astekaria 2016/10/28
arrowItzuli

bizigiro

Hezkuntzak badauka memoria

Ainara Arratibel Gascon

Hezkuntzak badauka memoria

Xabiertxo liburua, frankismo garaiko ikasle baten diktaketa koaderno bat, irakasleak agintzeko erabiltzen zuen makila, ikasleei anatomia irakasteko erabiltzen zen gizakiaren busto bat... Euskal Herriko Unibertsitateak inaguratu berri duen Hezkuntzaren Museoan topa daitezkeen harribitxietako batzuk dira. Panelen eta bildu dituzten objektuen bidez, XIX. mendetik gaur egun arte hezkuntzak izandako bilakaera ezagut dezake bisitariak. Ondare hori biltzea, gordetzea eta ezagutaraztea du xede museoak, euskara oinarri hartuta. Izan ere, bilakaera horren arima izan da euskara, bultzatzaileek behin eta berriz nabarmendu dutenez.

Pauli Davila irakasleak zuzentzen duen Hezkuntzako Azterketa Historiko eta Konparatuaren ikerketa taldearen ekimenez sortu zen Hezkuntzaren Museoaren proiektua, duela bost bat urte. «Ikusten genuen hezkuntzaren ondare historikoa galtzen ari zela», nabarmendu du Luis Mari Naya irakasleak. Egitasmoaren bultzatzaileetako bat da Naya. Hala, Donostiako Irakasle Fakultateko gelatxo batean jasotzen joan ziren bildutako materiala. Espazio hori handitzen joan zen, eta duela urte eta erdi behin betiko egoitza eman zieten, Zuzenbide Fakultatearen ondoan.

Urte hauetan balio historiko, didaktiko eta pedagogiko handiko funtsa osatu dute: eskolako 800 objektu, beste horrenbeste eskola memoria, 600 testuliburu eta 400 eskola koaderno bildu dituzte. Besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Donostiako Udalari, Etxepare Institutuari, La Salleri eta SM Fundazioari esker lortu dute material hori.

Museoak zazpi areto ditu, eta hiru gunetan banatuta dago. Lehenbizikoren izenburua: Euskararen mundua eta hezkuntza da. «Hor, XIX mendetik gaur egun arte euskarak eta hezkuntzak izan duten harremana jasotzen da. Euskara gabe ezin dugu museoa ulertu». Gune hori euskarazko irakaskuntzan mugarri izan zen Xabiertxoren irudi batekin, eta Xalbadorren esaldi batekin abiatzen da. Esaldiak honako hau dio: Herria da gorputza, hizkuntza bihotza.

Bi aretotan banatuta dago, eta panel eta objektuen bidez, harreman horretan mugarri izan diren uneak jasotzen dira: frankismo garaiko debekuak eta inposaketak, ikastolen sorrera, hizkuntz ereduen ezarpena, euskarazko unibertsitatearen abiapuntua, euskarazko hedabideek normalizazioan izandako eragina...

Hor, badira «bitxiak» diren hainbat irudi eta objektu. «Adibidez, Zeruko Argia-k asteroko gehigarrian argitaratzen zituen Txorizo eta Txistorraren [Mortadelo eta Filemon] edo Patxi eta Peruren [Zipi eta Zape] komikiak oso bereziak dira. Garai hartan halako zerbait argitaratzea lorpen bat zen». Oso berezia da, baita ere, duela 100 urte Bergarako maisu batek egindako txostena irakurtzea. «Bertan esaten du bi oztopo daudela umeen alfabetizazioan: ez direla egunero eskolara joaten, eta, bestetik, ez zekitela gaztelania. Pentsa zenbat gorabehera izan diren hor».

Bigarren espazioa, hezkuntzaren historiari dago lotuta, eta hor ere XIX. mendetik gaur egun arte izandako bilakaera ikus daiteke. Bide horretan, eta abiapuntu gisa, Gipuzkoako landa eskolen eta Bizkaiko auzo eskolen balioa nabarmendu du. Horiei eskaini diete atal bat: «Azken batean, landa eremuetan eta auzoetan alfabetatu gabeko ume asko zegoen, eta horri aurre egiteko sortu zituzten, eskola herritarrengana gerturatzeko. Gainera, horietan euskaraz ematen ziren eskolak». Horri lotuta, eta analfabetismoa gainditzeko ahaleginean, II. Errepublikak izandako garrantzia ikus daiteke. «Bost-sei urteetan aurreko mendean baino eskola gehiago zabaldu ziren. Garai hartan bultzatu zituen, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak lehen ikastolak. Gainera, indarra hartzen hasi zen hezkuntza sistema propioaren aldeko aldarria».

Hortik, bisitaria frankismoko urte «ilun eta goibeletan» sartzen da. Garai hartako ikasle baten diktaketa liburuak ondo erakusten du hori. «Diktaketa horietako batean, Francoren tropak Donostian nola sartu ziren kontatzen da. Horrek agerian uzten du Francok nola baliatu zuen hezkuntza inposizioarako».

Orduko testuliburuak ere badira museoan Oso izenburu deigarri eta argigarriak dituzte. Ondorengoak dira horietako batzuk: Yo soy Español (Ni espainiarra naiz), España sobre todo (Espainia batez ere) eta La nueva emoción de España (Espainiaren emozio berria)... Baina, aldi berean, indarra hartzen hasi ziren ikastola klandestinoak ere. «Etxe eskolak ziren, eta, hor, Elvira Zipitriak egindako lana nabarmendu behar da. Haren ikasle baten koadernoa ikusgai dago». Haren bidetik, sortu ziren hainbat testuliburu: Saioka, Adarra.... Horiek ere ikusgai daude.

Testuliburuak eta gelak

Frankismoaren urte ilun horien isla, garai hartako ikasgela bat berregin dute, gune horretako beste aretoetako batean. «Garai ilun eta goibel haren isla da». Orduko eskoletan ohikoak ziren objektuak ikus daitezke: gurutzea, Francoren irudi bat, Espainiako mapa eta irakaslearen makila. «Ikusten da mahaiak egurrezkoak direla, eta lotuta daudela. Tarima bat ere badago, ikasleak hobeto kontrolatzeko». Orduko ikasleen maletatxo txikiak eta koadernoak ere badaude. «Niretzat, bildu dugun ondarearen artean, koadernoek balio berezia dute. Eskolako egunerokotasunean benetan gertatzen zena erakusten dute, testuliburuekin batera». Ikasgela horren alboan, beste bat dago, 1970-1980ko hamarkadakoa. Hor agerikoa da aldaketa. Altzarietatik bertatik sumatzen da, zuriak baitira, eta, ondorioz, ingurua argitsuagoa da. «Ez daude elkarri lotuta. Horrek esan nahi du ikasleak taldeka jar zitezkeela».

Irakaskuntzak eta ikaskuntzak da azken espazioaren izenburua. «Hor ikusten da gauzak nola ikasi eta irakatsi ditugun». Bi areto nagusi daude. Batean, ikusten da, nolako eragina izan zuen hezkuntzak generoen finkatzean. «Hori islatzen da, testuliburuetan, agintzen zitzaizkien lanetan, curriculumean....». Azken aretoan, garai batean irakasteko erabiltzen ziren 60tik gora tresna eta material zientifiko bildu dituzte: «Hiru dira oinarriak: testuliburuak, irudiak eta bustoak. Gaur egun pentsaezina da animalia disekatuekin erakustea eskola batean, baina garai batean egiten zen. Orduan, ez zeuden bideoak».

Bukatzeko, bisitariek dokumentazio gunea ikusiko dute. XX. mendean erabilitako testu liburuak, eskola koadernoak eta bestelako materialak ikus daitezke, baita azken hiru mendeetako hezkuntzari buruzko liburutegi bat ere.

Museo bisitatzeko hitzorduak lotzeko: www.ehu.eus/eu/web/museoeducacion

BERRIAn argitaratua (2016/10/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA