, enpresek kontuan hartu behar dute emakumeak lanera itzuli behar duela erditu ondoren, eta horretarako eskubideak bermatzen ditu legeak. Enpresek genero berdintasunerako planak eduki behar dituzte, baina, hala ere, langileek haien eskubideak betetzeko exijitzea da oinarria.

Nolako jarrera eduki ohi dute enpresa pribatuek?

Oro har, positiboa. 2008an onartu zenetik Genero Berdintasunerako Legea, enpresek arreta handiagoa paratu dute.

Iparraldeko herrialdeek kontziliazio politika zabalenak dituzue. Zergatik?

Lehenik eta behin, nabarmendu behar da gure arazoak zuek dituzuen berdinak direla. Baina egia da historikoki ongizate estatu aurrerakoiak eta diruz anitz lagundutako haurren zaintzarako politikak izan ditugula. Eta zaintzarako politika horren oinarria da bi gurasoek lan egitea.

Uharte-nazio txiki bat izateak badu eraginik Islandiaren politiketan?

Erran daiteke hein batean laborategi txiki bat garela. Errate baterako, gurasotasun baimenaren inguruko legearekin hori ikusi da, 2000. urtetik. Hagitz epe laburrean aldaketa kultural handi bat gertatu da, gizonek zaintzarekin eduki beharreko arduraren inguruko ideiak normal bihurtzen hasi baitira. Baina oraindik lana daukagu egiteko.

BERRIAn argitaratua (2016/10/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA