astekaria 2016/10/28
arrowItzuli

gizartea

LOURDES OñEDERRA

«Batua euskalkietan kantatzen ikasi beharko genuke»

G. Goikoetxea

«Batua euskalkietan kantatzen ikasi beharko genuke»

Fonologian aditua, 2007tik euskaltzain osoa da Lourdes Oñederra (Donostia, 1958). Akademiako Ahoskera Batzordeko burua da gaur egun. Txosten bat aurkeztu zuen iaz batzorde horrek: Ahoskerak axola du. Besteak beste, hizpide dute euskara batuaren eta euskalkien arteko harremana.

Kezkaren bat dagoelako egin du txostena ahoskera batzordeak?

Bai. Izan zen Ahoskera Batzorde bat lehen, eta hura geratu zen Donezteben aurkeztutako arauekin, EBAZ Euskara Batuaren Ahoskera Zainduarekin. Gerora, euskaltzain oso egin ninduten. Kostatu zen, baina talde bat abian jarri zen, eta Ahoskera Batzordea osatu. Irakaskuntzatik-eta galderak egiten zizkiguten. 1998ko hura asko gustatzen zitzaidan, irakaskuntzarekin-eta aritu ginelako. Komunikazioa da gure kezka nagusia: araua bezain inportantea izan daiteke araua nola kaleratzen den, areago ahoskera kontuetan.

1998ko arauak zer bide eduki du? Ez zen ondo komunikatu?

Gauzak ondo joan ziren taldean. Pena izan zen Euskaltzaindiak jardunaldi batzuetan plazaratu zituela; gero maila partikularrean eman genituen hitzaldi batzuk. Hori gelditu egin zen. 1998koa oso inportantea izan zen, arau asko ez dadin egon. Hizkuntza bat estandartzea eta batzea zaila da; ahozkoan, askoz gehiago. Ez da komeni arau zerrenda luzatzea; are gutxiago, azterketa pasatzeko arau pila bat izango badira. Gure beldurra da askorentzat ez ote den hori. Oso erraza da hizkuntza ulertzea azterketarako zerbait bezala, eta hizkuntzaren zuzentasuna horrela bakarrik bideratzea.

Bi mutur zeuden Euskaltzaindian. Alde batean, bazen talde bat edo zaindari mota bat, nahi zuena euskara ahozkoa batu, idatzia bezala, gauetik goizera, goitik behera, posible balitz bezala bihar denok esnatzea berdin ahoskatuz. Beste aldean zeuden —eta daude— pentsatzen dutenak ahoskerarekin ez dagoela zer eginik. Horien artean, gauza nahiko unibertsal bat: garrantzirik ez ematea ahoskerari.

Bi joera horiek badira orain ere?

Bai. Gizartean ere badaude. Ondo iruditzen zait arauaren aurrean gutxieneko eszeptizismo bat egotea. Baina hizkuntza gutxitu eta zatitu batean, bi hizkuntza handiren menpe dagoen hizkuntza batean, kezkatu egiten nau pixka bat. Ondo iruditzen zait, eta ahoskeran ez doa inora arauaren menpekotasun itsua. Baina esatea ez duela garrantzirik edo erredikulua dela filologia g-rekin ahoskatzea...

Oso inportantea da —eta euskararen kasuan hori egiteko daukagu— hizkera mailak bereiztea. Batuarekin igual ez da egin didaktika nahikoa, eta ahozkoan nahitaezkoa da: batua noizko eta zertarako, euskalkia noizko eta zertarako. Lehengo bi muturrak gertatzen dira: batzuentzat, batua da euskara on bakarra —zenbat aitona-amonari konplexua eragin diegun horrekin!—, eta beste batzuek —eta orain indarra hartzen ari da olatua—, euskalkia edozein lekutan eta hizkera mailatan. Pentsatu beharko genuke zertarako nahi dugun euskara: hizkuntza normala izatea nahi badugu, neurri batzuk hartu beharko dira.

Ahoskeraren estandartzeak nola eragingo lieke euskalkiei?

Nola egiten den estandartzea. Estandarra beti da gauza abstraktu bat, artifizialtasuna duena; garbi dago inork ez duela modalitate bakar bat ahoskatuko %100ean. Onartuta ahoskera estandarrak ez direla denak igual-igualak izango, kontua da nork erabili behar lukeen eta noiz. Baina erabili beharko luketenek ez dute erabiltzen. Politikariek erabili beharko lukete diskurtsoak ematean, edo hitzaldietan. Kuriosoa da: takoiak edo gorbata askoz errazago jartzen ditugu, hizkera zaintzea baino.

Euskalkiek, dudarik gabe, beren lekua dute; ez dago estandar bizirik euskalkiak edo hizkerak ez baditu inguruan. Euskalkiek non dute lekua? Sukaldeetan, tabernetan, etxeetan, kaleetan. Euskalki horiek, gradualki eta beharren arabera, estandar horretara hurbildu behar dute. Ez da erraza, baina lortu behar dugu buruan sartzea euskara batua hitz egin daitekeela kolore desberdinekin, euskalkietako koloreekin. Baina batuan hitz egitean, ahoskera artifizial hori jartzen diogu, euskaldun berriena, eta denok horrela hitz egiten dugu. Hori da beste kezka bat: ahoskera bere horretan utzita, Iparraldean frantsesten ari da, eta Hegoaldean, gaztelaniatzen. Zergatik ez jantzi batua euskalki desberdinen ahoskerekin?

Txostenean ohartarazi duzue euskara batua ez dela jarri behar euskalkien gainetik.

Lehengo bi muturrekin lotzen dut: araua identifikatzen dutenak hizkuntzaren errealitate onenarekin, eta arauarekin erabateko eszeptizismoan mugitzen direnak. Estandar bizi bat izango da hizkeren estandar bat; jakina, estandarrak neurri batean leundu egiten ditu euskalkien arteko desberdintasunak. Baina hizkuntzaren biziraupenagatik ordaindu beharrekoa da hori. Ondo dago, gainera, xehetasun txiki batzuk galtzea, segun zer hizkera mailatan. Hizkuntzak hitz egiten diren bitartean, xehetasun batzuk galduko dira, eta beste batzuk sortuko. Arazoa da arauak hizkuntza itotzea.

Gainera, ahoskera babestu beharra daukagu beste hizkuntzen menpetik; horrek jartzen gaitu estandarraren alde. Gorbata eta takoiekin albistegi bat aurkeztu behar duenak ez du berdin aritu behar lagunekin kafea hartzean: mailak daude. Bestetik, euskaldun berriak: zer euskara ematen diegu? Idatzia, eta ahoska dezatela ahal duten bezala. Eta pasatuko dugu bizitza osoa esaten: «Ah! Euskaldun berriaren zera dauka». Ahoskeraren estandarra euskalkiekin lotzearen onuradun garbienak euskaldun berriak lirateke. Zailtasuna: nola ikasi eta irakatsi. Seguru asko, ez aditzak eta izenak bezala. Horregatik nahi dugu antzerkiko jendearekin-eta lan egin.

Estandarra esatean, bakarra duzue buruan, edo gehiago ere bai?

Bai. 1998ko arauan estandar bat da: Euskara Batuaren Ahoskera Zaindua. Bat. Baina ikusten genuen ezin dela monolitikoa izan. Arau batzuk aholku bezala eman ziren, bikoitzak edo aniztunak ziren. Onartzen ziren mi-la eta mi-lla, baita j gogorra ere oso errotuta dauden maileguetarako. Ahoskeraz pixka bat dakien inork ezin du ahoskera bakar bat proposatu.

Euskalkietan ere sartu behar dira ahoskera arauak?

Ez. Baina euskalkiak behar ditugu, euskara batu zaindu horri bizitza emateko. Euskalkiak aztertu egiten ditugu, eta, haien ezagutzatik eta errespetutik, adibidez, ez zaie h ahoskarazten ez daukatenei. Ahalik eta batasunik handiena bilatu, modu errealistan jokatuta. Kontua da erabilera aldetik ez dagoela batuarentzat espazio bat eta euskalkientzat beste bat; etxetik mikrofono aurrekora mailak daude. Euskalkiak nahi ditugu gutxienez prosodian, intonazioan eta azentuan; bestela, denok berdin ari gara hitz egiten. Ikasi egin beharko dugu. Ez genituzke aparte eduki behar: batetik, euskalki puruak eta jatorrak —gero eta taberna zulokoago, aberatsago—, eta, bestetik, batua, telebistarako eta irakaskuntzarako.

Distantzia hartze bat nabari duzu euskara batuarekiko?

Nahaste handi bat dago. Euskaltzaindiak ere badu zulotxo bat: hitzaurreetan geratzen dira gauzak. Beharbada, ez da ondo ulertu edo ulerrarazi batua noizko eta zertarako. Olatu batek bestea ekartzen du. Garai batean, ematen zuen ondo egoteko batua izan behar zuela: gehiegi erabili da batua, eta hizkerak ez dituen hizkuntza bat ez dago bizirik, berezko nortasunaren muineko ezaugarria baitira. Eta orain ez ote datorren beste olatua... Eskolan lan baten aurkezpena egin behar, eta zergatik batuan?

Euskara, salbatu nahi horretan, geureegi egiten dugu. Nahi badugu hizkuntza normala izatea, behar ditu hiztunak eta eremuak, baina linguistikoki ere behar ditu baliabideak: beti berdin hitz egin nahi badugu, hizkuntza monoestilistiko bat izango dugu, eta horrek pobretu egiten du. Txarra da batua soilik aintzat ematea —faena izugarria egin diegu euskaldun berriei—. Eta batua denetarako bezain txarra da euskalkia denetarako: euskalkia, gainera, bakoitzak berea du.

Ziurregitzat ematen dugu euskararen berreskuratzea. Kontuz ibili beharko genuke. Europako hizkuntza gutxituetan sendoenetakoa da eta aurrera doa probintzia batzuetan, baina linguistikoki sendo al dago? Edo aski gazteleratua eta frantsestua, eta aski kolokan bere baliabideak? Kontua izan beharko luke euskalkiak eta batua: lotuta. Nola? Hizkera mailetan. Batua gordez maila formalagoetarako, eta euskalkiak etxekoagoetarako. Ez du esan nahi euskalkiek etxeko zokoan egon behar dutenik; haiek emango diote intonazioa eta kolorea batuari.

Artifizial akusazioak hor daude.

Estandarrak artifiziala izan behar du. Ondo dago: horrek lotzen du estandarra hizkera maila batzuekin. Euskaran ohituta gaude oso espazio txikietara: lehengusu ez garenak, lehengusu txikiak. Horrek izan du eragina euskaran: gordetzeko bai, baina, beharbada, zabaltzeko enbarazu egiten du. Hitzaldi bat eman nahi baduzu, etxean arrotz den maila izango da, beste hizkuntzetan bezala. Zergatik ukatzen diogu euskarari artifizialtasuna? Euskarak artifizialtasuna behar du, artifizialtasuna egoki den hizkera eta erabileretan.

Gaztelaniak eta frantsesak daukaten eragina aipatu duzu. Azentua erdalduntzen ari da?

Euskaraz azentua oso gauza zaila da: hizkeren artean desberdintasunak daude, euskalki askotan zaila da hitzaren azentua kokatzen, esaldi azentua dagoelako... Azentua ikasi behar da euskara kantatzen, eta hori ikasten da euskalkiak kantatzen. Hemendik aurrerako bidean, batua euskalkietan kantatzen ikasi beharko genuke. Hortik ikusten dugu euskalkiak batuarekin lotzeko bidea.

Ez azentu edo doinu bat.

Ez, dudarik gabe. Eta zein jarriko genuke, gainera? Berez egiten ari da batuaren doinua dena: Iparraldean bat eta Hegoaldean bestea. Oso inportantea da nola ikasten eta irakasten dugun. Mundu akademikoak ez dio ahoskerari garrantzi handirik ematen. Oraindik garaiz gabiltza, baina jendea inplikatzea behar da. Estandarraren eta euskalkien arteko bikoiztasun hori hautsi behar da. Ahoskeraren bidez egin daiteke hori.

BERRIAn argitaratua (2016/10/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA