astekaria 2016/10/28
arrowItzuli

bizigiro

ALBA VELASQUEZ

«Arazo nagusia identitatearen galera dugu»

Jon Rejado

«Arazo nagusia identitatearen galera dugu»

Alba Velasquezek (Iximche, Guatemala, 1979) Eskoriatza du bizileku azken asteetan. Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak aditu ikastaroan parte hartzen ari da, Garabidek eta Huhezik elkarlanean antolatutako horretan. Amerikatik heldutako hemezortzi kide daude ikastaroan, guztiak ordezkari indigenak. Ikastaroan parte hartzeaz gain, bestelako ekintzetan ere ari dira: Gasteizen, beren ezagutzak trukatu zituzten Oihaneder Euskararen Etxeko Hitz Adina Mintzo zikloan; Nafarroa Oinez-en izan ziren, Vianan...

Horren guztiaren bitartez, abendura arte, beren eskualdeetan beren hizkuntzak biziberritzeko estrategiak ikasten ari dira, eta haien gainean hausnartzen. Velasquez kaqchikelera hiztuna da, Guatemalako maien hizkuntzetako bat. Halaber, Ixmukane eskolako zuzendaria da.

Duela hainbat aste hasi zenuten ikastaroa. Ondorioren batera heldu al zara, ikasitakoaren ostean?

Gure hizkuntzak biziberritzeko aurkitzen ditugun arazoak hemen gertatu zirenen oso antzekoak dira. Hasierako gertakariak eta testuingurua ezberdinak dira, baina horren guztiaren ondorioak ia berberak.

Arazoak berak badira ere, testuinguru ezberdinek modua ematen al dute antzeko irtenbiderik izateko?

Testuinguruak tokian tokiko errealitateak baldintzatzen du, noski. Edonola ere, nire hizkuntzari dagokionez, euskararekin parekotasun handiak ditu. Euskal Herriko eredua oso egokia izan daiteke guretzat, betiere gure testuingurura egokituta.

Kaqchikelerak 500.000 hiztun inguru ditu gaur egun...

Gorako bidean dela pentsatzen dut. Guatemalan bake akordioak sinatu ostean mugimendu asko sortu ziren, indigenen alde, lurraldearen alde, hizkuntzen alde... Dagoeneko hainbat legeren babesa dugu.

Adibidez?

Guatemalan 21 hizkuntza maia daude, eta lege batek hizkuntza direla aitortu die, ofiziala izan gabe. Arauez gain, erakundeak ere sortu dira: Hizkuntza Maien Akademia, Hezkuntza Elebidunaren Ministeriordetza...

Hutsune nagusirik ba al dago?

Susmoa dut erakunde horiei babes ekonomikoa falta zaiela, baita estatuaren babesa ere. Baina, arazo nagusirik badugu, identitatearen galera da.

Zergatik?

Gure herrialdearen historiak asko baldintzatu gaitu. Gazte askok nahiago dute beren burua indigena ez balitz bezala hartzea; nortasuna galdu dute, hizkuntza. Baina badaude altxatzen ari diren gazteak ere. Musika kaqchikeleraz egiten ari dira batzuk, adibidez.

Kaqchikelera berreskuratzeko ahaleginek harrera ona al dute? Sektoreren bat al dago aurka?

Estatuak du interes gutxien hizkuntzaren, kulturaren eta jendearen beraren garapenean. Ordea, Bakerako Akordioek beste aukerarik ez diete uzten. Familiaburuak ere aurka zeuden; ez zuten nahi seme-alabek sufritzea haiek eta arbasoek sufritu zuten guztia. Irakasleak ere aurka agertu ziren.

Ikastetxe batean zuzendari zara. Zer ildo ari zarete jorratzen?

Har dezakegun estrategia onena erabateko murgiltzea da. Umeek beren hizkuntzan ikas dezaketela erakutsi ahal izango dugu horrela. Gaztelera berdin-berdin ikasiko dute. Era berean, familiekin lan handia egin dezakegu, hizkuntza ikusteko moduak aldatzeko.

Hogeita bat hizkuntza maia aipatu dituzu. Nolakoa da haien arteko harremana?

Denok maiak gara; denok indigenak gara. Eskualde bakoitzak hizkuntza bere moduan lantzen du, baina elkarren arteko gatazkarik gabe. Agian, egonez gero, eskualde bakoitzaren barruan gertatzen dira gatazkak, dialektoak direla eta, hizkuntza estandar bat lortzea dela eta...

BERRIAn argitaratua (2016/10/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA