astekaria 2016/10/21
arrowItzuli

gizartea

Etengabe hazten eta zabaltzen

Mikel Rodriguez

Etengabe hazten eta zabaltzen

Euskarazko hedabideen sektorea etengabe handitu eta zabaldu da azken urteotan, eta, finantzaketa arazoak eta krisia oraindik ere bizirik irauteko erronka badira ere anitzetan, berrikuntzan egindako ahaleginak eta herri-ekimen izaerak etorkizun baikorra erakusten dute. Ondorio nagusi hori atera du Behategia euskal hedabideen behatokiak euskarazko hedabideen inguruan egin duen ikerketan. «Euskaldunok euskaraz informatuak izateko daukagun eskubidearen bermea betetzen dute. Horregatik, inportanteak dira, eta berme horrek berdina izan behar du lurraldeka eta eskualdeka», adierazi dio BERRIAri Libe Mimenza Behategiko koordinatzaileak.

Euskarazko hedabideen inguruan orain arte egin den ikerketarik zabalena eta zehatzena egin du Behategiak. Hekimen elkarteak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak elkarlanean sortu dute Behategia. Datuak eskuragarri paratu ditu http://datutegia.behategia.eus helbidean.

Denera, Behategiak euskarazko 216 hedabide zenbatu ditu Euskal Herri osoan, eta horietako 132 dira Hekimeneko partaide (%61). Gehienek papereko euskarria dute, eta hedadura, berriz, tokikoa —eskualdekoa edo udalerrikoa—. Sektoreak lurralde guztietan hobetu du egoera, baina ezberdintasun nabarmenak ageri dira, hala ere. Ezberdintasun horiek interpretatzeko, kontuan hartu behar dira bai hiztun kopurua eta bai euskarazko hedabideak sortzeko eta jarraitzeko tradizioa. «Faktore nagusiak dira. Soziolinguistika datuetan ikusten diren ezagutza eta erabilera mailak eragina du, eta, nolabait esateko, horren parekoa da hedabideen zabalpena», Mimenza Behategiko koordinatzaileak azaldu duenez.

Horregatik, herrialdeka, euskarazko hedabideak Gipuzkoan daude zabalduen: paperezko tokiko hedabideak ia udalerri guztietara ailegatzen dira. Hekimenen dauden 132 hedabideetatik %58k presentzia dute Gipuzkoan. Tokiko hedabideei dagokienez, hutsune handiena Nafarroa Garaiak du, bai geografikoki, bai biztanle aldetik, zati gehienean ez baitu halakorik. Hala ere, Behategiak interpretazio baikorra egin du herrialde horrekin. «Iparraldean, zabalpena nahiko orekatua da, eta azken urtean berri pozgarriak izan ditugu: Euskalerria Irratia eta Xaloa telebista komunikabide historikoen legeztatzea, telebista kontzesioen erabilera egokiagoa, ETB ikusi ahal izatea...», adierazi du Mimenzak. Zoritxarrez, ikerketaren emaitzak argitaratzearekin bat, Iruñerrian euskaraz emititzen duen NTB11 katea desagertzeko arrisku larrian dago, Nafar Telebistak emititzeari utzi baitio —Hamaika Telebistarekin batera sortu zuen NTB11—.

Euskarri digitala, hazten

Araban, Alea astekariaren bidez, herrialde osora hedatu da euskarazko tokiko informazioa paperezko euskarrian, eta Bizkaian euskaldunen erdiak bizi diren udalerriek dauzkate tokiko hedabideak paperean —Hekimeneko hedabideen %23 dira Bizkaikoak; herrialdeka, bigarren—. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Behategiak nabarmendu du sendo eusten diola euskarazko irratigintzari —Euskal Irratien Federazioan elkartuta daude hiru herrialdetako tokiko kateak—.

Papera da euskarri nagusia —hedabide guztien %41,7—, baina Internetek hazkunde nabaria izan du, eta %36,1ek dute euskarri digitala, uhin bidezko irratiari aisa gailenduta —%16,7 dira horiek—. Edukiari dagokionez, tokiko hedabideak nagusi dira erabat, hirutik bi hala baitira. Hedabide tematikoak, berriz, %22,7 dira. 216 hedabideetatik 16k jorratzen dute informazioa nazionalki, Euskal Herri osoarentzat (%7,4), eta telebista eta papereko egunkaria bakarrak dira oraindik ere: ETB1 eta BERRIA, hurrenez hurren. Badira zenbait hedabide tematiko hedadura nazionala daukatenak ere —Gaztea irratia, Elhuyar aldizkaria eta Interneteko atari batzuk, errate baterako—.

Zuzeneko 530 lanpostu

Euskarazko komunikabideen «arazoetako bat» finantzaketa da, Mimenzak azaldu duenez. «Eragina du prentsaren krisiak eta hizkuntza gutxitu bat izateak». 2014an, adibidez, hamar hedabidetatik zortzik galerekin itxi zuten urtea. Publizitate instituzionalaren diru sarrerak %10etik beheitikoak izan ziren urte horretan. Sektoreak EAEko Hizkuntza Politikorako Sailburuordetzatik jasotzen ditu diru laguntza publikoen %54, eta bertze %25, berriz, udaletatik.

Dena den, sektorearen autofinantzaketa %67,7koa da, eta, hedabide nazionalen kasuan, %70ekoa. Behategiak euskarazko hedabideen «balio soziala» nabarmendu du; bertzeak bertze, ekonomian duten presentziagatik. Hekimeneko 132 hedabideak ekoizten dituzten 57 elkarte edo enpresek zuzeneko 530 lanpostu sortzen dituzte, gehienek bortz langile baino gutxiagoko egituretan. Horrez gain, 600 inguru freelance-k kolaboratzen dute, eta Behategiak bertze datu bat azpimarratu du: mila boluntariotik goitik parte hartzen dute euskarazko hedabideetan, trukean ordainik jaso gabe. «Euskarazko hedabideak herri ekimenetik abiatzen dira, komunitate sentimendu batetik eta militantziatik, eta hori dute hauspo nagusia», Mimenzaren ustez.

BERRIAn argitaratua (2016/10/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA