astekaria 2016/10/28
arrowItzuli

ekonomia

Behin-behinekotasun bikoitza

Irune Lasa

Behin-behinekotasun bikoitza

Langile askoren baldintzetan aldaketa esanguratsua ekar dezakeen lehen epaia irailaren 20an iritsi zen, Luxenburgok emana: Europako Justizia Auzitegiak ebatzi zuen baztertzailea dela langileek kalte-ordain ezberdinak jasotzea kontratu motaren arabera, eta ez datorrela bat Batasunaren arauekin.

Erabakiak zuzenean jo du bereizketa hori egiten duen Espainiako legedia: orain artean, kontratu mugagabeko langileek, kaleratze objektiboen kasuan, lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko soldataren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea dute. Aldiz, aldi baterako kontratudunentzat, urteko hamabi egunekoa da ordaina, eta ordezkapen kontratua duten langileentzako ez dago inolako kalte-ordainik.

Baina, orain, hori guztia aldatu egin da. Eta hortik etorri da bigarren epaia, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiarena. Luxenburgok ebatzitakoa aintzat hartu, eta Osakidetzan aldi baterako kontratatutako langile bati kalte-ordaina hamabitik hogei egunera handitu dio joan den astean.

Atzo bertan hirugarren epai bat iritsi zen, gainera, EAEko Justizia Auzitegiaren epaileen irizpidea berretsiz, oraingo honetan arlo pribatukoa. Obra kontratu batekin, atezain, garbiketa eta mantentze lanetan aritutako behargin batek hogei eguneko kalte-ordaina jaso behar duela zehazten du. Auzipetutako enpresa pribatu bati agintzen zaio kalte-ordain hori emateko hamabi eguneko ordaina jaso zuen langile bati.

NORI ERAGITEN DIO

EUROPAKO EPAIAK?

Enpresaburuen lehen erreakzioa eragina arlo publikoko langileetara mugatzea izan zen, Luxenburgoko epaia Espainiako Defentsa Ministerioan ordezkapen bat egiten ari zen langile baten kasuari zegokiola argudiatuta.

Dena den, enpresaburu elkarteak jada hasiak dira kexatzen honek guztiak ekartzen dien kostuez eta kontratazioetan izango dituen ondorioez; arazoak ukitzen dituen seinale. Eta hala ulertu behar dira legedia berritzeko egin dituzten eskaerak ere.

Jaurlaritzak, berriz, uste du arlo publikoan lan kontratudun behin-behineko langileei soilik eragingo lieketela eta, beraz, hortik kanpo geratuko liratekeela ordezko gisa jarduten diren bitarteko funtzionarioak eta behin-behineko estatutupeko langileak (Osakidetzakoak).

Horrela, Josu Erkoreka Jaurlaritzako eledun eta Herri Administrazioko sailburuak aste honetan azaldutakoaren arabera, gobernuaren menpeko 80.000tik gora langileetatik soilik 3.200 bat enplegatu izango lirateke eragindakoak, hots, %4.

ELA sindikatuko Pello Igeregik, ordea, zalantza gutxi ditu. Behin-behinean aritzen den langile orok du urteko hogei eguneko kalte-ordainerako eskubidea. Eta hor barruan leudeke, arlo pribatukoez gain, eta Erkorekak esandakoaren kontra, Jaurlaritzarentzat eta haren erakundeentzat behin-behinean jarduten duten bitarteko funtzionario eta estatutupekoak. Jaurlaritzaren langileen %30 aritzen da behin-behinean, 24.000 lagun inguru, gehienak Osakidetzan, 14.000 inguru, eta beste 10.000 Hezkuntzan.

ELAk horiei beste administrazioetakoak ere gehitzen dizkie, eta horrela esan daiteke arlo publikoan Hego Euskal Herrian 60.000 direla behin-behinean aritzen diren beharginak (45.000 EAEn, 15.000 Nafarroan). Dena den, eta, kopuru batzuk eman arren, Erkorekak berak ere ez du dena argi izango, Jaurlaritzak gaiari buruz azterketa bat eskatu duelako. Eta auziak «babes normatibo bat» ere behar duela, Madrilgo parlamentura begira.

Hori bai, gauza bat dute argi guztiek: Formakuntza kontratupean eta praktiketan aritzen diren langileek kalte-ordainik gabe jarraituko dute, Luxenburgoko epaiak ez dielako haiei eragiten.

NORK JO DEZAKE

AUZITARA?

Azken lau urteetan administrazio publikoan jardun eta kalera joan diren funtzionarioek eta estatutupekoek izango lukete hogei eguneko ordaina eskatzeko eskubidea. Arlo publikoan kontratupean behin-behinean eta arlo pribatuan behin-behinean jardun direnentzat, epea azken urtera dago mugatuta.

ZENBATEKO KOSTUA IZAN

DEZAKE?

Confebaskeko presidente Joseba Larrañaga kexu agertu da: «Enpresek kontratazioak indarrean zegoen araudiaren arabera egin zituzten, legea beteaz, logikoki, eta orain zigortuak dira, eta kalte-ordainen gainkostua beren gain hartu behar dute». Hori bai, «segurtasun gabezia» larriagoa zitzaion «gainkostua» baino, beharbada, urte bakarreko atzerako eraginak kostua dezente mugatuko dielako.

Arlo publikoan, dena den, kostua handia izan daiteke. ELAren kalkuluen arabera, adibidez, Osakidetzan langileekin pilatutako urteko zorra 40 milioi euro litzateke, eta hezkuntzan, berriz, 11 milioi euro. Lau urteko atzerako eragina kontuan izanda, kostua 200 milioi eurora irits daiteke Jaurlaritzarentzat soilik.

ZEIN IZAN DAITEZKE BESTE

ONDORIOAK?

Enpresaburuen elkarteek hitz egin dute gehien Luxenburgokoaren ondorioez, eta ez dute, espero zitekeen bezala, ikuspegi alairik eskaini. Behin-behineko langileak enplegatu aurretik beste irtenbideak erabil ditzaketela diote. Adibidez, Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioko zuzendari Jaime Fernandezek esan du Aldi Baterako Lan Enpresetara jo dezaketela. Langile autonomoen kontratazioa igoko dela ere iragarri du CEOEk. Eta enpresaburu guztien adierazpenetan aipatzen da beste ondorio bat: kontratazioa murriztu egin daitekeela.

Arlo publikoan ondorio bat argia izango da. Gauzak aldatu ezean, aurrekontu publikoetan hornikuntza bat egin beharko da kalte-ordainak pagatzeko.

ETA BEHIN-BEHINEKOAK

FINKO BIHURTZEA?

ELAko Pello Igeregirentzat, auzi honen funtsean eredu arazo bat dago. Zergatik ordaindu behar da hainbeste kalte-ordainetan? Behin-behineko langile asko daudelako.«Jaurlaritzak erabaki behar du hemen behin-behineko asko dituen eredua nahi duen edo langile gehienak egonkorrak diren eredu bat nahi duen. Eta erabaki hori politikoa da».

Eskaera egin dio Igeregik Jaurlaritzari: «Has dadila gurekin negoziatzen, eta, Madrilen erabakitzen dena erabakitzen dela, hemen beste kontratazio eredu bat jar dezala, egonkortasunean eta duintasunean oinarritua».

LEGEDIA ALDATUKO DA?

Luxenburgokoa bere legedian islatu beharko du Espainiak, langileen kalte-ordainak berdinduz. Gerta daiteke, ordea, berdinketa hori urteko hogei egunen azpitik gelditzea, eta, adibidez, guztiena hamabi egunetan uztea. Edo kalte-ordainik gabeko formakuntza eta praktiketako kontratuetarako aukerak gehiago zabaltzea.

Kontratu bakarra ezartzearen aukera ere hor dago PPren eta Ciudadanosen arteko akordioan. Bestalde, gai hau argitzeko helburuarekin Espainiako Gobernuaren, patronalen eta CCOO-UGTren ordezkariekin osatu den adituen batzordearen iritzia hilabeteko epean espero da.

Legedia aldatzeko beste aukera bat Espainiako Auzitegi Gorenarena izan daiteke. Erkidegoren bateko auzitegi nagusiren baten epaiari ezarritako helegitea Gorenera iristean, hark emandako epaiak ere gauzak alda ditzake, auzitan jarriz Luxenburgok aipatutako diskriminazioa.

BERRIAn argitaratua (2016/10/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA