astekaria 2016/10/28
arrowItzuli

politika

'Bake garaian' ere, militarizatuena

Hodei Iruretagoiena

'Bake garaian' ere, militarizatuena

Hego Euskal Herriko herri batzuetan «patologia sozial» bat dago, Guardia Zibilaren aurkako «gorrotoa». Eta «bataila poliziala» irabazi ondoren, «kontakizunaren batailarekin» garaitu behar da gaitz hori. «Aurka egin beharreko errealitate bat dago». Jorge Fernandez Diazek halaxe azaldu du Altsasun (Nafarroa) herritar batzuek eta bi guardia zibilek eta haien bikotekideek taberna batean izandako liskarra. Altsasuko Ospa mugimendukoek gezurtatu egin dute bertsio ofiziala, eta salatu dute eguneroko ogia dela polizien jazarpena. «Time for peace, time to go», zioten Ipar Irlandan (bake garaia, joateko garaia), baina, itxura batean egoera politikoak besterik iradoki badezake ere, Euskal Herrian ez da halakorik gertatu. Zipreren atzetik, Europako Batasuneko herrialderik militarizatuena da oraindik ere Euskal Herria, ETAk jardun armatuaren behin betiko amaiera iragarri eta bost urtera.

2009an, 6.420 Espainiako polizia eta guardia zibil zeuden Hego Euskal Herrian. Urte hartan egin zituen ETAk bere azken hilketak —bi guardia zibil hil zituen; 2010ean jendarme bat hil zuen, «gogoz kontrako liskar batean»—, eta, ofizialki, urte hartan hasi zen ezker abertzalea estrategiari buruzko eztabaidarekin. Mende erdiko jardunaren ondoren, ETAren 2011ko erabakiak aldaketa nabarmena ekarri du alde batera; polizia kopuruak, ordea, apenas egin duen behera.

Espainiako Ogasun eta Administrazio Ministerioaren arabera, Hegoaldean 6.032 guardia zibil eta Espainiako polizia zeuden 2015ean, 2009an baino 388 gutxiago. Horiei ertzainak eta foruzainak batuz gero, 14.716 polizia daude, guztira, Hegoaldean. Iparraldean, 2.200 jendarme eta polizia daude —2006koa da datua—.

EBko estatuetako bikoitza

Euskal Herri osoa aintzat hartuta, beraz, polizia bat dago 184 biztanleko. Deigarria da datua EBko gainerako herrialdeekin alderatuta: batez beste, Zipren bakarrik daude Euskal Herrian baino polizia gehiago —polizia bat 158 biztanleko—. Turkian, esaterako, 189 biztanleko dago polizia bat; Espainiako Estatu osoan, 316 biztanleko. Oro har, batez beste, EBko estatuetan dauden polizien bikoitza dago Euskal Herrian. EBren irizpidea urrun geratzen da errealitate horretatik: 500 pertsonako polizia bat egotea gomendatzen du.

Espainiako Estatuak Hego Euskal Herrira bideratuak dituen administrazio publikoko langileetatik, %38,6 poliziak dira —guardia zibilak eta Espainiako poliziak—. Espainiako Estatuko lurralde osoko batez bestekoarekin alderatuta, nabarmena da berezitasuna; estatuan administrazio publikoko langileen %26,8 bideratzen ditu Madrilek polizia lanera, Hegoaldean baino %11,8 gutxiago. Kontuan hartu behar da Espainiako Estatuko erkidego gehienetan ez bezala, polizia propioa dutela EAEk eta Nafarroak.

Hala, batez beste, nabarmen altuagoa da Euskal Herrian dagoen polizia kopurua. Gogoan izatekoa da, gainera, datu horietan ez direla zenbatzen ez udaltzainak, ez Espainiako eta Frantziako armadetako militarrak, ez bizkartzainak, ez zerbitzu sekretuetako kideak. Hegoaldean, esaterako, 2.185 militar espainiar zeuden iaz; gehienak, Nafarroan (704).

Azken urteetako datuen bilakaerari erreparatzea argigarria da. 2009tik —oraindik ETAren jardun armatua indarrean zen— gaur arte Espainiako polizien eta guardia zibilen kopuruak zerbait behera egin badu ere —388 gutxiago daude orain—, tartean izan zen igoera nabarmen bat. 2010. eta 2011. urteetan, Barne Ministerioak 289 polizia gehiago bidali zituen Hegoaldera. Urte horietan egin zen Zutik Euskal Herria ebazpena ekarri zuen eztabaida, eta sarekada ugari izan ziren ezker abertzaleko erakundeen aurka.

Azken bost urteetan ikusi dira eztabaida haren ondorioak. ETAren indarkeriaren amaierak ezbaian jarri zuen Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren zeregina, nahiz eta ez den eztabaida sakonik egon gaiari buruz. Izan ere, batik bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, «terrorismoari» lotutakoa izan da haien zeregin nagusia —Ertzaintzak ere badu eskumen hori—. Nafarroan ere hala izan da, nahiz eta beste eskumen batzuk ere badituzten han.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eskatu zuen 2012ko urtarrilean «Euskaditik kanpoko polizien presentzia amaitzeko», eta 2013an Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ere esan zuen «errealitate berrian» ez duela «inongo justifikaziorik» guardia zibil eta polizia espainiarren presentziari bere horretan eusteak. Horretan geratu da auzia, ordea.

Funtsean polizia espainiarren presentzia gutxi aldatu bada, gauza bera esan liteke gatazka armatuaren garaian ad hoc egindako legeez. Askatasunak murriztera jo zuten, eta gero ez dute moldatu legedi hori. Frantzian izandako erasoen harira, joera bera nabari da orain Iparraldean ere, salbuespen egoera luzearen ondorioz. Arrisku hori dute ustez salbuespen gisa hartutako neurriek: normalizatu egin daitezkeela.

BERRIAn argitaratua (2016/10/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA