astekaria 2016/10/21
arrowItzuli

gizartea

Gizon aurpegia dute nazioarteko sariek

I. Orzaiz Galarza - I. Maruri Bilbao - M. Asensio Lozano

Gizon aurpegia dute nazioarteko sariek

Oliver Hart, David Thouless, Bengt Holmstrom, Duncan Haldane, Michael Kosterlitz, Juan Manuel Santos, Yoshimori Oshumi, Jean-Pierre Sauvage, James Fraser Stoddart, Bernard L. Feringa eta Bob Dylan dira 2016ko Nobel sarien irabazleak. Hiru kimikari, hiru fisikari, bi ekonomialari, mediku bat, politikari bat eta musikari bat. Suediako Zientzien Errege Akademiak, Karolinska institutuak, Suediako Akademiak eta Norvegiako Nobel komiteak azaldu dutenez, «gizateriaren garapenerako ekarpen itzela» egin dute guztiek ala guztiek. Aurtengo hamaika irabazleek, baina, badute beste ezaugarri komun bat ere: gizonezkoak dira denak.

Aurtengo irabazleen zerrendaren izaera maskulinoa eta baztertzailea ez da salbuespena izan. Ezta hurrik ere. XX. mende hasieran Nobel sariak banatzen hasi zirenetik gaurdaino, 911 pertsonari eman diete domina, diploma eta sari ekonomiko oparoa —zortzi milioi koroa suediar, 874.000 euro inguru—, baina horietatik, 49 soilik izan dira andrazkoak. Sariak banatzen dituen Suediako Zientzien Errege Akademiako kideen generoak ere errealitate bertsua islatzen du lehen begi kolpean: gizonezkoak eta adinekoak dira epaimahaikide gehienak.

Kristalezko sabaiaz harago

Gauza jakina da zientzia, kultura eta ekonomia arloko agintari taldeak banatzen dituela Nobelak. Eliteek emandako sariak dira. Emakumeen aurkako diskriminazioa, ordea, ez da Nobeletara mugatzen. Egiazki, nazioarteko sari banaketa gehienetan gutxiesten dituzte andrazkoak, euren lorpen akademikoak ikusezin bihurtzeraino.

«Kristalezko sabai bat dela esatea gutxi esatea da, kasu honetan», adierazi du Emakunde institutuko zuzendari izandako Maria Silvestre soziologoak: «Sariketen auzian, egokiagoa litzateke harresi opakuez hitz egitea, horien atzean, emakumeak ikusezinak direlako, eta euren merituak nahiz ekarpen sozialak, politikoak, zientifikoak edo artistikoak ez direlako aintzat hartzen».

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle eta Matematikako doktore Marta Machok ongi ezagutzen ditu oztopo eta traba horiek. Haren irudiko, «bereziki negargarria» da zientzia esparruko sarien kasua. «Medikuntzaren alorrean badira sariak jaso dituzten emakumeak, baina, gehienetan, gizonezko beste ikerlari batekin batera saritzen dituzte. Fisikan eta Kimikan, berriz, oso andrazko gutxi daude».

Iritzi horrekin bat egiten du Pedro Miguel Etxenike Fisikako doktore, ikerlari eta DIPC zentroko presidenteak ere: «Oro har, desoreka nabarmena dagoela uste dut. Nire esparruan, Fisikan, bi emakumek soilik jaso dute Nobel saria historia osoan: Marie Curiek eta Maria Goeppert-Mayerrek. Horrek garbi islatzen du emakumeek sari hauetan izan duten presentzia urria».

Nobela jasotzeko merituak eginda ere, akademiaren onespena izan ez zuten andreen zerrenda ere egina du Etxenikek: «Jocelyn Bell, Rosalind Franklin, Lise Meitner eta Chien-Shiung Wu. Bakoitzak bere esparruan, baina lau emakume horiek alimaleko ekarpena egin zioten zientziari, eta ez zuten saririk irabazi. Dena den, horrekin ez dut esan nahi Nobel saria jaso zuten gizonek merezi ez zutenik. Errua ez da haiena, sariak banatzen dituen batzordearena baizik».

Silvestrek hainbat faktore aztertu ditu, fenomenoa azaltzeko: «Batetik, lanak sailkatu eta sariak eman behar dituztenen begietara, emakumeak ikusezinak dira; bestetik, emakumeei gutxitan aitortzen zaie autoritaterik; hirugarrenik, emakumeek eginiko ekarpenen gainean ezjakintasun handiagoa dago, ikusgarritasun txikiagoa dutelako; eta, azkenik, gizarte patriarkalaren botere egiturak gizonen eskuetan daude».

Izan ere, emakumeek esparru akademikoan aurkitzen dituzten zailtasunen isla besterik ez da sarietako bazterketa. Europako Batzordeak argitaratutako She Figures 2015 txostenean azaltzen denez, oreka ia erabatekoa da graduondoko ikasketak egiten dituzten emakumeen eta gizonen artean, eta, Europako herrialde gehienetan, doktoregoa egin dutenen %40 eta %60 artean emakumezkoak dira. Ikerketaren esparruan, ordea, ehunekoek nabarmen egiten dute behera: hala, Europako Batasunean argitaratzen diren lan zientifikoen %31 soilik dira emakumeek eginak.

«Zientzia oso arlo maskulinoa da, emakume zientzialariak asko izan arren», laburbildu du Machok. «EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, adibidez, emakume asko gara, baina zailagoa da guretzat gora egitea. Egin kontu zientzia oso lehiakorra dela. Zaila da gizonentzat eta emakumeentzat, bai; eta orain, are gehiago, finantzaketa lortzea lehen baino konplikatuagoa delako. Baina andrazkoentzat, are gehiago. Emakume askok bukatzen dituzte ikasketak, baita curriculum akademiko on batekin bukatu ere; baina zenbat eta gorago egin, orduan eta errazago desagertzen dira».

Ikasketak bukatu eta ikerketaren esparruan sartzea lortuta ere, egiturak oso zurrunak direla nabarmendu du EHUko irakasleak: «Ikerketa taldeen buruak, normalean, gizonezkoak izaten dira. Errazago dute lidergo hori eskuratzea. Taldeak, gainera, oso hierarkikoak dira, eta ikerketa batek emaitzak ematen dituenean, liderrak jasotzen du ospea. Kanpotik ikusita, jendeak uste du gizonen lanaren emaitza dela».

Baieztapen horrekin bat dator Maria Silvestre: «Auzitan jarri beharko genituzke zenbait kontzeptu eta definizio: bikaintasun akademikoa, merituak, eragina... Zeri ematen diogu balioa? Nork erabakitzen du hori? Definizio horiek ez baitira neutroak».

Oro har, erakunde akademikoak «gizartearen atzetik» doazela uste du Etxenikek, eta Frantziako Zientzien Akademia hartu du adibide gisa. «Frantziako akademiak ez zuen emakumezko kiderik onartu 1979. urtera arte. Marie Curieren sorterrian, emakume zientzialariek ez dute inongo onespenik jaso, duela gutxira arte. Bada Ipar Euskal Herrian atsotitz bat: Liberté, Égalité, Fraternité... Hiru horiek egia balite. Bada, zientzia erakunde batzuei buruz antzeko zerbait esan liteke».

Esparru akademikoan nahiz gizartean errotuta dagoen ikuspuntu matxista dago, hain zuzen, sarien desoreka nabarmenaren atzean. Horren ondorioak, ordea, sarien esparrua gainditzen du, emakumezko zientzialarien etorkizuna baldintzatzeraino. «Ezagutzaren edozein alorretan, andreek saririk edo onespenik ez jasotzea gauza larria da, horrek erreferenterik gabe uzten baititu beste emakume asko», azaldu du Silvestrek. «Hurrengo belaunaldietako neskatoek sinetsiko dute balioa eta prestigioa duen guztia maskulinoa dela, eta horrek mugatu egingo du euren burua etorkizuneko Nobel saridun gisa proiektatzeko ahalmena».

Pedro Miguel Etxenikek ere «oso garrantzitsu» deritzo emakumezko erreferenteak izateari. «Identifikaziorako ereduak behar ditugu, etorkizuneko emakume zientzialariak prestatzeko eta motibatzeko». Hala ere, gizartearen ikuspegia zabaldu ahala, andrazko zientzialariei zor zaien onespen akademikoa ere helduko dela uste du zientzialari nafarrak: «Denbora kontua dela uste dut».

Marta Machok, ordea, ezkorrago begiratzen dio etorkizunari: «Entzun izan dut apurka-apurka iritsiko dela emakumeen sasoia, baina oso zaila da aldatzea. Norbaitek uste badu, curriculum bera izan arren, gizon batek emakume batek baino gehiago balio duela, pertzepzio hori ez da egun batetik bestera aldatuko, ez baita arrazoiari lotutako uste bat».

BERRIAn argitaratua (2016/10/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA