astekaria 2016/10/28
arrowItzuli

mundua

NILUFER KOC

«Galdera da nork oparitu ote zion Mosul Estatu Islamikoari»

S. Velte

«Galdera da nork oparitu ote zion Mosul Estatu Islamikoari»

Hego Kurdistango eskualde autonomoaren mugan dago Mosul, Arbil hiriburutik 80 kilometrora. Han du egoitza Kurdistango Kongresu Nazionalak, kurduen batasuna aldarrikatzen duen erakundeak. Nilufer Koc presidentearen ustez, bi joeren arteko lehia da oraintxe Ekialde Hurbilean gatazka eragiten duena: «Hemengo herriek demokrazia eskatzen dute, baina inguruko hainbat estatuk boterea nahi dute: lurraldea okupatu eta euren artean banatu. Horregatik da garrantzitsua hemengo herriek elkarrekin borrokan egitea urruneko botere gerra horren aurka».

Atarian duzue gerra. Nola ikusten duzue kurduok Mosulgo erasoaldia?

Ikusten duguna da Kurdistango hiru zatitan daukagula orain gerra. Mosul, nolabait esateko, Ekialde Hurbilaren lagin bat da: jokoan dagoena ez da hainbeste auzi militarra, baizik eta nolako egitura administratiboak garatu nahi ditugun etorkizunean. Eta galdera hori Mosuldik Ekialde Hurbil osora hedatzen da. Beste galdera nagusia zera da: nork oparitu zion Mosul Estatu Islamikoari (EI) 2014ko ekainaren 9an? Hor asko hitz egiten da Turkiaren parte hartzeaz, Mosulgo gobernadorearen familiak mendeetan kooperatu baitzuen Otomandar Inperioarekin. Ankarak eta Saudi Arabiak ahalegin handia egin dute Mosul islam sunitaren indargune bihurtzeko, eta EI tresna egokia zen horretarako.

Horiexek dira erasoan parte hartu nahi dutenak, bereziki Turkia.

Ezinbestean eragotzi behar da hori. Kurduek eta Irakeko Gobernuak aska dezakete Mosul, EIren aurka lagundu nahi duten estatuen babesarekin, baina Turkiak ez dauka halako asmorik. Mosul aurrerantzean ere indargune sunita izatea nahi du, hura kontrolpean mantendu eta Otomandar Inperioaren amets zahar hura elikatzeko. Mosul diogunean, ez gara ari hiriaz bakarrik; inguruko eskualde osoaz ari gara, eta hor aniztasun etniko eta erlijioso handia dago: kurdu yezidiak daude, xiita turkmenak eta kristau asiriarrak. Turkiak islam politikoa ezarri nahi du, talde horiek baztertuz.

Bagdad Turkiaren parte hartzearen aurka agertu da. Zer dio Kurdistango Gobernu Autonomoak? Ankararen aliatu estrategikoa izan da urte luzez.

Nik gizartearen izenean hitz egin dezaket, eta alde horretatik ezinegon handia sumatzen da Kurdistango Eskualde Autonomoan: «Badatoz turkiarrak», dio jendeak aztoratuta. Eta hori areagotu egin da berriki, Turkia hegazkin militarrak Kirkukera ere igortzen hasi denetik. Gizartearentzat, Turkiatik datorren guztia arriskua da. Eta ez dut uste hemen gobernatzen duten alderdiek luzaroan eutsi ahal izango diotenik Ankararen aldeko jarrera horri: ezin dute legitimatu historiaren aurrean. Turkiak ez dauka akuilu sendorik Hego Kurdistanen; izatekotan, nazioartearen isiltasunak ematen dizkio animoak.

Kurduek ere baliatu izan dituzte gatazka armatuek utzitako aginte hutsuneak, lurraldeen kontrola eskuratzeko. Oraingoan ere hori da helburua?

Turkiak, Rojava ez ezik, Hego Kurdistan ere bereganatu nahi du, probintzia otomandarrak direla argudiatuta. Kurduak, alde batetik, euren burua defendatzen ari dira horren aurka, baina, bestetik, euren proiektu politikoa ere eratzen ari dira, eta lehia horrek erabakiko du Ekialde Hurbilaren patua. Eskualde osoak behar du irtenbide politiko bat. Eredu nazionalista, arrazista eta sexistek ez dute funtzionatzen jada: jendeak eredu politiko berriak probatu nahi ditu, eta talde bakoitzak libre bizi nahi du. Hori bilakaera positiboa da, eta Rojavan indarrean sartu dugun ereduak [konfederalismo demokratikoak] itxaropena eman die Irakiarrei ere.

Eredu hori PKKren ingurutik dator, Abdullah Ocalanen teorizazioaren ildotik. Zertan da PKKren parte hartzea Mosulen?

Turkiak estu hartu ditu AEBak eta Bagdad, PKK-k ez dezan operazioan parte hartu. Baina, praktikan, aspaldi sartu zituzten gerrillak gerra honetan, EIk 2014an Sinjar mendiari eraso zionetik. Hango yezidiek mende honetako genozidio gordinenetako bat sufritu zuten orduan, eta orain hobeto prestatuta daude. PKKren formakuntza jaso dute azken bi urteotan, eta autodefentsarako unitateak sortu dituzte, baita emakumeen talde autonomoak ere. Bestalde, Mosul eskualdeak Rojavarekin egiten du muga, eta haren bi aldeetan daude gerrillak, baita YPG ere [Herriaren Babeserako Unitateak]. Beraz, Turkiak ezin du erabaki nork hartzen duen parte gerra honetan: berak eraso egiten badu, besteek beren burua defendatuko dute.

«Irakeko azken bataila» gisa aurkeztu dute Mosulgoa. Hura askatutakoan, EIrenak egin du Iraken?

Ez. Urrunetik kontrolatutako botere gerra baten XXI. mendeko tresna bat da EI, eta, horregatik, luze joko du gatazkak. Funtsean, bi estrategiaren arteko lehia da: alde batean, Rojavan hasitako demokratizazio prozesua dago; eta, bestean, urrutiko estatuen botere gerra. EI ez da talde bakarra; hor dago, esate baterako, Siriako Armada Askea (FSA). Jarabulusen (Siria) oso garbi ikusi genuen nola, Turkiaren aginduz, EIko militanteek uniformeak erantzi eta FSAkoak janzten zituzten. Marka aldatzen dute, baina ez armak. Eta baliteke bihar EI izena ez existitzea gehiago, baina hor jarraituko dute urruneko gerra egiteko tresna gisa eros daitezkeen taldeak. Horri gehitzen badiozu eskualdeak aldaketa bat eskatzen duela, gatazka handi baterako materiala daukazu.

Nola jokatzen du nazioarteko koalizioak gatazka horretan?

AEBek eta Errusiak, eta hemen jarduten duten gainerako indar handiek, ez daukate akordio estrategiko iraunkorrik; une batean elkarrekin jarduten dute, eta hurrengoan, elkarren aurka. Begira Alepo: lehenbizi, interesek talka egiten dute, eta gero bilatzen dituzte konpromisoak. Horrek geldotasuna dakar jokatzeko orduan. Turkiak badauka barneko gatazka horien berri, eta xantaia egiteko erabiltzen ditu. AEBentzat, esate baterako, oso garrantzitsua da orain Mosul askatzea: presidentetzarako hauteskundeak ditu datorren hilean, eta EIren indargune baten aurkako garaipenak nabarmen eragingo luke. Washingtonek nahiago du Turkia batailatik kanpo mantendu; baina Turkiak parte hartu nahi du; beraz, zer egiten dute AEBek? Turkia Sirian egiten ari den sarraskia isilik onartzen du, gutxienez ez dadin Irakeko bere batailan sartu.

Mosul hiri sunita da nagusiki, eta lehendik ere eszeptiko samarrak ziren hango herritarrak Bagdadeko gobernuarekin. Nori zabalduko diote atea «liberazioa» amaitzen denean?

Hori [Nuri] Al-Malikiren gobernu xiitaren oker politiko bat izan zen: agintera heldu zenean, mendeku hartu zuen Mosulgo suniten aurka, Saddam Husseinen gune nagusietako bat zelako. Oker horren ondorioz, izugarri puztu zen Mosulgo suniten chauvinismo arabiarra, eta 2014ko ekainean salbatzaile gisa hartu zuten EI. Bagdadek onartua du Al-Malikik hanka sartu zuela, eta mundu guztia jabetzen da proposamen politiko berri bat beharko dela Mosulerako. Irakeko Konstituzioak hainbat aukera ematen die halako eskualdeei nahiko modu autonomoan antolatzeko, Bagdadekiko lotura bat mantentzen duten bitartean. Beraz, Iraken eta Mosul inguruan bizi diren herrien arteko elkarrizketa bat beharko dugu, baina inolaz ere ezin dugu onartu kanpoko estatuek erabakitzea eskualde honen antolaketa politikoa. Bertakoei hitz egiten uzten badiete, topatuko dute irtenbide berezi bat Mosulentzat.

BERRIAn argitaratua (2016/10/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA