astekaria 2016/10/28
arrowItzuli

gizartea

Multinazionalak, Zubietara begira

Iñaki Petxarroman

Multinazionalak, Zubietara begira

Eroskeria, mesede tratuak, ustelkeria... Gurtel auzia eta Barcenasen paperak, Acuamed, Bartzelonako AHTaren obren Adifen eskandaluak, Punica, Jordi Pujol Ferrusolaren gorabeherak... Hainbat ustelkeria kasutan nahasita agertu dira Espainiako eraikuntza enpresa handiak azken urteotan. Besteak beste, kasu horietan nahasita daudenetako batzuk aurkeztu dira Zubietako errauste planta egiteko lehiaketara.

1. USTELKERIA AUZIETAKO

BEZERO

Zubietako (Gipuzkoa) errauste plantaren lizitaziora aurkeztu diren enpresa taldeen artean, enpresa nagusiak edo indartsuenak Espainiako eraikuntza konpainia erraldoiak dira: FCC, ACS-Urbaser —Txinako multinazional batek erosi berria—, Acciona eta Sacyr. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) ostiralera arte ez du jakinaraziko zer enpresa aurkeztu diren, baina Noticias de Gipuzkoa-k ezagutarazi ditu.

Enpresa horiek urrezko urteak izan zituzten eraikuntza sektorearen puxika lehertu zen arte. Gero, beste sektoreetara zabaltzen hasi ziren, eta hor hondakinen kudeaketarekin lotutako proiektuak garatzen hasi ziren, besteak beste. Oro har, Gipuzkoako lehiaketara aurkeztu diren enpresa multinazional horiek garai zailean daude; besteak beste, Espainiako iritzi publikoa aztoratzen ari diren hainbat ustelkeria eskandalutan nahasita agertu direlako: Gurtel auzia, Aquamed, Punica, Jordi Pujol Ferrusolaren sarea...

Bat aipatzen hasita, FCCrekin has liteke, hainbat ustelkeria eskandaluk setiatu baitute azken urteotan. Esther Koplowitz eta Carlos Slim magnate mexikarraren enpresa erraldoi horri eskaini zion GHK-k aurreko errauste planta egiteko eta kudeatzeko ardura duela bi agintaldi, beste hainbat enpresa txikiagorekin batera —Altuna y Uria, Murias, AE&E Innova eta Serbitzu—. Orain, Obegisa, Sarralle eta Veoliarekin batera aurkeztu da lehiaketara.

Ustelkeria kasuek enpresa horretan nola eragin duten azaltzeko, datu bat: enpresako bi lehendakarik utzi behar izan dute kargua azken hiru urteotan. Jose Mayor Orejak —Jaime Mayor Oreja PPko buruzagi historikoaren anaia— kargua utzi zuen 2013ko martxoan, Barcenasen paperetan agertu zelako PPren B kutxari dirua eman izanaren arduradun gisa. Besteak beste, 165.000 euro eman izana leporatu diote. Miguel Jurado FCCko azken presidentea ere Poliziak atxilotu zuen urtarrilean, Acuamed auziarekin lotuta. Auzi horretan ikertzen ari dira hainbat enpresak ustez sortu zuten sare bat, obra hidraulikoak egiteko ardura jasotzeko Acuamed elkarte publikoren eskutik. Sare horrekin lotuta agertu da Acciona ere, orain Zubietako lehiaketara aurkeztu den beste enpresa handietako bat.

FCC ere ikertzen ari dira, Jordi Pujol Ferrusolak —Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiaren semea— ustez sortutako ustelkeria sarean lotuta. FCCri egotzi diote Pujol Ferrusolari 710.000 euro ordaindu izana 2006 eta 2009 bitartean. Besteak beste, Kataluniako hainbat erraustegiren proiektuetan FCCk eta Pujol Ferrusolak eta haren sareak —CiUko goi kargudunak eta alkateak nahasita daude— eskuz esku jokatu ote zuten ikertzen ari dira epaileak. FCCk kudeatzen du Bizkaiko Zabalgarbi erraustegia, eta Euskal Herriko AHTaren hainbat obratan esku hartu du. Horri dagokionez, Guardia Zibila ikertzen ari da ea FCCk hainbat arduradun politiko erosi ote zituen Galizia eta Kataluniako tren lasterretako proiektuetako lanak jasotzeko. Besteak beste, Adifeko goi kargudunei bidaiak eta hotelak oparitu zizkietela uste du Guardia Zibilak: esate baterako, AEBetako zenbait eski estaziotara eginikoak. Eskandalu horiekin lotuta, Sacyr eta Acciona ere ikertzen ari dira.

2. TXINAKO URBASER

Zubietako errauste planta egiteko lehiatuko da Urbaser ere. ACS eraikuntza enpresa erraldoiak saldu berri dio konpainia hori Ying Zhan Investment multinazional txinatarrari. Ipar Euskal Herriko Canopiako hondakin zentroa ari da kudeatzen, eta Espainiako eta Herrialde Katalanetako hainbat erraustegi. Besteak beste, Valdemingomezko errauste plantaren arduraduna da Urbaser. Planta horren aurka kereila kriminala ezarria daukate 36 herritarrek, azpiegitura horrek minbizia eragin diela egotzita.

Urbaser zen ACSren hondakinetako adarra, baina Florentino Perez eraikuntzako enpresa erraldoiaren jabeak berriki saldu du zorra gutxitzeko, 1.164 eta 1.399 milioi euro artean. Espainiako Merkatuen Lehiarako Batzordeak isun gogorra jarri die Urbaserri eta beste hainbat enpresari, bezeroak, lizitazioak eta informazioak elkarrekin banatu zituztela egotzita. Isun handiena Urbaserri jarri diote: 23 milioi.

ACS ikertzen ari dira, adibidez, PPren ustelkeria kasu batzuekin lotura zuzena duelakoan, besteak beste, Gurtel eta Punica auzietan. ACSko presidente Perezek izkin egin die hainbat ustelkeria kasuri, baina haren inguruko goi kargudun batzuek ez dute horrenbesteko zorterik izan. Besteak beste, Castor gas plataforma (Castello, Herrialde Katalanak) faila aktibo baten gainean eraikitzeko baimenarekin lotura duelakoan ari dira ikertzen ACS. Hain zuzen ere, oker larri horren ondorioz, mila lurrikara izan dira jadanik inguruotan, eta 4.000 milioi euro beharko dira konpontzeko.

Zubietako erraustegiaren aurreko lehiaketan ere aritu ziren Urbaser eta FCC, eta FCCri «mesede tratua» ematea egotzi zion Florentino Perezen enpresak Gipuzkoako Diputazioari. Salaketa egin arren, berehala utzi zuen bertan behera.

Zubietako lehiaketara aurkeztu diren beste bi taldeetako enpresa indartsuak ere, Sacyr eta Acciona, ustelkeria kasu ezagunekin lotuta agertu dira azkenaldi honetan. Esate baterako, Sacyrko presidente ohi Luis del Rivero ikertu zuten Luis Barcenas PPko diruzainari 480.000 euro eman izana egotzita. Kasua artxibatu egin zuten epaileek, delitua preskribatuta zegoela argudiatuta.

Acciona ere ez da eskandaluetatik salbu. Berriki, enpresako Azpiegitura arloko zuzendari nagusia, Justo Vicente Pelegrini, atxilotu egin zuten, Acuamed auziarekin lotuta. Aragoiko hainbat ustelkeria kasu ezagunetan ere nahasi dituzte konpainiaren bi goi kargudun, Plaza auzian esate baterako, eroskeria eta kontratu publikoak modu irregularrean eskuratzea egotzita.

3. BERTAKO 'IA BETIKOAK'...

Halakoetan izaten den bezala, Espainiako multinazionalekin batera Gipuzkoako eta Euskal Herriko hainbat enpresa ere aurkeztu dira lehiaketara. Atentzioa ematen du, esate baterako, oraingo honetan Altuna y Uria eta Murias —erraustegia egiteko aurreko kontratua egiteko ardura jaso zuten, FCCrekin eskuz esku— Urbaserrekin batera aurkeztea. Haiekin elkarlanean, Moyua eraikuntza enpresa ere aurkeztu da, eta GHKren enkargua jasotzeko ezin hobeto kokatutako talde bat dela aurreikus daiteke. Altuna y Uria, Murias eta Moyua Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri lan handien ohiko bezeroak dira. Besteak beste, hirurak aritu dira AHTaren lanetan. Horietan ez ezik, Eibar-Gasteiz, Donostiako bigarren saihesbidean eta Bilboko hegoaldeko saihesbidean eta beste hainbat errepide eraikuntzatan ere aritu dira.

Sacyr eta Accionarekin batera, Balzola eta Campezo aurkeztu dira, baina pentsa daiteke bi talde horiek ez direla egongo lehiaren azken muturrean, FCC eta Urbaserren taldeen artean espero bailiteke lehiarik estuena.

4. ... ETA VEOLIA

Eta FCCren taldeari dagokionez, azpimarratzekoa da Europako eraikuntza enpresa indartsuenetako batekin aurkeztea erabaki duela: Veolia frantziarrarekin. Hondakinak errausteko teknologia herrialdean garatzeaz gain, azken urteotan hango eta hemengo plantak erosten aritu da, eta Europako enpresa indartsuenetako bat bihurtu da sektore horretan. Guztira, 65 erraustegi kudeatzen ditu Europa osoan, gehienak Frantzian.

BERRIAn argitaratua (2016/10/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA