astekaria 2016/10/28
arrowItzuli

gizartea

Altsasuko heroiak

Jose Mari Pastor

Altsasuko heroiak

Ez da lan erraza aurrekoa artatzea, zaindu edo errespetatzea hark eragin dizkizun zauriak sendatu eta ahaztu ez dituzunean. Aste honetan ikusi dugu Altsasuko gertakariari buruzko bertsio kontrajarrietan. Berrogei bat gazte guardia zibilen kontra hasi zirela diote batzuek; uniformedunen probokazioak salatu dituzte besteek. Altsasuko kuarteleko guardia zibil batek adierazi duenez, hari ez zitzaion burutik pasatuko ezker abertzalearen gotorlekua omen den taberna batean sartzea. Hala ere, norbera «libre» da nahi duen lekura joateko. Noski. Besterik ez genuen behar!

Hedabide gehienek bertsio jakin bati eman diote sinesgarritasun handiena: Barne Ministeriotik zabaldutakoari. Zenbait egunkarik haratago joan nahi izan dute. Zauritutako guardia zibilaren amari elkarrizketa eskaini diote. Hori nahikoa ez, eta besterik ere atera du hedabideak, epikara jo eta guardia zibilaren adorea goretsi nahian: guardia zibil hori ETAko preso ohi batzuk erreskatatzeko lanean ibili omen zen. Etarrak salbatzeko bizitza arriskatu, eta hara zer jasotzen den ordainean.

Guardia Zibila, Polizia Nazionala, Ertzaintza... segurtasun indar guztietako kideek badakite euren zeregina zein den. Badute eginkizun horien berri. Jarduera ez dute apeten araberakoa: hau egin nahi dut; bestea, ez. Betebeharrak dira. Lan horien artean sartzen da, besteak beste, herritarrei laguntzea eta jendea erreskatatzea. Ohikoa da. Heroiak izango dira horregatik? Bere lana ondo egiten duena ez da heroia. Profesional ona izango da, bikaina. Baina heroia... Heroia gizon edo emakume arrunt bat da, sutea ikusi, eta etxe batean sartzen dena hango ezezagunak -ez senarra, emaztea edo seme-alabak- ateratzen laguntzeko. Edo eraso arrazista edo matxista baten lekukoa izan kalean, tabernan, metroan eta, beste alde batera begiratu beharrean, biktima defendatzera joaten dena, bizitza arriskuan jartzen duela jakin arren. Bere balio moralak eta giza duintasuna, berea eta biktimarena, gure eguneroko erosotasun, zuhurtasun edo koldarkeriaren gainetik ezartzen dituena.

ETAk zauritutako guardia zibil, polizia edo militarrak artatu zituzten mediku guztien pentsaera zein zen ez dugu inoiz jakingo. Denetik egongo zen haien artean. Batek baino gehiagok, seguruena, senide edo lagunen bat izango zuen Espainiako segurtasun indarren biktima, garai bortitzen historia luzean. Haatik, sendatu egin zuen guardia zibila. Borondate onez. Edo kode deontologikoak behartuta egin zuen, zer erremedio, eta ebakuntza egiten ari zen bitartean «que se vayan, se vayan, se vayan, que se vayan de una puta vez...» kantatzen jardun zuen bere kolkorako. Hala ere, ez zion joaten utzi. Heroiak dira horregatik? Halakoak entzun, irakurri ditugu hedabideetan?: «Guardia zibilek modu basatian torturatu zuten neba, baina hark bizia salbatu zion guardia zibil bati». Edo: «Mediku gazteak poliziaren begia salbatu zuen ebakuntza gelan, bere aitak begia gomazko pilota baten kolpearen ondorioz begia galdu arren». Egin beharrekoa egin zuten. Ez ziren heroiak izan.

1977ko abenduaren 18an ETAko kide David Alvarez Peña zauritu zuten guardia zibilek Lemoizko zentral nuklearraren barruan sartzen saiatu zenean. Alvarez Basurtuko ospitalera eraman zuten. Han egon zen atxilo, hil ala biziko egoeran, 1978ko urtarrilaren 14an zendu zen arte. Gazteari transfusioak egiteko odol beharra zegoela jakinarazi zuten abenduaren 21ean. Basurtuko ospitalean ilara luzeak osatu ziren hori jakin eta berehala. Radio Juventud de Bilbao kateak erietxearen abisua hedatu zuen arratsaldeko lehen orduetan, emanaldia zuzenean etenda: mesedez jende gehiagorik ez joateko Basurtura. Odola, behar adina jaso zutela, eta ospitalea kolapsatu zutela emaileek.

Noiz izango da benetako adiskidetzea, bakea? Muturrera eramanda: Guardia Zibilak Euskal Herritik alde egin eta Espainiako guardia zibil batek bere borondatez ETAko kide ohi bat salbatzeko odola ematen duenean. Eta alderantziz.

BERRIAn argitaratua (2016/10/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA