astekaria 2016/10/21
arrowItzuli

bizigiro

RICARDO GUTIERREZ

«Kazetarien lana gero eta zailagoa da»

Urtzi Urkizu

«Kazetarien lana gero eta zailagoa da»

Hiru urte dira Europako Kazetarien Federazioak kontratatu zuela, eta Bruselako egoitzan lan egiten du Ricardo Gutierrezek (Lieja, Belgika, 1966); aurretik, Le Soir egunkarian kazetari lanetan aritu zen 23 urtez. Federazioak Europako 43 herrialdetako 71 sindikatu —tartean, ELA— eta elkarte ordezkatzen ditu: 320.000 kazetari.

Zeintzuk dira adierazpen askatasunaren eta pertsonen ohorearen arteko mugak?

Sare sozialetan diskriminazio mezuak oso zabalduak daude. Federazioan uste dugu kazetariok ardura bat dugula: ezin dugu diskriminazio mezuen erresonantzia kutxa izan. Zenbait gobernuk zentsura neurrien bidea hartu dute, baina gu horren aurka gaude erabat. Adierazpen askatasunaren alde lan egiten dugu elkarte askorekin. Europako giza eskubideen gorteak jartzen duen muga da —gurea ere bada— indarkeria ekintzetara bultzatzea. Muga hori defendatu behar dugu. Bestetik, kazetariek tentuz ibili behar dute arau etikoekin, bestela sinesgarritasuna galtzen dute.

Hedabideen autoarautzeaz asko hitz egiten da. Nola ulertzen duzu kontzeptu hori?

Kazetaritzaren autoarautzea ez dute soilik kazetariek egin behar. Gizarte zibilak ere parte hartu behar du horretan. Albisteen eta informazioaren jabeak ez dira kazetariak edo hedabideak, gizartea baizik. Uste dugu gizarte zibileko ordezkariek autoarautze organoetan egon behar dutela, eta haiek kazetaritzaren inguruko eztabaidetan aritzea ona dela.

Zentsura arazo handia al da gaur egun Europan?

Bai, sekulakoa. Batetik, hedabideen jabetzaren kontzentrazio indartsua dago. Europako ekialdean pribatizazio fenomenoa dago, eta oligarkek erosten dituzte hedabideak. Oligarka horiek loturak dituzte gobernuekin. Gobernuek publizitate instituzionala erabiltzen dute hedabide pribatuak estutzeko. Eta hedabideen ahultze ekonomikoaren eraginez, ez dira ausartzen gobernuak kritikatzera. Zeharkako zentsura da.

Autozentsura ere aztertzen duzue?

Europako Kontseiluaren 47 herrialdeetako erredakzioetan autozentsurak duen eraginaz ikerketa bat egiten ari dira, eta horretan parte hartzen ari gara. Ikusi nahi da zeintzuk diren auto- zentsuraren zergatiak. Apirilean argitaratuko da ikerketa, baina lehen ondorioak ikusi ditut, eta kezkagarriak dira: gaur egun, Europan, autozentsuraren aktore nagusiak botere publikoak dira.

Espainiako Gobernuak iaz mozal legea jarri zuen martxan. Zer iruditzen zaizu?

Legea Europako Kontseiluan salatu dugu. Europako Kontseiluaren plataforma ofizial bat dago, Internet bidezkoa, eta horretara alertak bidaltzen ditugu estatu batek edo enpresa pribatu batek prentsa askatasunaren aurka zerbait larria egiten duenean. Europako Kontseiluko idazkari nagusiak alerta bakoitza jasotzen duenean, 47 herrialdeen enbaxadoreei bidaltzen die informazioa, eta kontuak eskatzen dizkio estatu bakoitzari. Zoritxarrez, Europan mozal lege asko daude. Gobernu asko ari dira segurtasunari lehentasuna ematen, askatasunaren kaltetan. Gure ikuspuntutik, modu desorekatuan ari dira hori egiten. Orekarik ez dago. Oso zaila izango da gero askatasunak berreskuratzea.

Adierazpen askatasuna hobetzeko zer neurri hartu beharko lituzke Europak?

Segurtasunaren izenean hartzen diren neurriak gelditu behar dira, askatasunak jaten baitituzte. Baina ez dut hobekuntzarik ikusten. Toki guztietan ikusten dut kazetarien lana gero eta zailagoa dela.

Azkeneko urteetako beste arazo bat kazetariek pairatzen duten lan prekarizazioa da. Zer eragin du horrek?

Ogibidearen ahultzea dakar, eta sinesgarritasunari kalte egiten dio. Kaleratzez kaleratze, erredakzioetan gelditzen direnek ezin dute bete beren misioa bete. Kazetariaren xedea kontraboterea izatea baita. Botere guztiak ikertu behar ditu, interes publikoaren mesedetan. Baina kazetari gutxiago dago hedabideetan, lan gehiago egin behar dute, egoera prekarioagoan, eta kalitateak behera egin du. Hedabideen sinesgarritasuna txikiagotu izanarekin lotura du horrek. Hedabideen finantzaketa eredua irauli beharko litzateke. Eredu ekonomikoaren aldaketa aukera bat izan daiteke interes publikoaren defentsa itzul dadin.

BERRIAn argitaratua (2016/10/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA