astekaria 2016/10/28
arrowItzuli

iritzia

Elur jendea

Miren Amuriza

Elur jendea Miren Amuriza

Orain hiru-lau urte emango zidan atentzioa lehenengoz Pako Etxeberriak, egiari zor, telebista kate espainiarretan izan zuen oihartzunagatik (hara! nor ote abizen euskalduneko forentse hori?). Cordobako finka batean aurkitu hezurrak Jose Bretonen umeenak zirela argitu zuen ordukoan. Abizen hari izena jarri nionetik, geroz eta sarriago topatzen nuen (eskekoak nahinon ikusten hasten zarenean lez; ez lehenago ez zeudelako, ezpada artean fijatzen ez zinelako). Harrezkero jakin dut Lasa eta Zabalaren gorpuzkinak berak identifikatu zituela eta Aranzadikoekin hobi komun mordoa dituela aztertu. Juana Josefa GoƱiren historia Legarreako leizetik ateratzen ikusi dugu berriki, baita Naparra-rekin gertatua argitzeko ikerketaren atzean ere. Elkarrizketa batean entzuna diot gisako desagerpen eta tortura kasuak agintarien borondatez argituko ez direnez, inportantea dela bestelako prozesuak abiatzea; haren hitzetan, ebidentziaren ausentzia ez baita ausentziaren ebidentzia. Eta hara non, berak medioetan presentzia handia izanik ere, zelan egundo ez duen protagonismorik hartzen. Bada jende-modu bat, euri jendea, zarra-zarra berba eginda nabarmendu guran dabilena beti. Eta beste bat, elur jendea, isilean jardun eta isilean urtzen dena. Mirestekoa Etxeberria lako elur jendea.

BERRIAn argitaratua (2016/10/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA