astekaria 2016/10/28
arrowItzuli

kirola

ASIER GARITANO

«Oraindik ez dakit zer den sufritzea entrenatzaile moduan»

Jon Eskudero

«Oraindik ez dakit zer den sufritzea entrenatzaile moduan»

Bada norbait Asier Garitano (Bergara, Gipuzkoa, 1969) entrenatzaileen artean. 2013ko ekainean hartu zuen Leganesen aulkian esertzeko ardura, taldea Bigarren B Mailan zegoela, eta hiru urte pasatxoan arrakasta besterik ez du izan. Espainiako Lehen Mailara igo du taldea, eta maila nagusian ere itxura ona ematen ari da —14. postuan dago—. «Gozatzen ari naiz», aitortu du. Besteak beste, joan den astelehenean jaso zuen iragan sasoiko Bigarren Mailako entrenatzaile onenaren saria. Hori bai, «futbolean orainetik bizi» direla eta, biharko partida besterik ez du buruan. «Realari irabazi nahi diogu, nahitaez».

Lehenik, zorionak. Pozgarria da halako sari bat jasotzea, ezta?

Oso pozik nago, bai. Sasoi ahaztezina izan zen. Mailari eustea zen Leganesen helburua, eta Lehen Mailara jauzi egitea izugarria izan zen. Meritua guztiok izan genuen, ez nik bakarrik. Inguru guztiak bikain lan egin zuen. Horregatik, saria denona da. Emazteari eta semeari eskaini nahi nieke.

Bigarren B Mailan taldea hartu, eta denbora gutxian onenekin lehiakor ari zarete. Jabetzen al zara zer lortzen ari zaren?

Jendea horretaz hizketan aditzen dudanean ohartzen naiz zerbait garrantzitsua egiten ari garela. Leganes erdialdean bizi naiz, eta batez ere jende heldua zein pozik dagoen ikustean sentitzen naiz ni ere zoriontsu. Baina futbol mundua hain doa azkar, gozamenerako aukera handirik ere ez daukagu. Oso zentratuta gaude gure lanean, eta nahiago dugu atzera ez begiratu. Lana eta lana, hori da arrakastaren sekretua. Badakigu nor garen eta non gauden; ideiak garbi ditugu, eta lasaitasunez ari gara lanean.

Lehen Mailari dotore ekin diozue, hamar puntu badituzue eta. Aldaketa handia nabari al duzu?

Oraindik ere mailara egokitzen ari gara. Guztia dugu ikasteko. Jokoari dagokionez, intentsitate eta erritmo handiagoan jokatzen da, jokalarien kalitatea ere hobea da, baina taktikoki ez dago aldaketa handirik. Zelaitik kanpo, askoz mediatikoagoa da guztia. Lehen, Espainiako Kopan talde handiren baten aurka jokatzean bizi izaten genuen hori, baina orain, astero gaude fokuen azpian. Epaileen irizpideak ere ezberdinak dira Lehen Mailan. Pixkanaka egokitzen ari gara, eta oraingoz gustura gaude egiten ari garen lanarekin.

Sufritu gehiago egiten al da gozatu baino?

Oraindik ez dakit sufritzea zer den entrenatzaile moduan. Lehen sasoian beharra genuen Bigarren Mailara igotzeko, eta tentsioa igarri nuen. Baina lau denboraldi daramatzat taldean, eta gozatzen ari naiz. Izugarri, gainera. Lana eta umiltasuna dira gure oinarriak, eta orain, Lehen Mailako esperientziatik ikastea tokatzen zaigu. Geratzeko iritsi gara onenen artera.

Egindako liga hasierarekin konforme al zaude?

Uste dut pozik egoteko moduan gaudela. Hamar puntu ditugu, baina, horren gainetik, egin dugun jokoak utzi nau pozik. Aurkari gaiztoak izan ditugu aurrean: Bartzelona, Atletico Madril, Sevilla eta Valentzia. Beraz, ezin gara kexatu. Oraindik ere balorazioak egiteko goizegi da. Lehen itzulia amaitzen denean aterako ditut lehen ondorioak, hura izango baita benetako mugarria. Oraingoz ongi egokitu gara mailara.

Oraindik ere aurkari berria da Leganes gainerako aurkarientzat. Halakoetan zailagoa izan ohi da bigarren itzulia?

Jende guztiak hori esaten dit, eta errespetua ematen du horrek. Eibarri ere gertatu zitzaion Lehen Mailara igo berritan. Azkenean, bulegoetan eutsi zion mailari. Nik nahi nuena zen ligako talde indartsuenen kontra lehen itzulian etxean jokatu, eta zortea izan dugu. Hala, bigarren itzulian aurkari zuzenen kontra etxean aritzea abantaila izan daiteke. Mailari eusteko xedea gure zaleen aurrean lortzea errazagoa izango da. Puntu erabakigarriak Butarquen izango ditugu jokoan.

Halere, oraindik ez duzue partidarik irabazi etxean. Kezkatzen al zaitu horrek?

Pixka bat bai. Orain arte lasai nengoen, baina egia da etxean irabazteko premia areagotzen ari zaigula. Talde indartsuak igaro dira Butarquetik, eta aintzat hartu behar da hori, baina beharrezkoa dugu garaipena. Jendea gogotsu dago historian estreinakoz Butarquen garaipen bat ikusteko. Oraingoz zaleak pozik etortzen dira estadiora, ilusioz, eta urduritasuna azaltzen hasi baino lehen nahi nuke irabazi. Gainera, Butarque historikoki ezinbestekoa izan da Leganesentzat, eta horri eutsi behar diogu. Aurten kostatzen ari zaigu puntuak lortzea. Horregatik, Realaren aurkako neurketa oso garrantzitsua izango da.

Nolako partida espero duzu Realaren aurka?

Gogorra, zailtasun handikoa. Reala bolada onean etorriko da, konfiantzaz. Neurketa ona jokatu zuen Alavesen aurka. Ikusi nuen, eta goian egoteko moduko taldea du Eusebiok. Gainera, bi garaipen segidan lortzeko gogotsu etorriko da. Baina egia da gu ongi moldatu ohi garela halako aurkarien kontra. Realari baloiarekin jokatzea gustatzen zaio, eta gure ideia izango da kontraerasoan ateratzea. Hori eginda, ea gero arean zorte apur bat badugun. Gola sartzeko aukerak sortzen ditugu, baina asmatu ez. Horrez gain, defentsan ere hobetu beharko dugu. Azken bi partidetan zazpi gol sartu dizkigute, eta asko da hori. Realak kalitatea du.

Donostian mintzagai da Realaren estiloa. Zuri zer iruditzen zaizu Eusebio Sacristanen estiloa?

Egokia. Azkenean, entrenatzaile bat ona da bere jokalariei ahalik eta zuku handiena ateratzen dienean. Entrenatzaileak egokitu egin behar du jokalarietara. Eta uste dut Eusebiok badituela jokalariak bere ideiak aurrera eramateko. Kluba horren bila joan zen Eusebio fitxatzean. Jada urtebete egingo du Realaren aulkian, eta gorako bidea hartuko du taldeak. Gola badu, abiadura eta esperientzia ere bai, eta uste dut sasoi honetan emaitza onak lortuko dituela.

Zer da emaitza ona lortzea, Europarako sailkatzea?

Jauzi handia da hori. Nire iritziz, hiru handiak denen gainetik daude: Bartzelona, Real Madril eta Atletico Madril. Sevilla ere beste maila batean ikusten dut. Erne, beraz. Eta gero sailka daitezke Vila-real, Athletic eta Valentzia. Akaso, Reala on batek horiekin lehiatzeko modua izan dezake, baina denboraldi ona egin beharko du horretarako. Europa garesti dago; oso zaila da sailkatzea. Baina, tira, Realak gaitasuna badu.

Eta, Leganesentzat, porrota al litzateke mailari ez eustea?

Porrota ez, baina asko kosta zaigu Lehen Mailara iristea, eta denbora luzez iraun nahi genuke. Badakigu horretarako gauzak ongi egin beharko ditugula, batez ere sasoi honetan, zailena delako, baina ilusioz gaude. Hazten jarraitu nahi du klubak, kirol arloan ez ezik, ekonomikoki ere bai, eta zer hoberik mailari eustea baino. Eibarren adibidea da onena. Egonkortasuna lortu du klubak, eta horixe nahi dugu.

Pozik al zaude taldearekin?

Udan asko kostatu zaigu jokalariak fitxatzea. Esperientzia handiagoko jokalariak nahi nituen, baina ez dute Leganesera etorri nahi izan. Ez dakit zergatik, baina hankak lurrean jartzeko balio izan digu horrek. Lehen Mailan egon arren, badakigu nor garen, eta hazten segitzeak balioko digu jokalari hobeak fitxatzeko.

Inoiz ez duzu euskal talderik entrenatu. Egingo al zenuke?

Bai, noski. Bere garaian Eibarretik gertu egon nintzen, baina Jose Luis Mendilibar hautatu zuten. Asmatu zuten. Orain, Leganesen dut burua, baina entrenatzaileon bizitza aldakorra da, eta ez daukat aterik itxita. Gainera, Euskal Herrian bost talde egonik, aukera zabalagoa da. Euskal futbola osasun onean dago.

BERRIAn argitaratua (2016/10/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA